En directo
Lasarte-Oria berreuskalduntzeko lanetan abiatu zuen Porrotxek bere pailazo ibilbidea; Takolorekin, Pirritxekin, gero Marimototsekin. Bide honetan hamaika auziren bidaide izan dira pailazoak eta euren egiteko moduaren erakusgarri ere izan da hori.
Maiz, konpromiso sozialak ordain ezkorra izan du; boikota jasan dute hainbat instituzio publikoen aldetik; Iruñeko eta Bilboko Udalenak dakartza gogora Joxe Mari Agirretxek ‘EZTENA’ podcastaren atal honetan. «Eraikiz erantzun» zaleak izan direla nabarmendu du, gogoratuz Iruñean Anaitasuna betetzea izan zela erreakzioa, Bilboren kasuan Barakaldoko BEC betetzea bitan.
Oztopoak ia-ia izateko modu bat ere zaildu dute, «euskaldunon izaera izokinekin alderatzen dugu; korrontearen aurka goaz saltoka, igerian, hegan... gelditu ezkero korronteak eramango gaitu eta korrontea oso indartsua da. Baina, saltoka, igerian, hegan... bizitze horrek enpatia sortzen dizu zu bezala ertzekoak direnekin, txikiekin, haien buruen jabe izan nahi dutenekin. Horregatik diogu gure hizkuntza, kultura eta nortasuna ez direla bakarrik komunikatzeko tresna bat, balioak transmititzeko modu bat ere badela. Oztopoek badute bere alde txarra, baina baita bere alde ona ere».