En directo

Eli Pagola

«Desagertuak zeuden hegazti habiagile espezie batzuk itzuli egin dira»

«Euskadiko hegazti habiagileen atlasa» argitaratu du Aranzadi Zientzia Elkarteak, Euskal Autonomia Erkidegoko hegazti ugaltzaileen lehen atlas modernoa. Juan Arizaga ornitologoa buru izan duen lanean 60 ornitologo aritu dira lanean, tartean, Itsas Enara Elkarteko Jon Mujika.

Audio_placeholder

«Desagertuak zeuden hegazti habiagile espezie batzuk itzuli egin dira»

Loading player...
Aranzadi elkarteak argitaratu berri duen hegazti ugaltzaileen lehen atlas modernoa.
Aranzadi elkarteak argitaratu berri duen hegazti ugaltzaileen lehen atlas modernoa. (IREKIA)

Nolakoa da da atlas bat osatzea?

Oso zientifikoa. Lan handia da protokolo zientifiko zehatz bat jarraituz EAEko eremu guztia segitzea eta, horregatik, beste elkarte txorizale batzuen laguntza eskatu zuen Aranzadik.

Juan Arizagaren esanetara aritu zarete, beraz.

Bai, bai. Gu, gehientsuenak, gara txorizale afizionatuak, horretara dedikatzen ez garenak, afiziozkoak. Protokoloa jarraitzeko behar zena zen hiru probintzietan mailakatzea 5x5 km2-ko azaleretan eta bertan kumatze garaian dauden hegaztien zerrenda egitea.

Hegazti ugaltzaileak hartu dituzue aintzat. Zergatik?

Hegazti ugaltzaileak lurraren edo eremuaren egoera ekologikoaren indikatzaileak dira. Ez da berdina pagadi bat edo harizti bat, edo eukaliptadi bat edo lawson cypress plantazio bat. Bidea hori da: jakin zer dagoen eta hobera edo okerrera doan ikusi.

Nola erregistratu dituzue hegaztiak?

Niri, adibidez, bi edo hiru koadrikula eman zizkidaten Gipuzkoa erdialdean. Orduan, egin behar nituen, egun jakin batzuetan, bisita batzuk eta ibilbide batzuk barruti horien barruan txoriak entzuten. Jakina, horretarako kantuak bereizi behar dira zeren txori guztiak ez dira ikusten, batzuk entzun besterik ez dira egiten. Horrela, ugal garaian, ateratzen da imagina bat eremu horretako hegazti umegileena.

Esan duzu aurreko atlasa duela 20 urte ingurukoa dela. Eguneratze premia zuen?

Bai, zeren, batetik, hegaztien ezagutza ugaritu egin da eta, bestetik, bilakaera bat izan da. Nik 60 urte beteak ditut eta honetan hasi nintzenean hegazti gehientsuenak tirokatu egiten ziren eta, gaur egun, babestuta daude. Babesteak ugaltzea dakar. Baina, hemen, debate bat dago: atlasean zenbateraino azaldu da lurraren hobekuntza edo hegaztien babestea? Honekin esan nahi dudana da egon daitekeela eremu bat oso egoera ekologiko onean baina hegazti guztiak tirokatzea. Orain, hegaztiak babestuta daude, delitua da hegazti askori tiroa botatzea, orduan, ugaritu egin dira. Horrek esan nahi du eremu horien balore ekologikoa hobetu dela? bada, ez derrigor.

Horren ondorioak ikusteko urteak pasa beharko dira.

Eta, gainera, oso leku antropizatua da. Kudeatu gabeko baso gutxi dago, harizti gutxi daude, pagadiak gehixeago… Pentsatu, Gipuzkoako zoruaren % 80 behar luke izan Quercus motakoa eta, gaur egun, inondik inora ez da horrela. Atlas honek ez du egoera ideal bat erakusten, erreal bat baizik.
Hala ere, badaude notizia onak. Joan deneko atlasean baino hegazti habiagile gehiago daude EAEn, lehen desagertuta zeuden espezie batzuk itzuli egin dira.
Beste ondorio nabarmen bat da basoko hegaztiak ugaritu egin direla, aldiz, eremu ireki eta nekazal eremuetakoak gutxitu.

Zergatirik antzeman duzue? edo susmorik baduzue?

Zergatia da basoa ugaritu eta zahartu egin dela. Basoa diodanean basoa diot, ez landaketa. Zeren landaketetan egoera oso da aldakorra, hazi eta bota, lehen pinudi bat zena orain zuhaitzik gabeko eremua da. Baso kudeaketa industriala dago eta horrek izaki bizidunen presentzia asko baldintzatzen du. Zorionez, Araban eta Nafarroan bertako baso gehiago dute. Beraz, ondorioetako bat da bertako basoa babestu eta ugaritu behar litzatekeela bioaniztasuna kontserbatzeko.
Eremu ireki eta agrikoletan, berriz, kezka dugu zerk gutxituarazi duen hegaztien presentzia. Garai batean larreak zimaur lehorrarekin ongarritzen ziren eta, egun, mangeratu egiten dira. Susmoa da hori dela intsektu, mikromamifero eta narrasti txiki asko larreetatik desagertzearen eragile eta, ondorioz, eremu irekietako hegaztien jaitsierarena.

Hegaztiez hitz egiteak beste gai batzuetara eraman gaitu. Ze informazio gehiago jaso dezakegu hegaztietatik?

Bat, adibidez, beroketa klimatikoa. Berotzearen ondorioz, hegazti batzuk desagertzen ari dira gurean. Esaterako, harkaitz zozo gorria mendiko hegazti bat da lehen arrunta zena Hernio, Izarraitz eta, zer esanik ez, Aralar eta Aizkorri bezalako eremuetan. Bada, gorantz igotzen ari da eta kostako mendietan, Hernio eta Izarraitzen, jada desagertutzat jo daiteke. Aldiz, eremu horietan orain ikusten ari gara harkaitz zozo urdina, leku eguzkitsu eta epeletakoa den hegazti mediterranear bat eta eremuak irabazten ari dena.
Bestetik, duela 30-40 urte okil beltz bikoterik ez zen Gipuzkoan eta, orain, hegazti ohikoa da. Edo miru gorria. Lehen negutiarra zen eta orain dezente bikote ditugu. Gertatzen ari diren aldaketak dira.
Aipatzekoa da, baita ere, politikariei ahoa betetzen zaiela natura babesteko egiten ari diren esfortzuekin-eta, eta adibide bat dugu ubarroi motoduna. Gipuzkoan desagertua zegoen tirokatua zelako eta duela 20 urte itzuli da eta kumatze koloniak daude San Antonen, Igeldon, Ulian, Jaizkibelen… Baina espezie mehatxatua da eta administrazioa derrigortua dago kontrol bat eramatera, jarraipen plan berezi bat izatera, baina, ez du ezer egiten, neurririk ez du hartzen. Argazkietan eta atlasetan txoriak oso politak agertzen dira, baina, gero, askok ez dute babes konkreturik.

Horien ezagutzak eta katalogazioak, agian lagunduko du.

Bai, baina urteak daramatzagu horretan.

Jaurlaritza Logoa