En directo
Udako oporren bueltan, errutinara saltoa apur bat xamurragoa egitera gatoz Bidaiari saioaren bigarren denboraldiarekin. Uzta oparoa jaso genuen joan den ikasturtean eta, bidaiak aurrera jarraitzen duenez, ekainera bitartean, bi astez behin, ahots berriekin egingo dugu topo, etxetik gertuko altxorretatik hasita, urrutiko helmugak ezagutzeko.
Bilbotik hasi dugu abentura Naiz Bidaiarin, lehen gonbidatuak ere horrela egin zuelako bere bizitzako bidaiarik luzeenean. Motorra piztu eta errepidearen gainean bizi izan zen hiru urtez Koldo Burgoa. «Che Guevarak, Latinoamerikan, motor gainean egindako antzeko zerbait egin nahi nuen, baina hori baino lehen, nire ikasleek zituzten errealitateak ezagutu nahi nituen». Hantxe abiatu zen, hortaz, Gosia Moskala bikotekide ohiarekin batera, Afrika, Asia eta Hego Amerika ezagutzeko asmoz.
Aldez aurretik antolatutakoak, ordea, ez dira beti nahi bezala betetzen. Hego Afrika begiz jota —eta Togon nork bere bideari ekin ondoren—, Kongon murgildu zen Burgoa. Bada, asfaltatu gabeko errepide batean, klabikula hautsi zuen, erorketa baten ondorioz: «Frustrazio handia sentitu nuen, modu batera edo bestera, nire proiektua bertan behera geratuko zela sumatzen nuen eta». Hori horrela, sei bat hilabetez Bilbora itzuli behar izan zen ebakuntza eta errehabilitazioa egitera. Bidaia bukatutzat eman zuten ingurukoek, ez, ordea, Burgoak. Alta hartu orduko, Kongora bidaia-txartela erosi zuen. Haren hitzetan, liberazioa sentitu zuen berriro ere motor gainean igotzean.
Bidaia hasi zuenetik, urte eta erdi igaro zen, jada, Hego Afrikara iritsi zenean. Denbora gainera etorrita, Asia beste uneren baterako utzi eta Hego Ameriketara jo zuen motor-gidariak. Brasil, hiru Guyanak, Amazonasen-zeharkaldia, Bolivia, Txile, Paraguay, Argentina… Elkarrizketatuaren adierazpenez, «uste dena baino joera handiagoa» omen dauka jendeak motor gainean bidaiatzeko: «Motorzaleen babes-sarea daukate Hego Amerikan. Oso sistema erraza zen, motorzaleek beren etxean hartzen zintuzten».
Zein baino zein bereziagoa izan zen amaiera. Batetik, egun emazte duen Melody Arellano ezagutu zuelako Perun. Eta, bestetik, «bidaia borobiltzeko» Kolonbian, motorra zozkatu zuelako: «Bidaia bukatzean oparitu egun nuen motorra , beste pertsona batek bere ametsak bete zitzan». Itzuli eta bi egunera, irakasle-lanari ekin zion berriro ere eta, egun, horretan dihardu. Bi ez, hiru kide dira familian, gainera, Uxue alaba ere batu baitzaie abenturara. Motorra atzean utzi eta furgonetaz bidaiatu nahi dute hirurek. Zein izango ote da beren hurrengo geldialdia?