En directo
Melenas - Tu y yo
«Diskoa kaleratu berritan da talde nafarra. Aurreko ostiralean, irailaren 29an, hirugarren diskoa atera dute eta garapena argia izan da. Hasiberriak zirela atera zuten lehen diskoa, ia instrumenturik jotzen ere ez zekitela, nahiz eta oso pozik egin zuten guztia. Mugak apurtzen ari dira, sintetizadoreak etorri ziren bigarren diskoan eta, oraingoan, abesti konplexuagoak landu dituztela esan dezakegu, baliabide gehiago dituztela argia da. Askotan bideoklipa aipatzen dugu eta, kasu honetan, ikustea gomendatzen dugu, kantua hobeto ulertzeko», aipatu digu Zarata MondoSonoroko zuzendariak.
Hiuzz - Hegaka eskapo
Tatxers taldearekin kontzertu batzuk eman dituzte eta hortik ezagutu du jende askok Hiuzz taldea: «Tatxersen ondoan jartzen dugun taldea da, baina ez dauka ezer ikustekorik, soinuan ez baitute antzekotasunik. Mungiako taldeen artean, esaterako, ematen da soinuan antzekotasunen bat bilatzea, baina hauen kasuan ez. Hiuzz 90etako musika dela esango genuke ta Tatxers bospasei urte lehenagoko soinua lantzen duen taldea dela. Duela gutxi ezagutu nuen, eta iaz atera zuten lehen ‘Epea’ ez nuen garaian topatu. Orain ‘Epea bi’ diskoarekin datoz, bigarren disko laburrarekin, eta benetan interesgarria da egin dutena, oraindik ere maketa soinuarekin daudelako, hortaz, diskoa etortzen denean adi egon behar dugula uste dut».
Rüdiger - The dancing king
Forbidenn colours zigiluaren katalogoa benetan interesgarri dator udazken honetan eta kasu honetan zigilu horren azpian kaleratuko du diskoa Felix Buffek bere bakarkako Rüdiger proiektuarekin: «Usopop zigiluaren eta bizkaiko diskoetxearen arteko elkarlana izango da, azaroaren 30ean kaleratuko den diskoa. Bideoklip oso interesgarriarekin etorri da kantu hau ere. Orain arte popa ari zen jorratzen, folkarekin nahastuta, baina psikodelia, elektronika eta jazza nahastu dizkiola esango nuke oraingoan, Forbidden Colours ukitua duela kanturik berriena. Zuzenekoetan ez dugu baterian eserita ikusi, baina kantu honen bideoklipean bera agertzen da bateria jotzen. Ikusiko dugu diskoan zer nolako lana egin duen».
Izaro - X eta besteak
Abenduaren 8an dator izaroren ‘Cerodenero’ disko berria, data berezia, Durangoko Azoka martxan dagoela kontuan izanda, baina argiketa egin digu Iker Bárbarak: «Esango nuke beste urte batzuetan ere gertatu dela halako zerbait, hau da Durangoko Azokan diskoa guztien eskura jartzearena plataforma digitaletan eta gainerako salmenta puntuetan eskuratzeko moduan jarri aurretik. Hortik joango da nik uste Izaroren diskoaren kaleratzearena». Asko lekuz kanpo harrapatu gaituen proposamena izan da, batez ere aurkezpen birako datak non izango diren ikusita: «Ezin dugu bi kanturekin zer etorriko den ulertu, baina oso esanguratsua izan da bigarren kantu hau. Beste Izaro bat egongo dela hemendik aurrera uste dut nik, aurretik egindako lanarik uko egin gabe, kantautore mundutik urrundu eta artista totalaren bidean jarri dela pop elektronikoari besarkatuz, aurretik Rosaliak edota Lola Indigok egin duten moduan. Itxura hori hartzen diot, baina ikusiko dugu zer datorren, hala ere Apolo bezalako areto bat hartu izanak ere halako zerbait iradokitzen dit».