En directo

NAIZ irratia

«EITB gutxika mugitzen ari da, euskaltzaleen kexu asko baitago»

Euskararen alde, gidoia alda dadila eskatu dute hainbat herritar eta 31 eragilek. Maiatzaren 18a bitarte, Aldatu Gidoia kanpainak kultura eta ikus-entzunezkoen arloko politikak errotik alda ditzala eskatuko dio Lakuari. Besteak beste, EITBren rola aintzat harturik. Jonjo Agirrerek azaldu digu.

Audio_placeholder

«EITB gutxika mugitzen ari da, euskaltzaleen kexu asko baitago»

Loading player...
Jonjo Agirre Aldatu Gidoia plataformako kidea NAIZ irratiko estudioan
Jonjo Agirre Aldatu Gidoia plataformako kidea NAIZ irratiko estudioan (NAIZ)

Aldatu Gidoia dinamika nola eratu da? Zein da sortzearen arrazoia?

Eragile nagusia Hitzartu EITB taldea izan da. Haiek hasi ziren salatzen nola eten diren euskarazko bikoizketak euskal telebistan, erdarazko katean filmak etengabean ematen diren bitartean. Maiatzaren 20an agerraldi bat egin zuten eta hainbat eragile deitu zituzten. 17 bat eragile bildu ginen bertan hori salatzeko, nazioarteko filmak euskaraz eskaintzeko betoari amaiera eman diezaioten.

Salatu duzue Lakuako gobernuak ez duela behar beste egiten euskarazko ikus-entzunezko eta kulturaren alde. Ondorio honen arrazoiak zeintzuk dira?

EITB taldeko hedabideei gutxieneko jarraipena egiten dien edonor konturatzen da egundoko desoreka dagoela erdarazko eta euskarazko eskaintzaren artean; nabarmenki telebistan. Ez dago alderatzerik ETB2k eta ETB1ek ematen duten programazioa. Kendu gabe ETB1en ere badirela saio onak, oro har, askoz hobea da ETB2koa. Askoz arreta handiagoa jartzen dio EITBk eta beraz, Eusko Jaurlaritzak, erdarazko eskaintzari.

Muturreko bi adibide jartzekotan, El conquis-ek bere atzean duen inbertsioa eta promozioa legoke alde batean, erdaraz, eta bestean, ostiral gauetan euskaldunoi eskaintzen zaigun saio kalifikaezin hori: Oholtzan. Bertan izan  dezakezu, errespetu osoz, Eibarko koroa kantuan edo Los cinco bilbianos, mariatxiak... Uste dut horrek oso ondo islatzen duela zein alde dagoen.

AEK, Ikastolen Elkartea, UEMA, Bieuse, LAB, Steilas eta ELA bezalako eragileek babesa adierazi dizuete. Zer nabarmenduko zenuke hainbeste eragile esanguratsu gerturatu izanaz?

Nik uste dut oso pozgarria dela. Adierazten du euskaltzaleon artean kezka handia dagoela gai honen inguruan. Aipatutako eragileez gain, zerrenda oso luzea da. 31 eragile gara momentuz momentuz eta atxikipenak jasotzen jarraitzen dugu. Guretzat oso pozgarria izan da, adierazten duelako ez ginela oker eta oihartzun handia izan duela, baita ere.

Herritarren artean zer nolako harrera izan du kanpainak?

Orain arte oso positiboa. Sinadura bilketa jarri genuen martxan atzo bertan eta dagoeneko 700tik gora dira. Espero dugu masiboa izatea, parte hartze handia izatea eta orain arte ezikusiaren egin digun Eusko Jaurlaritzak gu ikusi behar izatea.

Hautatutako plataformagatik, change.org, kezka sortu da.

Inor ez da profesionala gure artean. Euskalgintzatik eta hainbat sektoretatik datorren jendea batu gara, baliabide mugatuak ditugu eta gauza guztietan bezala talde txiki dabil honetan. Change.org-ra jo dugu ezagutzen genuena zelako.; ez dugu euskarazko plataforma librerik ezagutzen sinadurak biltzeko. Irekiak gaude beste batzuetan parte hartzeko, baina ez dugu ezagutzen. Horretan ere laguntza eskatzen dugu.

Eskuz ere jasoko dira sinadurak?

Baita ere. Guri zuzenean emailera edo twitterreko profilera idazten duenaren sinadura ere jasoko dugu, noski.

Aldarriari zifra zehatza ezarri diozue. Kultura aurrekontuaren %5a ikus-entzunezkoetara bideratzea eskatu duzue. Zenbat diru izango zen hori eta nola banatu beharko litzateke?

Herritarreko 9 euro lirateke. Banaketa zehatza ez dut oraintxe buruan baina batez ere euskarazko itzulpenetara eta bikoizketara bideratu nahi da. Filmek azpitituluak izan ditzaten, esaterako, inklusioaren ikuspegitik. Euskarazko ekoizpenera ere bideratuko litzateke. Horiek lirateke gako nagusiak. Inoiz ez da nahikoa baina gutxieneko batzuk behar dira. Gaur egun eskaintzen dena ez da nahikoa inondik inora.

Euskal Herriko eragile zein alderdi politikoengana jotzeko helburua ezarri duzue. Hasiak dira kontaktu hauek?

Sindikatuekin bai; euskal sindikatuekin oso ona izan da. Denborak ematen digunaren neurrian joango gara beste alderdi eta eragileekin biltzen.

Kuotak eskatu dituzue ere, EITB barnean, baita euskal kulturako norbanako eta sortzaileen artean ere. Ildo beretik doa eskakizuna.

Azken batean dena batera doa. Ezin da euskarazko eskaintza areagotu sortzaileak aintzat hartu gabe. Funtsezkoak dira. Haiek esan beharko dute, baina gure ustez nahiko baztertuta daude EITBn. Euskarazko kateetan ere bai oraindik ere. Presentzia handiago behar da. Euskal sortzaileen eta haien ekoizpenen ezagutza handiago behar da eta guk horretan lagundu nahiko genuke.

Oroitaraziko dugu 2024ko maiatzaren 18rako mobilizazioa deitu duzuela Arabako hiriburuan. Zer espero duzue deialdi honetatik?

Elkarretaratzea egingo dugu islatzeko parte hartze ahalik eta handiena, baita eragile desberdinen presentzia ere. Nahi dugu ikusarazi oso aldarrikapen hedatua dela honakoa geure gizartean. Horregatik eramango dugu Eusko Jaurlaritzaren ateetara hurrengo mobilizazioa. Orain arte jaramonik ez badigute egin, ea ordurako atea irekitzen diguten eta haiekin hitz egiteko aukera ematen diguten.

Jarrera ezkorra balitz, zein izango litzateke hurrengo pausoa?

Uste dugu gauzak aldatzen joango direla. Hori pentsatu nahi dugu. Zantzu txiki batzuk badirela uste dugu norabide horretan, EITB gutxika mugitzen ari dela. Eta mugitzen ari bada, euskaltzaleen artean kezka handiagoa delako da. Kexa gehiago dago, geroz eta aldarri gehiago zentzu horretan. Orain arte EITBri eskatu izan zaio bestelako eskaintza bat, euskaldunentzako errespetuzkoa eta duina den eskaintza, eta ez da lortu. Zoritxarrez presioa beste biderik ez dago. Ezezkoa emango baligute, ez dugu espero, baina, jarraituko genuke presioa egiten. Aldarrikapen honen atzean eragile garrantzitsuak biltzen ari dira.

Jaurlaritza Logoa