En directo
Beste eskarien arabera marrazten ari zela sentitzen zuen Eider Eibarrek (Zornotza, 1980). Beretik sortzeko gogoa zuen, animazioa eta teknologia berriak erabiliz. Iskander Sagarminaga (Galdakao, 1983) Ingeniaritza informatikoa ikasitakoa da, eta askotan laguntzen zion afera teknikoekin Eibarri. Hortik abiatu zen egitasmoa. Kokoak pertsonaiak sortu eta web atari bat zabaldu zuten 2016an, eta zazpi urtetan zehar haien lanak bertan biltzen joan dira.
Orduz geroztik Eibar eta Sagarminagaren bidelagun izan dira kokoak. Eskulanak, bideo-jokoak... proiektu asko garatu dituzte egitasmoaren baitan. Bidaiak ere partekatu dituzte: igerilaria da Sagarminaga, itsaso-zeharkaldi luzeetako igerilaria. 2015ean bete zuen lehen erronka, Bilbo eta Santurtzi arteko 13,5 kilometroak igeri egin zituen. Orduz geroztik munduan zehar bidaiatu du erronka batetik bestera. Eiderrek harekin batera bete ditu erronkak. Ontzian edo piragua gainean, Iskander jarraitzen duen bitartean zirriborroak marrazten ibiltzen da zornotzarra.
Uztaila amaieran hegazkina hartu eta abentura berri bati ekingo diote. Zazpi itsasoetako erronka bete nahi du bikoteak, eta lehen itsaso-zeharkaldia burutzeko asmoa dute: Mantxako kanala zeharkatuko du Iskanderrek, 33,5 kilometro egingo ditu guztira, baldintza oso gogorretan. Eta nola ez, Eider eta kokoak gertutik jarraituko dute. Pertsonaia berriak agertuko dira oraingo honetan: Margopiratak. Kokoen atzetik ibiliko dira munduaren alde batetik bestera. Margopiraten atal berria zabalduko dute webgunean, eta erronka bakoitzeko hainbat eduki sortu eta sareratuko dituzte.
GARA egunkarian Margopiratak ezagutuko ditugu banan-banan; 'Jaiondoko Alferrak' udako gehigarriko azal eta kontrazalean agertuko baitira Eibarren eta Sagarminagaren ilustrazio eta eskulan proposamenak. Astelehen honetan ezagutu dugu Ipar-izar kpaitaina; eta haren kataloxa sortzeko beharrezkoak ditugun urrats guztiak eman dizkigu, bideo-azalpena eta guzti.