En directo
Bosgarren edizioa ospatuko du Pasaiako Dantza Festibalak. Hazten eta hazten dabilen jaialdia da; erreferente bilakatu da euskal konpainia handientzat, baina hasi berrientzako ere plaza bikaina bihurtu da. Ekainaren 8tik 11ra bitarte eskaintza zabala antolatu dute. Topoko lurperatze lanak direla-eta, espazio berriak konkistatuko ditu jaialdiak: skate park-a eta Luzuriaga parkea, esaterako.
Iker Murillo omenduko dute larunbatean. Dantzari pasaitarrak, nazioartean ibilbide luzea egin ostean, erretiroa hartuko du oholtzetatik. Herri mailako aitortza berezia egingo diote 13:00ean Biteri Plazan.
‘Remedios Vals’, absurdoa 3/4 konpasean
Jone Amezaga dantzaria da eta Manu Gaigne perkusionista. Bi diziplinen arteko hizkuntza komun bat bilatu dute: «musika eta dantza maila berean jarri nahi izan ditugu». Dantzaguneako diru-laguntza bati esker hasi ziren 2020ean elkarrekin lanean. Dantza, musika eta hitza jolastuz uztartu dituzte, osotasun bat lortuz. Eta, horretarako, absurdora jo dute azkenean: «absurdora iritsi gara, ez zen helburua. Absurdotasun horretatik edozeinengana iritsi gintezkeela konturatu ginen».
Lanaren izenak ere badu absurdotik, edo umoretik behintzat, bai. ‘One apple a day keeps the doctor away’ esamoldetik eratorritako ideia da ‘Remedios Vals’. «Pertsona baten izena ere izan zitekeen, grazia egiten zigun».Valsak protagonismo berezia hartu du pieza honetan: «denon iruditegian dagoen zerbait da valsa, erraz sentitu daiteke erritmoa». Bilbon, Logroñon eta Santanderren ibili dira pieza eskaintzen eta ostegunean lehen aldiz kalean eskainiko dute.