En directo

NAIZ

Etxahun Galparsoro: «Mauthausenen hamar hilabetekoa zen sarraski zikloa»

Hego Euskal Herriko herritarren deportazioa nazien kontzentrazio esparruetara ikertzen ari da Etxahun Galparsoro. Peli Lekuona kazetariak NAIZ Irratian egindako elkarrizketan nabarmendu zuenez,  Mathausenen «sarraski zikloa hamar hilabetetan betetzen zen».

Audio_placeholder

Etxahun Galparsoro: «Mauthausenen hamar hilabetekoa zen sarraski zikloa»

Loading player...
AEBetako soldaduek 1945eko maitzaren 5ean askatu zuten Mauthausen, orain dela 77 urte .
AEBetako soldaduek 1945eko maitzaren 5ean askatu zuten Mauthausen, orain dela 77 urte . (Donald R. ORNITZ | WIKIMEDIA COMMONS)

1940tik 1945era bitartean 250 hego euskal herritar baino gehiago deportatuak izan ziren nazien kontzentrazio esparruetara. Etxahun Galparsorok herritar hauen historia ikertzen dihardu bere tesian, eta lortutako emaitzak aztertu ditu Peli Lekuona kazetariak, gaur ospatuko den deportatuen omenezko egunaren karietara egindako elkarrizketan.

Azaldu duenez, «normalean, kontu honetaz hitz egiten dugunean, Alemaniako historiarekin lotzen ditugu, eta Europarekin. Euskal Herriaren kasuan Iparraldearekin, baina Hego Euskal Herriarekin ez. Izan ere, Bigarren Mundu Gerran ez zen gudarik egon Hego Euskal Herrian, frankismoa zegoelako. Baina hau ez da zuzena».

Dioenez, erbestearen ondorioz sortutako fenomeno bat da deportazioa. 1936ko Gerraren amaieran «1,5 milioi pertsona Frantziara erbesteratu zen, gudari eta zibilen artean. Hau izan zen Iberiar penintsulan inoiz gertatu den exodorik handiena».

Bizi baldintza «oso gogorrak» jasan behar izan zituzten. Batzuk Hego Amerikara joan ziren, beste batzuk espainiar Estatura itzuli ziren, eta 200.000 frantziar Estatuan geratu ziren. Bigarren Mundu Gerra hasitakoan, Maginot Lerrora eraman zituzten 60.000, horien artean 1.300 hego euskal herritar.

«Alemaniarrek Maginot Lerroa gainetik pasatu zuten, Belgika aldetik, eta 3 milioi preso hartu zituzten, tartean 200 hego euskal herritarrak. Hala iritsi ziren alemaniarren esku preso egotera», dio, eta, ohartarazi du lehenengo deportatuak atxilotu horietatik ateratzen direla.

Hasiera batean Stalag batera eraman zituzten. «Alemaniarrek bazituzten kontzentrazio zelai militarrak, militarrek egindakoak eta militarrek kudeatutakoak. Han behartutako lanak egin behar izaten zituzten presoek, asto-lanean. Zaplaztekoak ere jasotzen zituzten eta tratua askotan ez zen ona, baina Genevako Ituna errespetatzen zen oro har».

Egoera aldatu zen 1940ko udan, Serrano Suñer ministro frankistak Berlinera joan zenean. «Hitlerrek agindua eman zuen erbesteratu guztiak kontzentrazio zelaietara eramateko, eta agindu horren ondorioz iritsi zen lehenengo hego euskal herritarra, 1940ko abuztuaren hasieran, Mathausengo esparrura».

«Frantziaren esku hartzerik gabe, esku hartze garbirik eta nabarmenik gabe, ezingo lituzkete hego euskal herritar hauek deportatu»

Bi fase

Galparsororen esanetan, bi fase daude hego euskal herritarren deportazioan: «Lehen fasean, 1940 eta 1941 urteei dagokienean, Frantziako armadan aritu zirenak deportatu zituzten, eta bigarren fase batean, 1942 eta 1945 urte bitartean, erresistentzian jardun zutenak deportatu zituzten».

Lehenengo fasean deportatutako hego euskal herritarrak, «%90 komunistak eta anarkistak», Mauthausenera bidali zituzten. «Alemaniarrek zuten kontzentrazio esparrurik gogorrena zen», eta, dioenez, «muturreko higadura baten ondorioz izaten ziren heriotzak».

«Sarraski zikloa hamar hilabetetan betetzen zen», nabarmendu du, Angel Elejalde bilbotarraren kasua aipatu baino lehen. «Atleta osasuntsu bat izatetik eskeletoa izatera pasatu zen hamar hilabetetan, eta horren ondorioz hil zuten».

Bigarren fasean, armak egiten zituzten enpresetan lan egiten zuten herritarrak eta aurretik frantziar Estatura joandako euskal etorkinak deportatu zituzten, «batez ere komunista izategatik, Erresistentzian parte hartzeagatik».

«Esan beharra dago oso garrantzitsua dela Frantziaren kolaborazionismoa bigarren aldi honetako hego euskal herritarren deportazioa ulertzeko. Frantziaren esku hartzerik gabe, esku hartze garbirik eta nabarmenik gabe, ezingo lituzkete hego euskal herritar hauek deportatu», ohartarazi du historialariak.

Emakumeak Ravensbruck esparru zentroan. (WIKIMEDIA COMMONS)
Emakumeak Ravensbruck esparru zentroan. (WIKIMEDIA COMMONS)

Izan ere, Alemaniak eta Sobiet Batasunak sinatutako Molotov-Ribbentrop akordioaren ostean, komunistak etsai bilakatu ziren frantziar agintarientzat, eta, «Vichyko erregimena jarri zenean, komunista guztiak atxilotzeari ekin zion, gogo biziz».

«Bigarren fasean, 158 hego euskal herritar deportatu zituzten. Gehienak komunismoari lotuta zeuden, nahiz eta abertzale batzuk ere baziren. Ehun salbatu ziren», argitu du. Fase honetan emakumeak ere deportatzen hasi zirela azaldu du.

Emakumeak Ravensbruck esparru zentrora bidali zituzten naziek. Hego Euskal Herriko hamar emakume izan ziren han, eta sei hil egin ziren. 

«Guztira, 258 deportaturen froga dokumentala dugu, eta erdiak hil ziren esparru zentroetan. Eta nazien sarraski prozesuak hurrengo urteetan jarraitu zuen», esan du, gaixotasunen ondorioz hil ziren herritarrak gogoratuz. 

Jaurlaritza Logoa