En directo
2019an Galder Gaztelu-Urrutiak ikusle guztiak aho bete hortz utzi zituen ‘El Hoyo’ filmarekin, beldurrezko generotik oso gertu dagoena, baina deserosotasuna islatzen duena gehiago. Sekulako arrakasta izan zuen gurean, eta baita gure mugetatik kanpo. Protagonistetako bat Zorion Egileor aktorea zen, pertsonaia aztoragarri baten azalean jarri zena.
«El Hoyo izan da niretzako zineman arrakastarik handiena. Munduari eta nire bizitzari beste buelta bat ematea suposatu du», aitortu du mundakarrak NAIZ Irratian, maiatzaren 18an bigarren partea errodatzen hasiko direla kontatu aurretik.
«Isil isilik egin genuen, beldurrarekin, jakin gabe zer aterako zen hortik, eta sekulakoa izan zen. Ez dut esango euskal zinemaren arrakastarik handiena izan zenik, baina bai mundu osoan zarata gehien egin duena», aipatu du. Izan ere, Euskal Herriaz gain, Estatu espainiarrean, Europan, Latinoamerikan eta Estatu Batuetan arrakasta handia izan zuen. «AEBn hiru hilabetez lehen postuan mantendu zen plataformetan». Japonia, Txina eta Hong Kongen ere sekulakoa izan da.
Ospe horrek Egileorren bizitza erabat aldatu du. Pozik dago. «Ni orain Durangora edo Estokolmora noa, berdin du, eta ezaguna naiz. Lotsatu egiten naiz askotan, baina gero pentsatzen dut merezi dudala urte asko eman ditudalako honen bila, edo nire lanaren trukean txaloen bila, eta orain txalo bero-beroak jasotzen ari naiz munduko leku guztietan, eta hori polita da», esan du.
‘El Hoyo’ errodatu zuenetik beste proiektu askotan parte hartu du: tartean, ‘Ilargi guztiak’, ‘Agur Etxebeste’, Disney-rentzako telesail bat, ‘Objetos’ koprodukzio argentinarra eta amaitzen ari diren ‘Tras la pista de la rubia platino’.
Gainera, udan ‘El Hoyo 2’ grabatzen arituko da, eta ondoren komedia bati ekingo dio erregistroa guztiz aldatuz. Gero Alemaniarekin koproduzkio batean parte hartuko du eta segidan telesail bat errodatuko du. «Berandu hartu dut olatua, baina...», dio txantxetan. «Profesio honetan badakizu nola gabiltzan. Gora, behera, behera, gora... Orain lasai nago eta lana ondo datorkit. Burua eta gorputza ondo ditut, beraz, horrela nagoen bitartean, aurrera!»
Pianoa jotzen, antzerkian, zineman eta telebistan aritu izan da, eta horietatik zein nahiago duen galdetuta, ez du inolako zalantzarik: antzerkia. «Antzokiaren usaina, jendearen usaina, zarata... beste gauza bat da. Nik gehiena antzerkia egin dut. 60 urte baino gehiago eman ditut, eta hor arrakasta handia izan dut baina lan isilagoa da», azaldu du.
Gaur hasiko da FANT Bilboko Zinemaldi Fantasikoaren 29. edizioa, eta bertan omendua izango da. Ohorezko sarietako bat emango diote. «Sari bat hartzea beti da ona. Ez nuen horrelako saririk espero, beraz, ongietorria da», esan du umiltasunez. Era berean, gogoratu du igandean, Alondegian, bera agertzen den ‘Viejos’ pelikula proiektatuko dela.