En directo
Eider Saez izan dugu gaur gurean. Lazkaoko abeslariak EIDER izenpeko proiektua abiatu du, 6 abestiko Loratzen lehen aurkezpen EPa lagun. Barne sentimendu, melodia itsaskor bezain kolorez betetako pop doinuak eta emozio ezberdinen baratza eder bat bildu du sei abestietan.
Talde dinamika batetik bakarkako proiektura jauzi egin du Eiderrek eta bide horretan sentitutakoen inguruan galdetu diogu. «Nahiko urduri ekin nion proiektu honi, baina pixkanaka, prozesuarekin asko disfrutatu dut». Presioa izan da hizpide prozesu honetan sentitutakoak azaltzean.
«Hasieran ez nion jende askori esan, presiotik askatzeko modu bat izan zen; nire erara egin nahi izan dut, ez naiz ezertara mugatu eta hori intentzionala izan da eta emaitzean notatzen da denetik egin nahi izan dudala».
«Nik argi neukan abestiak nereak izatea nahi nuela, nere bizitzaz hitz egiten zutenak; talde proiektu batetik nator, eta argi nuen behin nere proiektua abiarazita, nik sortutako izan behar zuela denak».
Etxean kantuen laginak sortu eta produkzioa etorri da gero. Madrilen izan dela aipatu digu Eiderrek, etxean sortutako doinu horiek elementu ezberdinekin janzteko. Profesionalekin ibili da ekoizpen lanetan eta prozesu horren inguruan aritu da. «Suerte asko eduki det Jinbok ulertzen ninduelako, eta horrek asko laguntzen du. Errespetatu du nere izaera». «Abestia bukatutakoan iritzia eskatzen nuen, baina niretzako garrantzitsua zen proiektu guztian zehar presente egotea».
Estiloari buruz galdetuta, popa eta pop-rocka izan dira bidelagun, baina Eiderrek playlist oso bat prestatu zuela kontatu digu, buruan zuen mundu soniko hori adierazteko. «Pop asko entzuten dut, eta horren zantzuak hartzen nizkion nire abestiei, baina abesti bakoitzak bere planteamendua dauka».
Eta etorkizunean zer? Oholtza izan du lagun Eiderrek azken urteotan eta bere proiektuarekin hala jarraitu nahi du, hori bai, merezi duen patxadaz eta bere burua lehenetsiz. «Jendaurren asko esponitzen gara eta mota guztietako iritziak jaso, eta oso erraza da esan dizuten hori guztia kontrolatu nahi izatea; iritziak entzutea ondo dago noski, baina zuk zuregan konfiantza edukitzea garrantzitsua da».