En directo

Eli Pagola

«Itsasontzi errekreatiboak daude portuetan eta beste filosofia batekin dabiltza arrantzan»

Euskal Herria herri arrantzalea izan dela jaso izan dugu, kostaldeko kulturan, behinik behin, sekulako eragina izan du. Hala ere, sektorea eraldatuz doa eta Leo Belaustegi ‘Ondarroa 12 Milia’ elkarteko kidearekin bildu gara artisau arrantzaren egoeraz hitz egiteko.

Audio_placeholder

«Itsasontzi errekreatiboak daude portuetan eta beste filosofia batekin dabiltza arrantzan»

Loading player...
Leo Belaustegi
Leo Belaustegi (Jon Urbe FOKU)

Ondarroa 12 Milia arrantza-sektorearekin, itsas ikerketarekin, irakaskuntzarekin eta gizarte-aktibismoarekin lotutako pertsonek osatutako erakundea da. Artisau-arrantzaren jarduera kontserbatzeko eta haren balio kulturala gizarteratzeko ahaleginean dabiltza, eta baita arrantza-jarduera jasangarria izan dadin politikak aldatzeko eskakizun lanetan ere. Leo Belaustegi elkarteko kidearekin izan gara eta aitortu du sektorea «nahiko triste» ikusten duela: «Zoritxarrez, geroz eta arrain gutxiago dago eta itsasoak husten ari dira», arrainez bezala, arrantzalez. Horrek portuetan ondorio nabarmenak dituela azaldu du, ikusi besterik ez baitago portuetan nola dauden geroz eta arrantzontzi gutxiago eta kirol-ontzi gehiago.

Arrantza profesionalari dagokionez, halaber, eredu artisaua eta industriala bereizi ditu Belaustegik, lehenak tresna txikiekin eguneroko arrantza egiten dutenak dira eta, bigarrenak, tresna predatzaileak erabiltzen dituztenak. Teknika «suntsitzaileak» erabiltzen direla eta, ondorioak larriagoak izan ez daitezen, Ondarroa 12 Milia Elkartetik kontrol-neurrien beharra ikusten dute. Adibide gisa, bisigua jarri du arrantzale erretiratuak: «Kostaldeko 12 miliako gunean tresna industrialak erabili direnez, presio handia eragin da, espezie asko galbidera eraman dira eta orain berreskuratu ezinik gabiltza». Horregatik eskatzen dute 12 miliako itsas eremu babestua izan dadila, arrainak bere bizi-zikloa bete eta etorkizuneko arraina bermatu dadin.  

Arrantza eredua begiz jota duen elkarteak, bestalde, sektorea eguneratu eta baldintzak hobetzeko premia ikusten du; eta horretarako, hiru ardatz bereizten dituzte: batetik, arrantzaren kudeaketa, bestetik, komertzializazioa eta, hirugarrenik, belaunaldi berriak.

Kudeaketari dagokionez, Belaustegiren iritziz, «egungo egoera jasanezina da. Arrantza geroz eta industrialagoa da, tresneria aurreratuagoa da, zientzia eta teknikak aurrerapen itzelak eman dituzte eta harrapaketa masibo horrek kinkan jartzen du biharko arrantza». Hori dela eta, etorkizuneko arrantza edo une soil honetako arrantza nahi den gogoetatu behar delakoan dago, eztabaidagai izanda, besteak beste, nolako arrantza eta zelako tresnak izan, harrapatutako arraina nola erabili eta kuoten erabilera publiko/pribatua.

Elkarte-kideak garbi du arraina guztien ongia dela eta horren gaineko eskumen eta erabakiak ezin direla era pribatu eta interesatuan hartu. Bide horretan, salatu du arraina harrapatzeko sistema eta kuotak pribatizatzen ari direla eta hori ekiditeko neurriak falta direla.

Arrantzaturikoa ez da jantokietara iristen

Arrantza-moduaz eta espezieen eta habitaten babesaz gain, komertzializazioaren gaineko gogoeta ere zabaldu du Belaustegik. Euskal portuetan arraina sartzen dela dio, askotan saldu ezinik ibiltzen direla, baina, ez dela jantokietara iristen, horietan ozeanoetan harrapatutako bestelako espezieak jaten direla. «Portuetan dugun arrain kantitatea eta kalitatea ikusita, onartu ezin dugun pekatu larri bat da hori». Kontuak horrela, harrapatuaren eta kontsumoaren arteko bideak errezteko modua badagoelakoan dago eta, era berean, eskari eta eskaintzaren logika mantentzen dela; era berean, arrainari prezio minimorik ez jartzea onartezina dela argudiatu du.

Sektorean belaunaldi berriak txertatzea ere izan du mintzagai. Belaustegiren arabera, «inguruko arrantzaleen etorkizun ekonomikoa eta kulturala mantentzen saiatu behar genuke eta, horretan, instituzioen aldetik, ez dut inolako pausurik ikusten». Horren erakusle modura aurkeztu du arrantza, sektore ekonomiko modura galtzen ari dela azpimarratu du, eta arrantzale kultura ere ia galduta dagoela. «Itsasontzi errekreatiboak daude portuetan eta horiek beste filosofia batekin dabiltza arrantzan».

Ondarroa 12 Milia elkarteak, beraz, espezieen eta ekosistemen iraunkortasunak, arrantzak eta, oro har, sektoreak iraungo badu arrantza politikak aldatu beharra dagoela uste du. Eta horretarako, ahalik eta eragile sozial gehienekin ari dira hitz egiten eta helburuak mahaigaineratzen.

Jaurlaritza Logoa