En directo
Astelehenean Bizkaiko Medikuen Elkargoak jakinarazi zuen Aurretiazko Borondateen Dokumentuaren tramiteak errazteko Aurretiazko Borondateen Bulegoa jarri duela martxan. Joseba Atxutegi bulegoaren koordinatzailea eta Elkargoko presidenteordea izan da ostegun honetan NAIZ Irratiko ‘Harian’ saioan tresna honen nondik norakoak argitzeko.
Aurretiazko Borondateen Dokumentua gaixotasun baten ondorioz erabakirik hartzeko gaitasunik ez dagoenean jaso nahi den edo jaso nahi ez den tratamendua zehazteko baliabidea da. Atxutegik azaldu duenez, behin «konortea galduta eta ezin duzunean ezer esan» baino ez dauka balioa.
Esate baterako, itzuliezina den koma egoeran edo egoera begetatiboan egotekotan erabili daiteke. Izan ere, momentu horietan ezinezkoa da une hori nola bizi nahi den komunikatzea eta, adibidez, froga gehiago ez egiteko, kimioterapia ez jasotzeko edo beste tratamenduren bat ez jasotzeko eskatzea.
Hiru pauso
Hiru urratsetan banatu du Joseba Atxutegik Aurretiazko Borondateen Dokumentua sortu eta balioesteko prozedura Bizkaiko Medikuen Elkargoaren laguntza jasota. Lehenik eta behin, dokumentua zertan datzan ezagutzeko eta bertan zer zehaztu daitekeen eta zer ez azaltzeko bilera bat egiten da, bi medikurekin.
Ondoren, behin dokumentua idatzita, beste bilera bat egiten da ondo dagoela egiaztatzeko eta sinatzeko. Hau notarioaren aurrean egin behar da, hiru lekuko eramanda.
Azkenengo pausoa Aurretiazko Borondateen Bulegoari dagokio. Atxutegik azpimarratu duenez, «modu guztiz konfidentzialean eta inork irakurri gabe», agiria erregistrora eramaten dute ofiziala egin dezaten.
Bulegoaren koordinatzaileak dioenez, dokumentu hau ez da askotan betetzen jendeak hiltzeari eta heriotzari beldurra diolako. «Egia bakarra da denok hilko garela», nabarmendu du. Gaineratu duenez, agiri hau betetzeak «batzuetan behar ez denean» luzatzen diren momentu txarrak ekiditea eta bizitzaren azken uneak «ahalik eta hoberen» igarotzea dakar.
Familientzat eta medikuentzat ere garrantzitsua dela azaldu du. Lehenegoen kasuan, momentu gogorrak samurtzeko eta, medikuen kasuan, gaixoarekin zer egiteari dagokionez daukaten presioa arintzeko.