En directo
Noizean behin, aktualitatea eta gogoetak lotzeko mahaia osatzen dugu, hiru mahaikide biltzen ditugu gai zehatz baten bueltan beren gogoetak partekatu eta eztabaidarako bide emateko. Hilabete honetako tertuliara batu zaizkigu Aitziber Sarobe eta Jokin Aldazabal eta energia izan dugu hizketagai, horrela, orokorrean, energia argindarra edo gasa baino askoz gehiago delako eta zeharlerro interesgarria izan daitekeelako beste edozein gairen gainean aritzeko.
Aldazabalek Jean-Marc Jancovici ingeniaritza kontsultorea ekarri du lehenik. Haren arabera, energia, magnitude fisiko bat da, sistema baten egoera aldaketa neurtzen duena. Hori hala izanik, nolabaiteko mugimendua edo eraldaketa morfologiko edo kimikoa gertatzen den prozesu guztietan dago energia. Bestalde, energiaren erabilerari dagokionez, Aldazabalen iritziz, «aro modernoaren ezaugarria ez da energia sistema berriak erabiltzea, baizik eta energiaren erabilpen maila handitasun ordenean aldatu dela, alegia, biderkatu egin da ehun edo mila aldiz». Atera den beste hari bat izan da energia iturriaren eta erabileraren arteko arrakala.
Energiaren eta berau transformatzeko behar diren teknologien eta makinariaren arteko arrakala aztertu da eta, berriztagarrietarako trantsizioak aipatzerakoan, Sarobek azpimarra egin du esanez berriztagarriak energia iturriak direla, ez energia horien erabilerak. Aipatzekoa da, erabilera, batez ere, makinak mugiaraztera bideratzen dela, Aldazabalen esanetan, «makinak bihurtu baititugu gure beso-zangoen luzagarri eta gure lan-ahalmen laburren biderkatzaile».
Energiaren kontsumoak desazkundean izan dezakeen bilakaeraz galdetuta, zuhurra izan da Sarobe, bere ustez, hori baita «gure gizartean heldu nahi ez diogun korapilo sendoenetako bat». Natur kontserbatzaileak dio kontsumoaren dimentsio hori eramango bagenu energia iturri horien nolakotasunera, gure krisi ekologiko erabatekoaz hitz egin genezakeela, zeren «ereduz aldatzen ez badugu, aurrean dugun planteamendua da esklabo energetiko edo dimentsio horietako gure “behar” energetikoak asetzea gure lurraldean eskuratu ahal digun energia berriztagarritik». Eta hor dago denok dakigun egia: ez da posible.