En directo

Zarramarra

Zarramarra 2x22 | Eta Wazemank itzuliko balitz?

2005ean hasi eta bost urtez egon zen Wazemank ETB1en. Izugarria izan zen arrakasta, pentsa, bi urtez hartu zuten urte zaharretako kanpaiak emanaldiaren ardura. Spoiler, urte batean ez ziren 12.era iritsi. Egungo gazteentzat ere erreferente izaten jarraitzen du Wazemankek. Zergatik, baina?

Audio_placeholder

Zarramarra 2x22 | Eta Wazemank itzuliko balitz?

Loading player...

Nahiz eta Wazemank telebista saioa dela hamar urte pasa amaitu zen, oraindik ere, umore erreferente izaten jarraitzen du garaian gazte zirenen artean, eta baita egungo gazteen artean ere. Alegia,  ez dela soilik nostalgia kontu bat. Eta bati kezka sortzen zaio horren aurrean: urte hauetan guztietan ez gara gai izan Wazemank bezalako umore saio bat sortzeko? Eta zergatik ez?

2005ean umeak ginen horiek Youtuben zintzilikatuak dauden sketchak ikusten ditugu egun,  eta badakigu nortzuk diren 'Gure Atsuak', 'Auto Patxi’, edo ‘Arregitarrak’. Are gehiago, jakin badakigu Wazemankeko amaierako koreografia eta kantu bertsioak, denak.

Wazemank fenomeno bat izan zen eta da. Ez gabiltza brometan. Bestela nola da posible aurtengo Elorrioko Topagunean Wazemank maratoia antolatu izana? NAIZ irratian martxa hartu berri duen 'Xatoken Moura' entretenimendu saioko Ion Garatek ere hala aitortu zuen NAIZ irratian: «Nire belaunaldiarentzat Wazenmank mugarri garrantzitsu bat izan da eta hortik edan dugu».

Zarramarra kideontzat ere erreferente da Wazemank. Eta horregatik gonbidatu ditugu gurera Angel Alkain, Jon Iraola eta Iñake Irastorza. Wazemankeko sorreraz, egiten zuten umoreaz eta egungo telebista eskaintzaz hitz egin dugu, eta barre asko egin, noski.  

Wazemankeko garaiak ez ditu ahantzi hirukote honek, baina,  beste saltsetan dabiltza. Angel Alkainek landetxe bat dauka Hernanin, Iraolak fabrikara egin du buelta eta eskubaloi entrenatzaile bezala ere ibili da, eta Iñake Irastorzak erretiroa hartua du. Aspaldi da ez dutela elkar ikusten, 12 urte pasa dira, adibidez, Irastorza eta Iraola el ikusten ez zutenetikk. Arraroa da baina, ez. Ez dute whatsap talderik. 

Wazemank, euskal umorea?

Euskal umoreaz galdetuta ez du berehalakoan erantzun hirukoteak. Ez baita galdera erreza euskal umorea definitzea, eta gainera etiketak ez dituzte maite. Horregatik nahiago dute esan «euskaldunek euskaldunentzat» egindako umorea zela egiten zutena. «Guk ezagutzen genuen munduaz egiten genuen umorea eta horregatik planteatzen genituen pertsonaia horiek» eta «jendeak eskertu zuen freskoa zelako» dio Alkainek. 

Kontuan hartu behar da Wazemank ETB1 emititzen zen urte horietan ETB2n ‘Vaya Semanitak’ ere jo zuela goia. Baina oso umore ezberdina erabitlzen zuten. Vaya Semanita saioa erabat murgildu zen Euskal Herriko egoera politikoan eta klitxe eta estereotipoak bultzatzen ziren bitartean, Wazemanken ez zen horrelakorik bultzatzen, «Guri hori ez zitzaigun interesaten» dio Alkainek. 

Wazemankeko umorea freskoa eta Koadrila handia ginen eta taldetik ateratzen ziren ideia guztiak. Batek ideia ekarri eta denek hura garatu. «Egin, egin egin ez zegoen besterik» dio Alkainek eta klabea zera «gu pozik joaten ginen lanera, ahalik eta ondoen pasa, eta kitto!». 

Angel Alkain berak eman zion forma Wazemank saioari. Adibidez, aski garbi zuen marka bat behar zela, eta horregatik eman zion kolore berdea. «Apostu linguistiko bat ere bazegoen, eta ez zen soilik euskalkia erabiltzea. Guk kaleko euskara erabiltzen genuen». Gakoa izan ziren ere «erabiltzen genituen espresio konkretu batzuk»: ‘Egongo Gatxik’, ‘Gabon Euskal Herria!’, ‘dayola’...

Wazemank izena jartzeko ere nahikoa lan izan zuela gogoratu du Alkainek: «Baten batek muturra okertu zuen bai! Ordura arte ‘Baietz barrez lehertu’ eta halakoak erabiltzen ziren» eta Alkainen proposamen aurrean zuzendaritzak esaten zuen «baina, zergatik?» eta Alkainek erantzun «eta, zergatik ez?». 

«Gaur egun Wazemank egitea ez da posible»

«Wazemank garaiko onena zen ez zegoela sare sozialik» esan du Iraolak. «Umore gabe zaila egiten zait niri bizitzea. Eta ni ez naiz iji-aja dabilen horietako bat. Nik uste dut umorea egiteko askeak ginela Wazemanken, lotsagabeak ginen. Baina errespetua faltatu gabe egin daiteke umorea, eta nik sare sozialetan adibidez errespetu falta ikusten dut» esan du Iñake Irastorzak.
 
Horregatik argi du Angel Alkainek. «Gaur egun Wazemank ez litzateke berdina izanen. Gaur egun umorea egitea zailagoa da. Sare sozialetan kritika jaso, polemika sortu eta nagusiak etorriko dira berehala».

Horri ere gehitu behar zaio asko aldatu dela kontsumitzeko modua. «Orduan asko ikusten zen telebista» dio Iraolak, «gure sketch batek hiru minutu irauten zituen, gaur egun hori ezinekoa da. Gaur egun 30 segundutik gora duen edozer ez da ikusten!» ohartarazi du Alkainek.

 

Jaurlaritza Logoa