En directo

NAIZ irratia

NAIZ Irratiak zuzenean eskainiko du Itzulia

Gaur hasi eta apirilaren 8an amaituko da Euskal Herriko Itzulia eta NAIZ Irratiaren eskutik zuzenean jarraitzeko aukera izango da FM, Youtube eta Twich bidez. Arratsaldeko 16:00etatik aurrera Julen Goikoetxea eta solaskide talde oparo bat arituko dira kontakizun lanetan.

Audio_placeholder

NAIZ Irratiak zuzenean eskainiko du Itzulia

Loading player...
Roglic, en la primera etapa de la Itzulia 2022.
Roglic, en la primera etapa de la Itzulia 2022. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Gaur hasiko da Euskal Herriko itzulia Gasteizen eta larunbata bitarte (apirilak 8) luzatuko da lasterketa. Aurten, gainera, lehendabiziko aldiz NAIZ Irratiak Itzulia zuzenean emango du. Lasterketaren 62. edizioa da aurtengoa eta Gasteiz, Bastida, Viana, Leitza, Errenteria, Amasa-Villabona, Santurtzi, Zornotza eta Eibar bisitatuko ditu, guztira 992,5 kilometro. Berritasun nagusietako bat da aurten Itzulia ez dela Arraten amaituko, baizik eta Eibarren.

Aurten Tourra Euskal Herrian hasten delako akaso, eta honek hedabideetan sortu duen harrabotsagatik, ia isilpean abiatuko da gaur Itzulia. Sentsazio hori dute behintzat Kirol Haria saioan elkartu ditugun Ion Garatek, Iker Gurrutxagak, Ane Urkirik eta Julen Goikoetxeak. Hala ere, lehia bermatua dagoela diote, bai ibilbideagatik eta baita parte hartuko duten goi mailako txirrindulariengatik. Daniel Felipe Martinez (Ineos Grenadiers), Jonas Vingegaard (Jumbo-Visma) Richard Carapaz (EF Education – Easypost), Enric Mas (Movistar Team), Adam Yates (UAE Team Emirates), Egan Bernal eta Carlos Rodriguez (Ineos Grenadiers)...eta noski euskal txirrindulari ugari. Ion Izagirre (Cofidis), Mikel Landa, Peio Bilbao (Bahrain Victorious) eta Johnatan Castroviejo eta Omar Fraile, besteak beste (Ineos Grenadiers).

NAIZ Irratiko kontakizuna FM, Twich eta Youtuben

Tourrarekin egin bezala, Euskal Herriko Itzulia zuzenean jarraitzeko aukera emango du aurten NAIZ Irratiak. Emankizuna arratsaldeko 16:00etan hasiko da eta irrati bidez zabaltzeaz gain, Youtube eta Twich plataformetan ere zabalduko da.

Julen Goikoetxearen esku geratuko dira sei etapen kontakizunak eta ondoan, txirrindulari ohi eta txirrindularitza zaleez osatutako taldea izango du egunero. Horien artean daude Aitor Aierza kirol aditua, Iñaki Arratibel kirol medikua, Ainhoa Artolazabal, Gari Bravo kirolari ohiak, Iban Perez Tropelako kidea eta Euskal Herriko Triatloi Federazioko lehendakaria, eta Andoni Mateos eta Iñaki Murua txirrindulariak.

Jaurlaritza Logoa