En directo

Josetxo Otegi | Peli Lekuona

1917 eta 1920 arteko grebak

1917 eta 1920 urte tartean Donostian hiru greba izan ziren, izaera oso ezberdinekoak, baina hiruetan agerian agertu zen langile donostiarrek borroka tresna indartsu bat zutela eskura haien aldarrikapenak exijitzeko, eta prest zeudela irmotasunez erabiltzeko.

Audio_placeholder

1917 eta 1920 arteko grebak

Loading player...
Gobernadore zibilaren aurkako 1920ko greba
Gobernadore zibilaren aurkako 1920ko greba (La Informacion | NAIZ Irratia)

1917an greba iraultzailea deitu zuten PSOE, UGT eta CNT-k, espainiar estatuko egitura politikoa eta ekonomikoaren erabateko eraldaketa eragiteko. 1916ko grebaren esperientziak itxaropenak eman zizkien holako hordagoa botatzeko 1917an. biziki mugitua izan zen urte hau munduan zehar baita ere:Oraindik I Mundu Gerra amaitzeke zegoen eta azaroak 7an Errusian boltxebikeek iraultza egiteko zorian zegoen.

Greba iraultzaileak abuztuko 14tik 17ra iraun zuen Donostian. Hiria poliziaz,guardia zibilez eta armadako soldaduz bete zen, Martinez Anido goebrnadore militarrak aginduta. Langileen lokalak, gauez tabernak ixtea eta manifestazioen errepresioa gertatu ziren. 36 grebalari atxilotu zituzten Ulia mendian grebari buruz hitzegiteko batzartzera zihoazenean. Guztiarekin ere, Donostiako burgesiaren aitzindariak (“fuerzas vivas” esaten zitzaien orduan), nekez ezkutatzen zuten haien urduritasuna, eta segurtasun indarrak laguntzeko talde parapolizialak antolatzeko egitasmoa mahai gainean jarri zuten. Azkenean, haien ametsgaiztoa ez zen errealitate bihurtu, greba iraultzaileak ez baitzituen bere helburuak erdietsi, bai ordea Donostiako udako egunak ederki astindu.

XX. mende hasieran greba agertu argi eta garbi tresna garrantzitsua bezala, bai helburu iraultzaileekin, baita lan arloko gatazketan eragiteko. Ugariak izan ziren grebak, ia sektore guztietan. Eta batzutan, greba bere jatorrizko eremua (gatazka zegoen lantokia) gaindituko zuen kalera hedatzeko, gizarte osoari eraginez. Lan arazoak gizarte arazoak izatera pasatu ziren. Horren lekukoa (gehiago izan ziren) 1918ko maiatzean Donostiako eraikuntzako peoiek egin zuten greba, berain lan baldintzak hobetzearen alde. Greba horren testuinguruan, pasarte bitxia izan zen: Urdaneta kalean eraikitzen ari zen etxe batean aurkitu omen zen dinamita kartutxoa. Ez dago garbi nork utzi zuen hor,langileek grebari indar gehiago emateko ala ugazabek greba kriminalizatzeko. Dinamitarekin edo gabe, peoien piketeek talka egin zuten guardia zibilarekin San Martin kalean eta Kursaal-eko lanetan, non lanen arduradun batek errebolberra atera eta bi tiro egin zituen airera. Tentsio handi honen erdian, Donostiako udaletxeak bitartekaritza egin zuen ugazaba eta langileen arteko negoziazioetan.

1920ak erakutsi zuen grebak bestelako izaera izan zezakeela, Iraultza ala lan gatazkatik aparte. Maiatzan Pasaia eta Errenteriko bizilagunek protestatu zuten gertatzen ziren kotxe istripu ugariengatik mugara zihoan errepidean, gehiegizko abiadura zeramaten kotxeak zela eta. Goardia Zibilarekin istilua izan zuten eta maiatzak 25ean greba deitu zuten bi herri horietan. Greba batzordeak ordezkaritza bat bidali zuten Donostiara Gobernadore zibila zen Mirallesesekin hitzegiteko. Alabaina, Miralles Errenteriko greba batzordeko kideen atxiloketa agindu zuen. Grebarekin amaitzea bilatzen bazuen, lortu zuena greba hurrengo egunetan Gipuzkoara zabaltzera izan zen, gobernadore zibilaren dimisioa eskatuz gainera.

Jaurlaritza Logoa