En directo

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria
Entrevista
Enrikko Rubiños
La Topadora taldeko bateria-jotzailea

«Kontzientzia gabe kontsumitzen dugu, ‘a toda ostia’ goaz batetik bestera»

La Topadora taldeak estudioko bigarren diskoa kaleratu zuen duela hilabete batzuk eta Naiz Irratiko uhinetan izan zen Enrikko Rubiños taldeko bateria-jotzailea. ‘Karma’ diskoarekin energia positiboz bete nahi dituzte gure bazterrak eta datorren astean jarraituko dute disko berria zuzenean aurkezten.

Audio_placeholder

«Kontzientzia gabe kontsumitzen dugu, ‘a toda ostia’ goaz batetik bestera»

Loading player...
Zirkuaren karpan eta aurpegiak margotuta agertu dira La Topadora taldekoak ‘Karma’ diskoa aurkezteko.
Zirkuaren karpan eta aurpegiak margotuta agertu dira La Topadora taldekoak ‘Karma’ diskoa aurkezteko. (Josu TORREALDAY)

Otsailean izan ginen Enrikko Rubiñosekin ‘Karma’ diskoaren inguruan hizketan. Martxoan Suitza aldean egingo duten bira laburrari buruz hizketan begiak pizten zitzaizkion, ilusioz gainezka agertu zen Naiz Irratiko estudiora, bihotzeko gaitzari buelta eman eta bateria oholtza gainean astintzeko nahia nabaria zuen.

Bira baino astebete lehenago, ordea, bere azken kontzertuak martxokoak izango direla iragarri du sare sozialetan, taldeak eskatzen duen erritmoari ezin diola eutsi argudiatuta. Beste modu batetara jarraituko du instrumentuaz eta musikaz gozatzen orain Rubiñosek, baina orduan izan genuen elkarrizketa erakusteko unea iritsi dela uste dugu, bere zoriontasunari omenaldi moduan bada ere. Aguante Enrikko!

Zer moduz Enrikko?

Ondo, ondo eta zu?

Ondo baita ere.

Bestela ez digute kasurik egingo eta…

‘Vamos primo’ kantua aspaldian atera zenuten, hasiera arraroa izan duzuelako La Topadora moduan. Baina kantuaz aparte, bideoklip berezi bat ere atera zenuten diskorainoko tarte honetan. Ez zaudete geldirik egoteko.

Lehen kontzertua eman eta etxera sartu gintuzten. Baina ez, ez gara geldirik egon, ez dakigulako. 360ºko irudiak dituen bideoa ere egin genuen. Hori bai, mugitu behatzarekin pantailan edota saguarekin klikatu, bestela bakarrik ez da mugituko-eta planoa! Berezia izan zen.

Zuzenekorako abesti asko izatea zen bi disko segida samar egitearen helburua?

La Topadora azkenean zuzeneko taldea da, hori da gure habitat naturala. Diskoak egin behar dira, baina egin duzun lan hori erregistratuta uzteko. Gu zuzenekoak bizi gaitu.

Lehen kantu honek  Vendetta taldearen esentzia du, ezta? Orduko samplerren bat ere iruditu zait entzutea.

Bai, elektronika bagenuen orduan, akaso ez hain kargatua. Javierok ‘right’ hori buruan sartuta du eta ‘Bother’ diskoan ere grabatu egingo zuela esango nuke, baina hemen berriz grabatuta daude, ez dago orduko ezer.

Txarrak ahaztu eta aurrera egiteaz ari zarete hizketan, ‘Karma’ diskoak orokorrean badu mezu hori.

Karma positiboaren bilaketan ari gara.

Zuri txarrak ahaztea tokatu zaizu, gaixotasuna medio.

Bai, hala da, eta oraindik ere arrastan daramadan zerbait da. Aldaketa ez da hainbestekoa izan, baina beldur nintzen jarraitzeko aukerarik izango ote nuen edo ez, medikuek ez zidatelako lasai jotzeko esaten. Lehen kontzertuetan pultsua neurtzeko gailua neraman, eta pultsazio altuan ibili nintzen urduritasunagatik. Baina etapa hori ere pasa da eta buelta eman diot.

Diskoa irekitzeko, ordea, rumba doinuak aukeratu dituzue ‘La sombra del ángel caído’ kanturako. Zuek deabruaren lagunak zarete?

Inguruan dabil beti, tentazioak eta… badakizu. Beno, hori deabrua bada. Kutsu hindua ere badu, Javierori atentzio handia eman izan diolako Bollywoodeko eszenografiak. Gainera, kasualitatez, Iruñeko Santo Domingo aldapan bizi zenean, bertan pelikula bat grabatu zuten eta horrek ere eragin zion. Pentsa, gisa horretako bideoklip bat ere egin nahi duela esaten digu! Soinuarena nik uste dut hortik hartu zuela.

Programazio dezente daudela esan dezakegu, lan handia dago hor. Horiek gerora sortzen ziren edo kantuak egiterako hor zeuden?

Jolaserako tartea hartu dugu. Javierok kantuak ia osatuta ekartzen ditu lokalera, Luisillorekin elkartzen da sarri eta haren kantuekin ere gauza bera gertatzen da. Gero erritmoa sartzerakoan, batzuetan, nik aldatu egiten dut, ukitu batzuk eta sartzea proposatzen dut. Baina Javierok berak esaten du kanpoko belarriak ere behar dituela kantua borobiltzeko, eta hortan gabiltza.

Lokalean, beraz, kantuak borobiltzen dituzue.

Bai, baina landetxe batetara joaten gara asteburu batean eta hor etenik gabe lanean aritzen gara, aurre-ekoizpen handia egiten dugu bertan eta diskoa bertan bukatzen dugu nolabait ere. Barandira, Olaztira, joaten gara eta uste dut beti bertan ibiliko garela.

‘A toda vela’ joaten zarete, hortaz. Beti gazte sentitzearen zera hori entzuten da abestian, zuek hala mantentzen zarete?

Saiatzen gara, kar-kar. Motibazioari eustea da kontua eta zuzenekoetan lortzen dugu hori, esan dugun moduan, bagarelako zuzeneko animaliak, hori da gure habitata. Kantua, rock argentinarra da guztiz eta badu istorio bitxia hor atzetik. Entzuten diren ahotsak Mendozakoak dira, argentinarrak, ardo ona eta jende ona bertan. La escandalosa tropa taldeko Guille eta Maurito dira eta sekulako kolorea ematen diote kantari.

Kantu bakoitzak kasik estilo bat duela esan dezakegu, laugarren kantua aipatuko baitugu eta, oraingoan, reggae musikara egingo dugulako salto, Gloria Fuertesen hitzak dituen ‘Ya ves tú qué tontería’ kantura. Perkusioa ere badu.

Perkusio batzuk nik jotakoak dira eta beste batzuk ez, ‘Muxu’ kantukoak esaterako nik jo baditut ere. Enlatatuta dauden perkusioak programazioarekin bateratuta doaz eta nabaritzen da. Album honetarako goiz batean egin nuen grabaketa guztia kasik, infartoaren osteko garaia zelako eta estudioan denbora askorik ez nuelako eman nahi. Besteetan ere askorik egoten ez naizen arren. Horrez gainera elektronikaren kutsua badago, baxu digital bat ere badagoelako. Gloria Fuertesek bere aitari idatzitako hitzak ditu oinarri.

Zergatik latinoamerikara begira jartzeko behar hori?

Zeharo festarako musika egiten dutelako, oso beroa eta horrek ere motibatu egiten gaitu. Gainera, ez gara nitxo batean sartzen eta bakoitzak bere gustuak ditu. Hortaz, dena nahastean halako erokeria bat sortzen da. Estiloz bi parek baino ez dute ezkonduko, eta hori ere polita da.

Horren adibide ‘Busca y destruye’, rap-metala. Def Con Dos, O'Funkillo edota Rage Against The Machine ekartzen dizkigu burura kantu honek.

Eragin digun talde bat izan da Rage Against The Machine. Zaplasteko bat eman zion mundu guztiari, denei paretik kentzeko esanaz, berek bazetozelako hau egitera. Luisillo eta Javierori O'Funkillo asko gustatzen zaie, diozunari jarraika, gainera, baxuak badu pisu hori erreferentzia horietan guztietan.

Kontrakotasuna azaleratzen duen abestia, gainerakoarekin kontrastea egiten duena.

Moldeak apurtu eta aurrera. Batzuetan horrela sentitu gara, ez taldean bakarrik, pertsonalki ere bai. Gauza batzuk ez doaz zurekin eta bazterrera uzten dituzu eta hori ere bada kontra egitea.

Bukaeran txalaparta bat ere entzuten da.

Harrikada galanta da hori. Javierok esan zuen, berari bururatu zitzaion eta sartu genuen. Programatu egin genuen, Javierok egin zuen eta gero nik pixka bat moldatu. Ez dago ez pad ez halakorik eraginda, dena informatikoki egin genuen. Partitura moduko bat idazten da hor eta horrela dago egina. Baina, aipatu txalapartak erabili ditugula besteetan ere, iazko Kilometroetako kantuan esaterako. Gainera, Vendettan Rubenek eta biok ‘Ekainak 24’ kantuan oholtzan elkarrekin jotzen genuen.

Denbora frenetikoki doanaren seinale. ‘Frenético’ aurreko kantuarekin lotuta doa eta Brigi Duke kolaboratzen duzue. Nola sortzen da hau?

Hutsune hori ikusi orduko Brigirentzat zela argi geneukan. Gainera guztietara apuntatzen da Brigi. Kantua horrela zen sorreratik, zer ote du buruan gizon honek, ezta? Kanpora ateratzen dela halako mestizo bat bada, zer ote da barruan geratzen dena! Kar-kar. Esan beharra dago metal sekzioa entzutean Chicagoko kaletara eramaten nauela, oso ondo grabatuta daude.

Estudios Kn ibili zarete horretarako Alberto Porresekin. Arte bat da metalak ondo grabatzea.

Bere eskua hor dago eta ahalik eta naturalenen entzutea izaten da helburua. Jende askok ez daki hori ondo grabatzen eta asko kosta izan zaigu hori entzutea. Albertorekin grabatu genuen Vendettaren lehen diskoa ere eta ez dago kolorerik, 15 urte hauetan esperientziarekin eta materialari esker asko hobeto duelako. Baina kontestuan jarri behar da guztia, egun materiala bera ere denon eskura dagoelako.

Abesti honetan une batez autotunea ere erabiltzen da.

Beste harrikada bat, «trap, autotune y lorazepam» dion unean. Hiru gauzak asko kontsumitzen direlako egiten zaie aipamena. Letran frenetismoaz ari gara, kontzientzia gabe kontsumitzen dugulako, ‘a toda ostia’ goaz batetik bestera. Berehalakotasuna behar dugu, Instagram da horren adibide, argazkiak pasa eta pasa eta segituan ahaztu zaizu zer ikusi duzun ere. Gogorra da eta oso kritikoak gara horrekin, aurreko lanean ere ‘El pensamiento en movimiento’ kantua hortik zihoan. Dena da itxurakeria eta berehalakotasuna, zertan ari gara?

‘Al calor’ eta ‘No dejes que lo hagan por ti’ kantuak ere lotu daitezke. Ska klasikoa dute biek ere, bigarrena akaso Britainia Handiko eszenatik gertu dagoena. «Zuk zeuk egin» da hitzen lelo nagusia.

Bai eta brit-pop pixka bat ere badu errepikan, ezta? Zuk ez baduzu egingo, inork ez du zugatik egingo. Lagundu bai, baina zure partetik ere jarri beharra dago!

‘Muxu’, berriz ere kontrastean dator, kunbia bat oraingoan.

Mendozan egon ginenean kunbia kontzertu batetara eraman gintuzten, hasi eta buka kunbia zen dena, denak dantzan ari ziren bertan, eta hori musika instrumentala zela! Harrituta geratu ginen, asko gustatu zitzaigun. Gero Javierok halako dokumental bat ere ikusi zuen eta harrapatuta geratu zen kunbiaren munduarekin.

Perkusioaren amorratua zara.

Ni izatez perkusio-jotzailea naiz, karrera perkusioan zentratuta egin nuen nahiz eta gero bateria aukeratu nuen. Orkestra tradizionalik ez dago hemen, plaza taldeak ere ia galtzen ari direlako. Hortaz, perkusioa jotzeko modu bakarra klasikoan aurkitzen du. Ni hor ere ibili nintzen, klasikoan egin nuen denbora asko, baina gero bateriarako bidea egin nuen. Klasikoan ez dago aukera askorik, eta perkusio latinoan gutxiago.

‘Inoiz ez’ utzi dut bukaerarako. Elektronika du, rocka du, ukitu latinoa…

Distortsioa hor dago, erritmo barea, elektronika… festa kontuak!

Setlista egiterakoan ez dakit nola egiten duzuen, baina honek leherketa bat ekarri dezake.

Zornotzako kontzertuan oso ondo funtzionatu zuen eta sareetako informazioaren arabera ere asko entzuten ari den kantua da.

Elena Tormok egin duen diseinuan esku bat beste hartuta ikusten dugu, zulotik elkar hartuta irtetzearen ideia da erakusten duena?

Karma irudikatzen du eskuetako batek eta pixka bat ideia hortatik doa diseinu guztia.

Kontzerturik baduzue lotuta?

Suitzara joateko asmotan gara halako bira txiki batean martxoko azken asteburuan, eta martxoko azken ostiralean, 31n, Iruñea Rock jaialdian ere izango gara. Toki ederra da Nafarroa Arena eta asko gozatuko dugu ziur, maite dugulako jaialdi hori.

Bada, mila esker gurekin izatearren eta gozatu.

Ea horrela den eta berdin!

Jaurlaritza Logoa