En directo
Laguntasun horretan sakondu nahi izan dugu Bigarren Kafean, musika nola sentitzen duten, instrumentuekin zein lotura duten, eta euren bidean zer bizi eta zer egin duten arakatzen aritu gara, baita 2021ean elkarlanean kaleratutako Metamorfosia diskoaren nondik norakoen inguruan ere.
Musika bizi, musikan bizi eta musikaz bizi. Ezberdintasun txikia dirudi baina argi dute biek musikarekiko harremanean non kokatzen diren. «Billy Elliot pelikularekin alderatzen dut nire bizitza, Gary Elliot esan ohi dut, nik oso argi nuen txikitatik hartu nahi nuen bidea, ez ulertu bat nintzen» aipatu digu Garikoitzek.
Ogibidez musikariak, bai, eta beste gauza asko, baina baita Metamorfosia bezalako lana sortu duten bi lagun min ere. Euren harremanaren zeresanaz aritu gara.
«Musikaren handitasunetako bat zera da, azaldu ezin diren zenbat gauza gertatzen direla, gauza asko ezin dira azaldu eta Garikoitz eta biok betidanik izan dugu konexio berezi bat, eta bide horretan gozatzeak badu bere xarma» aipatu digu Germanek.
«Batzuetan proiektuak prefabrikatuta egiten ditugu, baina gure kasuan, biok elkarri izugarrizko estima izan diogu eta Metamorfosia eta beste lan asko badira horren emaitza». Txistua eta tradizioaz ere aritu gara saioan, German eta Garikoitz bezalako musikarien ekarpenaren balioaz, eta gizarteak halako soinuak bigarren maila batean zokoratzeko duen joeraz.
«Oraindik ere beharrezkoa da txistuaren soinua, diskografia aldetik gainera produkzioa handitzen ari da, baina ezagutza masibo hori ez du inoiz izango seguraski» gaineratu deu Mendizabalek.