En directo
Duela hamar urte jarri zuen martxan Unai Elizasu Lertxundik Arrauning proiektua. «Arrauna denok ezagutzen genuen zerbait zen baina inork ez zuen probatzeko aukerarik». Hortik abiatuta, hasiera batean traineru batekin Urumea ibaian joan-etorriak egiten hasi zen eta gaur egun 16 kanoa kanadiar ditu.
Urumea ibaia da proiektuaren ardatza. «Bertan entrenatzen nuen arraunlari nintzenean. Orduan ez nuen ezer ikusten trainerutik haratago baina gerora hasi nintzen portuak, baserri zaharrak, dortokak eta antzekoak bazirela jabetzen. Izugarrizko altxor bat genuela ohartu nintzen eta jendeari hori erakusteko ideia otu zitzaidan».
Bertakoei ingurua erakustea da Elizasuren helburua. «Donostiarrek ez dakite zer den Urumea. Zergatik dauden sagardotegiak ibai horren ertzean edo zergatik dauden hainbeste portu. Garai batean Urumea festa eta aisialdi gune bat zen».
Ternuara bakailaotara joaten ziren arrantzaleek sagardoa eramaten zuten ontzietan. Edari hori ez zen galtzen eta Eskorbuto gaixotasuna ekiditeko aparta zen. Sagardoa ibai ertzeko baserrietan egiten zen eta ekoizpena areagotu behar izan zuten ontzi handi haien beharrizanak asebetetzeko. Bidaia horiek amaitu zirenean, ekoiztutako sagardoarekin zer egin pentsatzn hasi eta sagardotegiak jarri zituzten. Euskaldunek bakailaoa ekarri zuten inguru haietatik eta hori da sagardotegietan bakailaoa zerbitzatzearen arrazoia.
Zerbitzu malgua eskaintzen du Arrauningek. Inolako prestaketa fisikorik gabe ere egin daitezke zeharkaldiak kanoetan. «Etxeko edozein aulkitan bezala eserita joateko modua eskaintzen dute kanoa horiek eta eroso joaten da bertan». Irteera irekiak eta itxiak, kanoen alokairua, irteerak sagardoarekin uztartzea… Denetik eskaintzen du.
Urumeari begira denak daudela dio Elizasuk baina inork ez duela Urumeatik begiratzen. «Donostia haziko bada, ibaiaren ardatzean haziko da. Denak daude Urumeari begira baino inor ez dago Urumeatik edo Urumerentzat begira».
Entzun Bigarren Kafean Unai Elizasu Lertxundirekin izan dugun solasaldia.