En directo

Alex Altuna

Gomiztegi artzain eskola: 25 urte tradizioari eutsiz pausoak ematen

Gomiztegiko artzain eskolak ateak zabaldu zituenetik hogeita bost urte bete dira. Ogibidea eguneratu, profesionalizatu eta formakuntza saioak eskaintzen dituzte bertan, etorkizuneko artzainak trebatzeko. Batis Otaegi hastapenetatik gaur arte jardun da eskolan lanean.

Audio_placeholder

Gomiztegi artzain eskola: 25 urte tradizioari eutsiz pausoak ematen

Loading player...
Batis Otaegi
Batis Otaegi (Alex Altuna)

Batis Otaegi legazpiarrak oso gaztetatik du harreman «estua» artzaintzarekin. Hain lotura handia izan du, non 1998an Arantzazuko artzain eskolaren sortzaileetako bat izan zen. Eskola hori garai hartako zenbait gertakariren ondorioz sortutako ekimena izan zela azaldu zuen NAIZ Irratiari emandako elkarrizketan.

1980an animalien kanpaina sanitarioak burutzen zituzten lehen elkarte profesionalak sortzen hasi ziren. Lakuako Gobernuak momentu hartan lan hori premiazkoa zela eta hura mantentzea interesgarria izan zitekeela uste izan zuen. Izan ere, Otaegiren hitzetan, artzaintzak bazuen «bere nortasuna eta zeresana euskaldunon bizitzetan».  

Testuinguru horretan, industria garaia «bete betean» zegoela sortu zen Gomiztegiko artzain eskola. Industriak izugarrizko indarra hartu zuen eta baserriak «hustu eta artzaintzaren ogibidea galzorian zegoen». Batis Otaegik azaldu duenez, egoera horri erantzun bat emateko sortu zen eskola; egungo gizartearen beharrei erantzungo ziena.  

Galtzen ari diren balioak

«Antzinatik euskaldunok animaliak ematen zuen horretatik bizi izan gara, gure mendietan ikus ditzakegun aztarnetan oinarrituta. Pertsona horiek euskaldunok dugun sen hori gaur egunera arte transmititu dute; hala nola lanaren balioa edota hitzaren balioa», azaldu zuen. Balio horiek gaur egungo gizartean galtzen ari direla eta horiek berreskuratu beharra dagoela azpimarratu zuen Otaegik.  

Artzain eskolak dituen hogeita bost urteetan gauza asko aldatu dira, Otaegi esandakoaren arabera: teknologiaren eta teknikaren garapena da batik bat aldatu dena. Hala eta guztiz ere, lehengo egiteko moduei eutsi omen zaie, horiek eraberrituz. Bere iritziz, tradizioak eraberritzen ez badira «desagertu» egiten dira, halabeharrez.   

Gomiztegiko artzain eskolaren oinarria eskaintzen duten formakuntza saioak dira. Ikastaroan, nahiz eta praktikotasunak garrantzi handiena izan, teoria ere ematen dute gauzak egitearen zergatia ulertzeko. 310 ikasle igaro dira 25 urte hauetan eta egun 165 gehiagok dihardute lanean. %20 emakumeak dira eta 27-28 urtekoa da batez besteko adina.  

Azkenik, Batis Otaegiren ustez, artzaintzaren etorkizuna «ziurgabea» da. Bere ustez, artzaintza ez da gizartearen interes faltagatik galduko, baina desagertu liteke instituzioek interes gutxi dutelako eta honen babeserako eta indartzerako politikak egiten ez dituztelako.

Hortaz, administrazioei dagokie artzaintza beharrezkoa ikusten duten erabakitzea eta horren aldeko apustua egitea. «Hautu bat egin behar dute eta dirua jarri behar dute dena eraberritzeko», adierazi zuen.

Jaurlaritza Logoa