En directo
Astebeteko etenaren ostean, bueltan izan da Iker Bárbara bere ‘Zarata’ tartearekin: «Inauterietako larunbata pott eginda pasa nuen etxean, bezperan musika jartzen ibili nintzelako Gabriela Sabatiniz mozorrotuta. Hori bai, oso ondo pasa nuen».
Liher - Eramaten
Gipuzkoa aldean hasi du Zarata Mondo Sonoroko zuzendariak otsaileko azken tartea: «A zer kantu pusta ekarri dutena, Foo Fighters taldearen ‘Best of you’ etortzen zait burura, sentsibilitate eta epika hori baduelako. Ez naiz Foo Fightersen jarraitzaile sutsua, baina kantu honek Fuji Festivalean izan nintzen unera eraman nau eta zati horretan kateatuta geratu naiz. Normalean egin dutenarekin alderatuz melodikoagoa izan da kantu hau eta sorpresan harrapatu gaitu, baina garrantzitsuena abesti ona dela da eta Liherrek edozein soinu mota jorratzeko sekulako gaitasuna duela erakusten duela. Gainera, asko gustatzen zait diskotik diskora gauzak aldatzen eta arriskuak hartzen joan direla, horrek asko balio duela uste dut».
Tritones - Algo mejor ft. Zaloa Urain
Bi eszena desberdinetan dabiltzanen arteko elkarlana da Iker Bárbarak ekarri digun proposamena. Rockak Gipuzkoan badituelako eszena bat baino gehiago: «Donostiako hirukotea dira eta 2016an kaleratu zuten aurreko diskoa. Datorren asteetan aterako dute EP berri bat eta aurrerapen kantuan Zaloa Urain izan dute berekin abesten. Esango nuke Kokein taldeko abeslariak gazteleraz abestuz grabatu duen lehen kantua dela. Zaloaren ahots izugarria erregistro berri batean entzuteko aukera ematen digu, beraz, Tritones taldeak».
Airu - Coloco los pies
Oso Polita zigiluarekin kaleratuko dute lan berria Airu taldekoek, geroz eta artista gehiago pilatzen ari den zigiluarekin. Iazko BBK Liven emakumeek izan zuten harrera bikaina kontuan hartuta, ez litzateke harritzekoa izango bertako kartelaren parte izatea Bilboko proiektu hau. «Irune Vegaren bakarkako proiektu bezala hasi zen, bere etxean eta bere logelan, beste hainbat proiektu bezala, baina gorputza hartzen joan zen eta musikari gehiagorekin, laukote moduan, hasi zen lanean. Zuzenekoak ematen eta lehiaketetan parte hartzen hasi ziren eta pixkanaka proiektua gauzak argiago ikusten joan da, garapen oso interesgarriarekin. Alaia da alde batetik egiten duena, baina iluna da aldi berean eta hori oso interesgarria da», aipatu digu Zarata Mondo Sonoroko buruak.
Merina Gris x Delaporte - Almar
Azken tokian beste kolaborazio bat ekarri digu kazetari bilbotarrak: «Kolaborazioena gauza oso normaltzat hartu behar dugu, geroz eta zabalduagoa dagoen kontu bat bezala. Delaporte taldea ere pop elektronikoa jorratzen ari da eta komunean gauza dezente dituzte Merina Grisekin. Ed is Dead ekoizlea izan daiteke akaso bi taldeak lotu dituena, batek daki, baina Sandra Delaportek duen gaitasuna sekulakoa da eta abestiari kolore polita eman dio. Delaportekoek sekulako trebezia dute kolaborazioak egiteko, gainera, eta edozein kantu moldatzeko gaitasuna badute, pentsa zeinen erreza izango den Sandrarentzat besteen mesedetan abestea. Bideoklipa ikusi behar da kantuaren istorioa ulertzeko, pelikula moduan egin dute Arrigurikoek beste behin eta ‘Besteek zer’ kantuaren ikus-entzunekoan parte hartu zuen Alberto Rodriguez ikusi dezakegu Jone Laspiurrekin batera».