En directo
«Shakira, Dua Lipa, Kylie Minogue eta Natalia Lafourcade ekarri nizkizunean, urte hasiera eskasa izaten ari zela aipatu genuen, eta, gisa berean jarraitzen duenez, nahiz eta ostiralero hamar disko berri entzuten ditudan arren, atzera begirakoa egingo dugu berriz ere», hasi da musika aditu lemoaztarra.
Hisiari buruzko post-it bat zeukan prest Izkanderrek urte hasierako tarte potentzialen inguruan, «horren inguruan bilaka ibili naiz eta hau izango da», esan digu Fernandezek.
Deep Purple - Highway Star
«70etara egingo dugu salto. Black Sabbath eta Led Zeppelinen eztandaren ostean agertu zen Deep Purple, eta beren diskoetxeak prentsa guztia erosi zuen eta autobusa kazetariz bete zuen bira bat egiteko. Ritchie Blackmore troll bat denez eta orduan ere bazenez, kazetarien galderez nazkatuta erantzun aldrebesak ematen hasi zen bira hartako prentsa agerraldietan eta hor sortzen da abesti hau, istorio hori du bere barnean gordeta. Riff gogorrak ditu kantuak, hard rocka zer izango zen marraztu zuten», dio Izkanderrek. Mundu mailan arrakasta handia izan zuen ‘Machine head’ 1972ko diskoan dago kantu hau, gerora talde bati izena eman zion albuma.
Nine Inch Nails - Starfuckers, Inc.
1999raino aurreratuko gara bigarren taldearekin: «Trent Reznorri aldizkari batean irakurri nion bertako kide bat joan zenean idatzi zuela ‘Pegy’ kantua, baina ez omen da egia. Beste istorio batzuk gordetzen omen ditu, Sharon Taten hilketan kontatzen omen du; Charles Mansonek hil zuen Tate, eta haren etxea erosi zuen Reznorrek. Baina beranduagoko ‘The Fragile’ diskoan Courtney Lovei idatzitako kantu bat zegoela ere gogoratu nuen, beren arteko harremana ez zutelako ondo bukatu. Rock industrialaren gogorrena entzun daiteke abesti honetan».
Alanis Morissette - Hands clean
2000etako pop kantautoreen musikan, garrantzia handia izan zuen Alanis Morissettek, bere abestien soinuak asko markatu baitzuen garai hura. Hisiaz ere maiz hitz egin du bere kantuetan: «‘You outta know’ eta ‘Hands clean’ kantuek badute halako lotura bat beren artean, baina narratiba beste garai batean kokatzen da bigarren kantuan eta nabaritzen da adinean aurrera egin duela kanadiarrak. Teenager bat zen garaian ia 30 urteko gizon batekin izandako harremanaz hitz egiten du abestian, istorio iluna duen kantua da inondik ere. Kuriositate moduan, Maverick diskoetxearekin atera zuen diskoa, Madonnak sortutako zigiluarekin, Deftones taldearen diskoa ere kaleratu zuena».
Fleetwod Mac - Go your own way
«Talde honek gauza bitxi bat egin zuen: Britainia Handitik alde egin eta taldekideetako batzuk izen berarekin Estatu Batuetan diskoak argitaratzen hasi ziren. Diskogintza modernoan garrantzitsua da disko hau, 1977an aro bat markatu zuelako. Dena dela, disko hau grabatu zenean, estudiotik kokaina kilo asko pasa zirela esan daiteke, denak eztanda egin zuelako. McVie senar-emazteak banandu egin ziren eta Lindsey Buckingham eta Stevie Nicks ere arazotan hasi ziren. Garaiko kronikek diote grabaketetan Lindseyk Stevie estudiotik botatzen zuela, bere presentziak enbarazu egiten ziolako. Hain modan dauden dokumental edota telesail bat egiteko beste ematen du disko honek, 6-8 ataletakoa gutxienez. Gainera, bada telesail bat Disney etxearen jabetzakoa, non abesti hau diskoko txarrena dela dioten. Baina diskoari Pitchforkek 10a ematen dio eta niretzako ere hainbeste merezi du, esan dudan bezala, diskogintza modernoan aro bat markatu zuelako», bukatu du Izkander Fernandezek.