En directo

Peli Lekuona
Gasteiz
Entrevista
Lander Garcia
Martxoak 3 elkartea

«Fase bat itxi dugu baina erakundeek borondate politikoa erakutsi behar dute»

Herri eragileek onartu dituzte erakundeen baldintzak, bada adostasuna Gasteizko Zaramagako elizan 1976ko martxoaren 3an gertatu zen sarraskiaren inguruan memoria gune bizi bat eraikitzeko. «Orain borondate politikoa behar da, adostutakoa errespetatuz aurrera egiteko», esan du Martxoak 3 elkarteak.

Audio_placeholder

«Fase bat itxi dugu baina erakundeek borondate politikoa erakutsi behar dute»

Loading player...
Memoria Gara ekimenaren agerraldia, oroimen gune bilakatu nahi duten Zaramagako elizaren aurrean, 2021ean.
Memoria Gara ekimenaren agerraldia, oroimen gune bilakatu nahi duten Zaramagako elizaren aurrean, 2021ean. (Endika PORTILLO | FOKU)

Duela 47 urte, 1976ko martxoaren 3an, polizia espainolak bost langile hil zituen Gasteizen: Pedro Maria Martinez, Francisco Aznar, Romualdo Barroso, Jose Castillo eta Bienvenido Pereda. Gazteak greba egiten ari ziren, hainbat kiderekin batera, eta Zaramagako elizan zeuden. Polizia armatuak, eliza gaseztatzeaz gain, ihesi irten ziren langileak tirokatu zituen. Eraso horrek ehun zauritu eragin zituen, eta agente asko harro agertu ziren mila tiro baino gehiago egin izanaz.

Krimen polizial horrek erabateko gaurkotasuna hartu du, sarraskia gogoraraziko duen memoria gunea eta hori kudeatzeko fundazioa laster eratu daitezkeela dirudielako. Horretan zeresan handia du Martxoak 3 elkarteak, espainiar poliziaren ekintzaren ondorioz hildako eta kaltetutako pertsonak eta haien senideak biltzen baititu eta gainerako herri eragileekin lan handia egin baitu ia bost hamarkada hauetan memoria hori gaurdaino iristeko. Memoria Gara elkarteak bezala, oniritzia eman dio instituzioen azken proposamenari. Ez dituzte zalantzak uxatu, ordea.

‘Hemen Gertatu Zen’ saio berezia egin du NAIZ Irratiak iragarpen horren harira, Gasteiztik, Martxoak 3 elkartearen egoitzatik bertatik. Lander Garcia ordezkariak «fase bat itxi» nahi izan dutela adierazi du, baina «gauzak ez dira errazak», gaineratu du. «Orain borondate politikoa behar da; erakundeek, adostutako baldintzak errespetatuz, aurrera egiteko borondatea erakutsi behar dute behingoz».

Gaizki tratatuak

Izan ere, Garciak azaldu duenez, orain arte «nahiko gaizki» tratatu izan dute erakundeek Martxoak 3 eta Memoria Gara elkarteek ordezkatzen duen parte soziala eta hori azpimarratzea funtsezkoa da halako prozesu bat aurrera eramatea zein zaila den ulertzeko. Esan duenez, instituzioek egitasmoan parte hartu behar dute berau publikoa den neurrian, baina Martxoak 3 elkartea bertan egotea «ezinbestekoa» da, «prozesu osoan eragiteko ahalmena izanez: diseinuan, edukietan, filosofian, agendan...».

Proiektua 2018tik dator. Orduan sortu zen Memoria Gara ekimena, eta Zaramagako elizan oroimen gune bat egiteko ideia plazaratu zuen. «Erakunde guztiek ezinezkoa zela esan zuten. Apezpikutzak ere, eraikinaren jabeak, esaten zuen ezinezkoa zela eliza horretan ezer egitea». Martxoak 3 elkarteko kideak agertu duenez, 2014tik ez da bertan mezarik ematen eta, halako ondare sinbolikoa irekita dagoen zauri baten lekua denez, zentzu osoa dauka memoria zentro bilakatzeak.

Egungo borrokekin lotua

2016tik badu jarduera memorialista txiki bat, Martxoak 3 elkarteak antolatzen dituen bisitak elizaren barruan amaitzea lortu baitzuen. «Azalera osoaren %3 utzi ziguten, baina eraikin osoa behar zela aldarrikatzeko mugimendua sortu zen 2018an, memoria zentro dinamiko bat egiteko, ez soilik martxoaren 3ko gertaeren erakusketa estatiko bat eraikitzeko, baizik eta memoriaren etxe bat, agenda batekin, egungo borrokekin lotua, ez baita bakarrik 1976ko kontu bat: urtero berritu eta ezaugarritu da hainbat borrokarekin. Martxoaren 3ko borrokak justizia soziala ordezkatzen du, antifaxismoa, borroka feminista, langileen borroka, migratzaileena. Elkartasunaren alde borrokatzen duten herri mugimendu guztiek dute isla martxoaren 3ko memoria horretan», nabarmendu du Garciak. Gainera, «Estatu espainiarrean ezarritako inpunitate eredua salatzen du».

Hortaz, «daukagun artefaktua ez da batere erosoa egungo erakundeentzat. Hasieran, erakundeek ez zuten ezer jakin nahi. EAJ eta PSE ari dira gobernatzen Jaurlaritzan, Foru Aldundian zein Gasteizko Udalean». Elkarte memorialistako kideak azpimarratu duenez, ez da ahaztu behar Zaramagako sarraski horren memoria sektore eta herri mugimendu zehatz batek bakarrik aldarrikatu izan duela. «Azken urteetan baldintza berriak sortu dira eta boom bat gertatu da Gasteizen. Urtean jende gehien batzen duen manifestazioa martxoaren 3koa da, eta parametro jakin batzuetan deitzen da, ez memoria aseptiko ariketa huts bezala, egungo tresna bat dela irakurriz baizik».

Duela bi urte, «bat-batean», erakundeek esan zuten memoria zentro bat egingo zutela eliza horretan. Fase berri bat hasi zen orduan, eta «benetako korapiloak» agerian geratu ziren.

Korapiloak

Lander Garciak salatu duenez, «errespetu faltak» jasan dituzte erakundeen aldetik prozedura osoan eta «oso zaila» izan da «aktarik gabe, gaur gauza bat eta bihar beste bat entzunez» lan egitea. Laster hogeita bost urte beteko ditu Martxoak 3 elkarteak, eta aurretik eragile eta norbanakoek eutsi diote bizirik oroimenari.

Honatx, hasieratik izan duten korapiloetako bat: «Urtez urte berritu da, ondare izugarria dago kulturgintzan, testigantzetan, ondare materialean. Hainbat pertsonek gorde dituzte arropak, ke poteak, grabazioak... Baina nori emango dio jende horrek eta zertarako bere materiala? Museo bat eraikitzeko behar den ondarea zergatik oparituko dio erakunde bati, ez badu bermerik jakiteko zein parametrotan azalduko duen historia?».

2021eko adostasuna

2021ean formula bat adostu zuten erakundeekin, elkarte memorialistak asetzen zituena: kolaborazioa, Aranzadik Lakuarekin duen hitzarmenean inspiratua, horizontala. «Edukiak adostu genituen, lantalde tekniko bat osatzeko aurrekontu batekin. Halako zentro bat eraikitzea oso interesgarria da, baina lan handia da eta ongi egin behar da. Une batean gure susmoa zen erakundeek erakusketa iraunkor bat besterik ez zutela nahi. Hitzarmen horrek berme bat ematen zigun eta onartu egin genuen».

2022ko aurrekontuetan 35.000 euro finkatu zituzten horretarako, baina urtea pasatu zen deus ere gauzatu gabe. Ez hori bakarrik: partida hori 2023ko aurrekontuetatik desagertu zen. Herri eragileek kontuak eskatu zituztenean denetariko «aitzakiak» jaso zituzten. Beraz, prozesua «nekagarria» suertatzen ari zaie eta «mesfidantzak» sortu dira hitzarmena ez dela betetzen ari ikusita. «Norekin landu ere pentsatua genuen. Jendeak baditu bizitza eta proiektuak eta ezin duzu horrela jokatu. Biktimenganako errespetu falta izugarria ere bada».

Hala zeudela, adostutako hitzarmena martxan jarri gabe, dei bat jaso zuten urtarrilaren 13an, ostiralean, Gasteizko udaletxera joateko. «Fundazioa sortzeko estatutuen txostena eman ziguten eskura, esanez ondorengo astelehen goizean onartuko zituztela fundazioa martxan jartzeko. Udalean EAJ eta PSEk ez dute gehiengo osorik eta hori baliatuta, Martxoak 3 elkarteak udal talde guztiei hots egin zien estatutua ez onartzeko eskatuz, aztertzeko denbora behar zuelako. Aritmetika horregatik ez balitz, honezkero sinatuta izango zituzten estatutuak», azaldu du Garciak.

Nola bermatu partaidetza

«Sinesten dugu, eta nahi dugu proiektua aurrera egitea», baieztatu du. Bi bide ikusten ditu: nola bermatu herri eragileen partaidetza eta nola osatu fundazioa. «Gure arazoa ez da zenbat aulki izango ditugun; gure lehentasuna da jakitea zein metodologia egongo den guk aholkularitza eraginkor bat egin ahal izateko».

Estatutuen onarpen hori gelditzea lortu zutenean, talde eragile bat osatu zuten Memoria Gara eta Martxoak 3 elkarteen artean eta proposamen bat idatzi zuten. Lau puntu ditu: «Lehena, 2021eko hitzarmena, onartua dagoena, behingoz martxan jartzea, horrek bermatzen duelako gure partaidetza, asetzen gaituelako eta metodologia bat ematen digulako lan egiteko; bigarrena, biktimen egia, justizia eta erreparazioa helburuen artean jasotzea eta egitasmoa dinamikoa izatea, agenda batekin, egungo borrokekin lotua; hirugarrena, memoria elkarteek patronatuan ohorezko presidentetza izatea, sinbolo gisa, eta laugarrena, guztia biktimen asanbladak onartzea eta gertatu dena argitaratzea, errespetu faltak jakin behar dituelako jendeak: estatutu batzuk eskura eman zizkigutela 48 ordutan onartzeko, ekarpenik gabe, eta bakarrik aritmetikak blokeatu zuela egoera».

Hamar egunera kontraproposamena bidali zieten erakundeek. Bertan, lehendakariordetza sinbolikoa eskaintzen da, estatutuen helburuen hirugarren puntua onartzen da eta 2021eko hitzarmena martxan jarriko dela jasotzen da. «Norabide aldaketa nabarmena lortu genuen, eta gure asanbladan erabaki genuen baieztatzea». Dokumentuan, hiru puntu horiez gain, behin betikoa zela ere jartzen zuen.

Itunarekin izango da izango bada

Otsailaren 16an kontraproposamena asanbladan aztertu behar zutenean, lau ordu lehenago deika hasi zitzaizkien erakundeak, hitzarmena jasotzen zuen dokumentu berri bat zutela esanez.

«2021eko hitzarmena zen. Puntu hori bozketatik atera genuen denbora luzeagoa behar genuelako, eta asanblada monografiko bat egin dugu. Bertan erabaki dugu ez dugula adostutakoa berriro negoziatuko. Onartu ditugu baldintzak; orain aurrera egin behar dute, euren esku dago, betiere hitzarmena eta adostutakoa errespetatuz».

«Jendea oso haserre dago, biktimenganako errespetu falta izugarriak egon direlako. Horregatik itxi dugu fase hau. Dokumentu bat dugu, erakundeek idatzia, onartu egin dugu eta orain aurrera egin behar da eduki horiekin».

Martxoaren 3a badator eta «denek egon nahi dute argazkian», baina terminoak argi utzi dituzte memoria elkarteek. «Guztion artean eraikiko dugu hau edo ez da izango. Hitzarmena beteta izango da edo ez da izango. Aurrerapauso bat da, urte luzez ahanzturaren aurkako borroka oso egoera zailean egin da; ez bakarrik Gasteizen, Donostiako La Cumbren edo Iruñeko Ezkaban ere bidea ireki dezake. Fase berri batean dago Euskal Herria memoria eraikitzeko eta elkarlana egin behar da herri eragileekin. Erakundeek jakin behar dute oso berandu etorri direla, eta martxoaren 3ko memoria bizirik iritsi bada, milaka lagunek oztopoen gainetik egindako lanagatik izan dela», egin die aitortza Lander Garciak.

Jaurlaritza Logoa