En directo

Entrevista
Andrea Vitoria ‘AyVee’
Abeslaria

«Uste dugu bortxatzaile bat munstro bat dela, baina ez; edozein izan daiteke»

AyVee ezizen artistikoa daraman emakume indartsua Tolosan jaio zen 1997an. Duela urte eta erdi pasatxo jasan zuen eraso matxista du hizpide bere disko berrian. NAIZ Irratian aritu da horri buruz.

Bortxatua izan ostean bere burua sendatzeko tresna gisa erabili du musika Andrea Vitoria, ‘AyVee’, tolosarrak. ‘Medusa’ diskoaren baitan, abestiz abesti, kontatzen du bere esperientzia traumatikoa, ondoren etorri zen depresioa eta nola, pixkanaka, zulotik indarberrituta atera den. Epaiketa iritsi bitartean, justizia soziala egitea du helburu.

‘SuaSua’ diskoa zabaltzen duen kanta baino, sendagai bat dela aipatu izan duzu.

Denuntzia bat bezala kaleratu nuen. Momentuz ondo atera zait, asko zabaldu da eta nire helburua bete dut. Duela urte eta erdi pasatxo salaketa bat jarri nuen bortxaketa baten ondorioz. Oso urte gogorrak izan dira, depresioan egon naiz, ez nekien nola aurre egin honi eta azkenean terapia moduan musika erabili dut. Salaketa soziala eta ni indarberritzeko musika paregabea izan da.

Tolosako Auzitegian salaketa jarri zenuenetik, nolakoa izan da prozesua?

Gogorra izan da. Salaketa Tolosan jartzen duzu, baina egoitza Hernanin dago, beraz, hara joan behar duzu. Salaketa jarri, ondoren lekura bertara eramaten zaituzte eta ez da esperientzia ona, medikuari berriro kontatu behar diozu gertatutakoa, eta hainbat ordu ertzain, mediku eta abokatu artean egon eta gero, berriro Hernanira joan behar duzu salaketa berriro ikertzera. Egun osoa pasatzen duzu, eta ez hori bakarrik; lehengo eguna, beno, baina gerora ere hainbat alditan kontatu behar duzu, eta sozialki ere oso gogorra da.

Inguruan izan al duzu babesik?

Gaur egun, bakarrik bazaude eta ez baduzu babesik, ez dut uste salatzeko kapaza izango zinenik. Oso babes handia daukadanez eta asko laguntzen didatenez, salaketa jartzea erabaki nuen. Maitasun handia eman didate, eta berdina pasa duten emakumeak ezagutzen ditut, salatzeko aukerarik izan ez zutenak. Beraz, batak besteari babesa eman diogu.

Prozesu judiziala gogorra izan da, baina musikak eman dizu behar zenuen indarra.

Bortxaketa baino lehen ere musika egiten nuen. Geldirik nengoen, musika gehiago egin nahi nuen eta konturatu nintzen terapia hobeagorik ez dagoela. Eta hor nire bilakaera guztia islatzea erabaki nuen.

‘Malkotan blai’ kantan diozu «gauza asko ditut nik egiteko, hainbat beldur ditut nik gaur gainditzeko». Zer eragiten dizu horrelako egoera bat pairatzeak?

Depresio momentuan nengoenean egunero ohean nengoen, eta oraindik badaukat oroimen hori. Nire kontu ari nintzen lanean, gauza asko egin behar nituen eta beldur asko nuen. Egoera oso txarra eta asko agobiatzen didana izan zen.

Zer gertatzen da salaketa jartzen duzun unean?

Mundu guztia gainera etorri zitzaidan. Espero nuen, baina ez hainbeste. Kritika pila bat etorri zitzaizkidan: puta bat nintzela eta horregatik jarri nuela salaketa, ospeagatik eta atentzioa deitzeko egiten nuelako... min handia egin zidan. Jendeak beti hitz egingo du, baina inguruko jendeak ere asko hitz egin zuen laguntzeko egon beharrean. Egoera txarretan beti egiten duzu garbiketa bat, eta egun oso ondo etortzen zait, baina momentuan oso gorra izan zen. Beti izango dituzu aldeko gehiago, baina kontrakoak ere asko izan dira eta horrek eragin zidan.

Zergatik uste duzu hori izan dela pertsona batzuen jarrera?

Patriarkatuan bizi garelako eta edukazio sexuala ez digutelako ematen. Eta beste alde batetik, gizona txuria, euskalduna eta herri txiki batekoa delako. Zeinek espero du hori? Uste dugu bortxatzaile bat munstro bat dela, baina ez; edozein izan daiteke eta jendeak oraindik ez du hori buruan.

Zalantzarik izan zenuen salaketa jarri edo ez?

Ez. Nik pentsatzen dut beti salatu behar dela. Baina bai momentu oso txarretan asko pentsatu dut horretan, «zertarako jarri dut nik salaketa?».

Salaketa publikoa ere egin duzu diskoarekin. Zer aldatu da zure mezua lau haizeetara zabaltzean?

Tolosa ez da hain txikia, baina txiki egiten da. Jendea konturatu zen zer gertatu zen baina ez guztiz. Honekin nire bizipena atera dut, justizia soziala egin dut eta emakume askori lagundu diet. Mezu asko jaso ditut, beraz, oso pozik nago.

Zer esango zenieke urrats hori ematera ausartzen ez direnei?

Nahiz eta salaketa ez jarri, kontatu ingurukoei, maite dituzun pertsonei, saiatu barruko hori kentzen zeren barruan gelditzen bada, hil egingo zaitu. Hobe da kontatzea.

‘Kendu beldurrak’ kantari aurrera egiteko nahia sumatzen zaio.

Prozesu batean beheran zaudenean, beti zoaz goraka. Kasu honetan gorakada handia egin dut eta oso pozik sentitu naiz, ingurukoen maitasunari esker. Aurrerapausoa izan da ondo sentitzea berriro eta nintzen bezalakoa izatea.

Diskoan bilakaera bat dago?

Bai, istorio bat kontatzen dut. Salaketa jartzen dut, depresioan sartzen naiz, ingurukoen maitasuna hartuz errekuperatzen hasten naiz, nirekiko dudan maitasuna asko baloratzen dut eta indarberrituta ateratzen naiz.

Musikaz aparte, izan duzu bestelako sendabiderik?

Batez ere inguruko jendea, eta terapiak ere lagundu dit. Estimulu asko izan dira eta asko eskertzen dut.

Zeintzuk dira gainditu beharreko beldurrak horrelako egoera batean?

Batez ere, epai soziala. Ni oso ohituta nago nitaz gauzak entzutera, baina ez zait inporta. Kasu honetan asko mindu dit larria delako. Beldurra nuen ea jendeak nola hartuko zuen, zein ikuspuntu izango zuen ez dagoelako honen inguruko heziketarik eta ez delako inoiz bortxaketa bati buruz hitz egiten, ez nola tratatu ezta nola egin gauza hauek ez gertatzeko.

Zure bizipenetik, zer uste duzu aldatu behar dela?

Beti tabu bat izan da bortxaketa eta nik horrela kontatzeak jendea asko harritzen du. Tabua kendu, edukazioa sartu eta errespetua, batez ere. Asko, asko, asko, asko gelditzen da egiteko. Uste nuena baino askoz gehiago. Gero eta jende gehiago dago babesa emateko eta hori gainditzen laguntzeko, baina gizartea oso gaizki dago.

Zer nahiko zenuke atera prozesu honetatik?

Batez ere, justizia soziala. Justizia judiziala geldirik dago, eta sozialki oso gaizki pasa dudanez, jendeak nire kasua eta besteak ulertzea nahi dut, horrelakorik inoiz zalantzan ez dugula jarri behar.

‘Egiazko maitale’ esker kantu bat ere badela esan duzu, ezta?

Lagundu didaten guztiei bidali diet kantu hau, eta esan diet hau beraientzat dela. Bideoklipean ere maite dudan jendea agertzen da, beraz, guztik bihotzetik dator.

Aipatu duzu prozesua ez dela amaitu, epaiketa etorriko da. Hori presente duzu?

Bai, presente dut eta beldur asko ere bai. Ez naiz guztiz librea sentitzen. Gauza asko ezin ditut esan, ezin ditut argitu. Horiek argitu arte ez zait gainean dudan zakua kenduko. Animikoki eta justizia sozialarekin pozik nagoenez, aurrera jarraituko dut.

 

Jaurlaritza Logoa