En directo
Udaberriaren Festa (hala deitzen diote txinatar gehienek) munduan jende gehien mugiarazten duen ospakizuna da. Mila milioika joan-etorri eragiten ditu Chunyun delako garaiak, Txinan ez ezik baita munduan zehar ere. Eta Covidak eragindako hiru urteko geldialdiaren ostean, gogotsu hartu dute txinatarrek askorentzat euren jai kuttuna dena.
Munduko ospakizun garrantzitsuenetakoa bai, baina oraindik ere nahiko ezezaguna Euskal Herrian, bertan ere ospatzen den arren. Gipuzkoako Txinatar Institutuak egindako proposamenari heldu dio Naiz Irratiak, txinatar Urteberriaren nondik norakoak hobeto ezagutzeko eta euskal-txinatar komunitateak nola ospatzen duen jakiteko. Pasa den larunbatean (hilak 21) Donostian ospatu zuten Untxiaren Urtean sartzen ari zirela. Horren atariko azalpenak eman zizkioten irrati honi, hiru urtez txinera ikasten dabilen Ibone Calvok, Gipuzkoako Txinatar Institutuko Adela Wu zuzendaria alboa zuela.