En directo

«Camarada, más vale vivos abajo que muertos arriba»

1976ko Jurramendiko erromeria karlista ez zen edonolakoa izan. Franco hil berritan, eta Juan Carlos Borboikoa estatuburu zela, oposizio bihurtu zen karlismo sozialista autogestionatua jopuntuan zuen Manuel Fraga Iribarne ministro frankistak. Bi lekukoren testigantzak bildu ditugu.

Audio_placeholder

«Camarada, más vale vivos abajo que muertos arriba»

Loading player...
Jose Luis Garcia Verde, pistola eskuan, Aniano Jimenezen hiltzailea Jurramendin 1976ean
Jose Luis Garcia Verde, pistola eskuan, Aniano Jimenezen hiltzailea Jurramendin 1976ean (jurramendimontejurra.wordpress.com)

Milaka lagun bildu ziren 1976. urteko maiatzaren 9an Jurramendin, Alderdi Karlistaren urteroko erromerian. Baina urte hartakoa ez zen edonolakoa izan. Francisco Franco hil berritan, eta Juan Carlos Borboikoa estatuburu zela, oposizio bihurtu zen karlismo sozialista autogestionatua jopuntuan zuen Manuel Fraga Iribarne garaiko Gobernazio ministro frankistak.

Frankoren aurka zeuden karlistak eta diktadurarekiko haustura defendatzen zuten milaka lagun elkartu ziren 76an Jurramendin eta Estatutik hitzordua lehertzea erabaki zuten.

Lizarraldeko Felix Prieto eta Elena Urabayen Albizuk NAIZ Irratian azaldu dute aurreko egunetan jada giro nahasia nabari zela, faxistak zebiltzala inguruan. Konplotaren susmoez jakitun, Urabayen Albizuren familiak Jurramendira beste bide alternatibo batetik igotzea erabaki zuen. Aurrera egin ahala, ezohikoak ziren pertsonekin topatu ziren.

Bi kolpe egon ziren Jurramendin. Lehena, Iratxeko monastegiaren alboan. Bertan zeudenak harrikatu eta ezkutuan zeuden mertzenarioek Aniano Jimenezen aurka egin zuten tiro. Hiru egunera hil zen Jimenez Nafarroako ospitalean. Goizean goiz mendira igo zirenek ez zuten Iratxen gertatutakoaren berri izan. Aldiz, Jurramendiko tontorrera iristean, ezin izan zuten aurrera egin. Oihuak entzun ziren lehenik, batzuk erregearen eta Espainiaren alde, beste batzuk karlismoaren eta autogestioaren alde, eta tiroak ondoren.

Ricardo Garcia Pellejero larri zauritu zuten eta hil egin zen. Tiroen ostean zalantza izan zuten mendian segi edo behera jeitsi. Prietok gogoan du «camarada, más vale vivos abajo que muertos arriba» esan zuela batek eta, azkenean, mendia atzean uztea erabaki zuten.

Urabayen Albizu familiak urrunetik entzun zuen tiroketa. Aurrera egin ahala gurutzatu zituzten ihesean zihoazen tiratzaileak, erabili zuten metrailadora eta guzti. Ikaragarrizko sarraskia topatu zuten Jurramendi gainean.

Jaurlaritza Logoa