En directo

Bigarren Kafea

«Militantzia eredu berri bat asmatu dugu pelikula egitean»

Audio_placeholder

«Militantzia eredu berri bat asmatu dugu pelikula egitean»

Loading player...

Dokumental bat egiteko ideiarekin abiatu eta pelikula bat egiten amaitu. Hori gertatu zaio ‘Mari, ixilik nahi gaituztenean’ pelikulako lan taldeari. Oñatiko gaztetxe mugimenduak 40 urte bete ditu 2022an eta egungo Antixenako gaztetxeak 10. Urtemuga seinalatu horien bueltan zerbait egin nahi zutela aitortu digu Jone Markuletak, pelikularen zuzendari eta gidoilarietako batek. «2021an hasi ginen dokumentalaren ideiari tiraka. Horrek testigantza gutxi batzutan erortzeko arriskua zekarren eta hori ekiditeko, fikziora jauzi egitea erabaki genuen».

Duela aste gutxi estreinatu zen pelikula eta harrera ona ari da izaten. «Ez genuen Oñatitik kanpo horrelako oihartzunik izatea espero. Orokorrean feedback ona ari gara jasotzen. Jendea hunkituta ateratzen da zinematik eta horrek guru barruak ukitzen dizkigu». Anekdota ugari bildu dituzte pelikula egiteko dokumentazio lanean baina harrituta daude pelikula ikusi duen jendeak ondoren kontatu dizkien pasadizo guztiekin.

2032ko Oñatin kokatzen da pelikula. Udalak kultur etxea handiagotzeko proiektua martxan du eta egitasmo horrek bete-betean harrapatzen du Antixenako gaztetxea dagoen eraikina. Marik gaztetxea defendatu nahi du, beste edozerren gainetik. Asanbladako kideekin zein etxekoekin izango dituen gorabeherak kontatzen dira pelikulan, ikuspuntu kritiko batetik.

Lan taldearentzat esperientzia berria izan dela aitortu du Markuletak. «Gehienbat lau lagun aritu gara talde sustatzailean eta gainontzeko lan taldea gidatzen. Aktoreak profesionalak izatea nahi genuen eta antzerki munduan dabilen jendearen parte hartzea izan dugu». 

Pelikula jende gaztearengana iristeari garrantzia berezia ematen diote. «Belaunaldi berriek lehen zer gertatu zen ikusten badute, ez zaie pelikulan Mariri gertatzen zaiona gertatuko. Oñatiko ikastetxeetan gabonen aurretik proiektatu dugu eta hori garrantzitsua da guretzat».

Euskal Herriko gaztetxe batek egin duen lehen film autogestionatua izan da ‘Mari, ixilik nahi gaituztenean’. «Lehena bada baina agian ez da azkena izango. Ez dakit pelikula bat egitera inor animatuko ote den baina gustatuko litzaiguke gaztetxeek memoria ariketa hori egitea».

Jone Markuleta zuzendari eta gidoilaria izan da Bigarren Kafean.






 

Jaurlaritza Logoa