En directo

Eli Pagola

«Bizi-zikloaren analisi bidez ingurumen inpaktuen parametro gehiago kuantifikatu daitezke»

Produktuen bizi-zikloaren analisian murbilduta dabil Maider Iturrondobeitia Materialen Zientzia eta Teknologiako doktorea. Bizi-zikloaren analisia metodoak lantzen ditu EHUn,  alegia, elementu eta materialek sortzen duten aztarna ikertzen dabil aztara hori murrizteko asmoz.

Audio_placeholder

«Bizi-zikloaren analisi bidez ingurumen inpaktuen parametro gehiago kuantifikatu daitezke»

Loading player...
Un trabajador de una planta de reciclaje de Tangerang (Indonesia) muestra material plástico procesado.
Un trabajador de una planta de reciclaje de Tangerang (Indonesia) muestra material plástico procesado. (Adek BERRY | AFP)

Materialak sortzeko erabiltzen diren elementuak naturan aurkitzen dira eta horiek ustiatzeko eta prozesatzeko energia behar da. Ondoren, produktuari erabilera emango zaio eta, azkenik, soberakin bilakatuko da. Bilakaera horretan zehar, ingurumen-inpaktuak eragiten dira, alegia, aztarna bat dute. Maider Iturrondobeitia doktoreak azaldu bezala, elementu eta materialek duten aztarna neurtzeko hainbat neurgailu daude. Orain arteko prametro nagusienak dira CO2 isuri baliokideak eta ur-aztarna.  Baina, gaur egun, Iturrondobeitiak adierazi duenez, «tendentzia bizi-zikloaren analisiarantz doa eta bertan metodologia ezberdinekin hainbat kategoria neurtu daitezke». Guztira, 18 kategoria bereizi dituzte, esaterako, lurraren edo uraren azidifikazioa eta utrozifikazioa, efektu toxikoak, ozono geruzaren murrizketa, mineralen erabilera eta, jakina, baita CO2 isuriak eta erabilitako ur kantitatea ere. «Hasieran ura eta CO2a hartzen ziren haintzat eta, metodologia orokortzen doan heinean, parametro gehiago kuantifikatu daitezke».

Bizi-zikloaren analisia da erreminta bat ingurumen inpaktuak zein inpaktu sozialak eta ekonomikoak neurtzeko. «Erreminta hau erabiltzen da ekonomia zirkularra sustatzeko, kuantifikatzeko eta bertarako bideak bilatzeko». Izan ere, labur azalduta, orain arte produzitzeko sistema lineal bat sustatu da; sortu, erabili eta bota. Orain «zirkulartasunera bideratzen da, erabili ondoren, material hori lehengai izatera pasatzera bideratzen da, alegia, material guztiek zirkularki bide bat izan dezatela bilatzen da» azaldu du Iturrondobeitia doktoreak NAIZ irratiko ’Gelditu Makinak’ saioan.  

Euskadiko Ekonomia Zirkularreko Estrategiak hiru helburu ezartzen ditu. Lehen helburua da materialen produktibitatea %30 handitzea; bigarrena, material zirkularraren erabilera-tasa %30 handitzea eta; hirugarrena, barne produktu gordinaren unitateko hondakinen sortze tasa %30 murriztea. «Helburu horietara heltzeko bederatzi erronka zehazten ditu eta horietako bat diseinuan zentratzen da, arlo horretan ez daitezen bakarrik kontuan hartu geometria, materialak eta propietate mekanikoak, baizik eta, produktua bizi ziklo bukaerara heltzen denean, nola diseinatu material ezberdinak elkarrengandik bereizteko eta hobeto birziklatu ahal izateko».  Bestela esanda, ekonomia zirkularrerako gako garrantzitsua da ikustea ze elementu erabiltzen ditugun lehengai bezala, «Komeni da bizi ziklo bukaeran lehengaietara deskonposatu daitezkeenak aukeratzea». Prozesaketa, berriz, ahalik eta gehien optimizatzea komeni dela dio Iturriondobeitiak eta sortzen diren produktuak ekodiseinatuak izatea, «prozesu guztietan, erabiltzen diren energien jatorria garbia izan dadila».

Polimeroak (plastikoak) adibide onak izan ohi dira. Ezaugarri oso onak dituzten baina birziklatzeko zailak diren materialak dira. «Plastikoa ordezkatzeko badaude metodo desberdinak eta ikerketa taldean horri ere begiratzen diogu. Hainbatetan paperagatik edo ehunagatik ordezkatzeko moduko erabilera izan ohi du eta, beste batzuetan, automozioan kasu, dituen onurak direla eta, ezin dugu edozergatik ordezkatu baina ekodiseinua aplikatu daiteke bizi ziklo bukaeran berreskurapena errazteko, edo biopolimeroak erabili diatezke degradazio bidez ziklo itxi bat osatu ahal izateko». Ikerketak proiektu zehatzetan egiteko aukera izan dute, horrela, arrantza sareen bizi-bikloaren analisia aztertu dute. «Sare horiek plastikozkoak izan behar dute. Behin erabileratik kanpo geratu direnak bilduko bagenitu, ordea, beste produktu batzuk sortu ahalko genituzke, esaterako, arrainak markatzeko etiketak edo sareak konpontzeko orratzak sortzeko. Modu horretan, polimero berriak erabiltzea ekidinda, ingurugiro inpaktuak asko murrizten dira».


Hezkuntza.
Iturrondobeitiak azaldu duenez, bizi zikloari buruzko kontzeptuak, orain arte, graduetan txertatzea zailagoa izan da masterretan baino. EHUn hainbat deialdi daude ingurugiroarekin lotutako proiektuak eskatzeko eta horrek adierazten duenez, «badago interes bat, diru pixka bat ere sartzen da, irakasleok formakuntza eskaintzen dugu, eta ikasleek praktikan jartzeko aukera dute, gure kasuan, ingeniaritza mailan». Ekonomia zirkularreko masterra ere badago, industriari aplikatuta eta, horrez gain, EHUk graduko lehen mailetan badu IKD3 izeneko plataforma bat dozentziara bideratutako proiektuak egiten direnak, helburu izanda, iraunkortasuna txertatzea gai guztietan. «Zaila da irakaskuntza tradizionaletik honetara pasatzea baina ari gara lanean».

Jaurlaritza Logoa