En directo
'Appa Hi!' aplikazioa aurkeztu berri du Badihardugu elkarteak. Bertako kidea da Aintzane Agirrebeña Ubera. Hitanoan jardutea hainbat esparrutan gaizki ikusia egon dela esan digu eta horrekin batera, toka eta nokaren arteko desoreka handia egon dela. Toka leku dezentetan egiten den bitartean, noka adienako emakumeen artean soilik egiten dela aitortu du eta desoreka bat dagoela. «Ez dakitenek hitanoa ikastea eta desoreka hori dagoen herrietan oreka hori bilatzen saiatzea dira aplikazioaren helburuetako batzuk. Oñatiko kasuan, hitanoa erabiltzen ikasi nahi zuten neska batzuk izan ziren lehen txinparta piztu zutenak. Mutilek hika egiten zutela ikusten zutela eta beraiek ezetz ikusten zuten».
Aplikazioa Android eta IOS sistemetarako egokitua dago eta erabiltzaileak urratsez urrats joan behar du mailaz igotzen. «Egunean pilula bat zabaldu ahal izango du erabiltzaileak eta hor barruan partida ezberdinak eta azalpenak aurkituko ditu. Hasieran oinarrizko mailari dagozkion galderak erantzun beharko dituzte aplikazioa jaisten dutenek. Hitanora hurbildu nahi dutenak erakartzea da jomuga eta horretarako hasieran galdera errazagoak aurkituko dituzte».
Agirrebeña bera eta Idoia Etxeberria arduratu dira aplikaziorako edukiak sortzeaz. Horrez gain, Mirari Sagarzazuren irudiak eta Ritxi Lizartzaren audioak ere aurkituko dituzte erabiltzaileek. Hain zuzen ere, Lizartzak ‘Mintza hadi lagun’ libururako sortutako audioak dira aplikazioan jasotzen direnak.
Aplikazioak orain arte izan duen harrerarekin «gustura» agertu da Agirrebeña. «Durangoko azokan egin genuen aurkezpen ekitaldia eta egun hauetan 1500 deskarga inguru izan ditugu». Oñatiko esperientziaren ostean eta ‘Appa Hi!’ aplikazioa garatuta, hainbat herrik antzeko proiektuak garatzeko interesa azaldu dietela adierazi du.
Aintzane Agirrebeña Uberak ‘Appa Hi!’ aplikazioaren ingurukoak kontatu dizkigu Bigarren Kafean.