En directo

Bigarren Kafea

«Guretzat hona etortzea sekulako plazera da»

Kantuak elkartzen ditu Bankako Menditarrak. Belaunaldi ezberdinek aurrekoengandik jaso dituzte kantu zaharrak eta tradizio hori mantentzearekin batera, bada beraien artean hainbat kantu disko batean bildu eta Durangoko Azokara ekarri duenik ere. 

Audio_placeholder

«Guretzat hona etortzea sekulako plazera da»

Loading player...

Guy Saldubeherek hamabi kantuz osaturiko ‘Herrimin’ diskoa aurkeztu du aurten Landakon. Baserritarra izaki, baserriko eguneroko lanei begirik kendu gabe dabil egunero joan-etorrian Saldubehere. «Hiru orduko bidaia egiten dut etxetik Durangora eta beste hiru ordu ondoren bueltan. Disko bat ezin da baserrian egonda saldu eta beharrezkoa da Durangon egotea».

Diskoan bildu dituen hamabi abestiak ontzeko hainbat musikariren eta letragileren laguntza izan du Saldubeherek. Letra asko berak egin ditu baina Xabier Euzkitzeren eta Aitor Sarasua zenaren hitzak ere erabili ditu. Musikari dagokionean sortzaile ezberdinen doinuak erabili ditu eta moldaketak Ekhi Lambert garaztarrak egin ditu.

Zuzenekoak eskaintzen ere hasia da kantu. Bat Baigorriko elizan eta bestea Baionako antzokian. «Hamar musikarik lagunduta ari naiz zuzenekoak eskaintzen. Eskusoinua, pianoa, gitarra, gitarra apala…»

Pantxoa Juanikotena Bankako Menditarra ere Bigarren Kafean izan da. Kanturako joera nondik datorkien azaldu digu. «Gu mendian bizi gara eta lehen ez zen biderik herrietara joateko. Herrietan baziren auzoak eta elizara joaten ginenean, auzo batek bestea desafiatzen zuen. Bertso zaharrekin izaten ziren desafioak. Bertsoren bat ahazten zuenak ordaintzen zuen denen edaria. Horregatik gogoz ikasten genituen letrak».

Azokan lehen aldia dutela adierazi du. «Guretzat lehen aldia da azokan. Ezin du azkena izan. Jendeak gu ezagutzen gaituela ohartu gara. Plazer handia izan da hori. Elkarrekin behar dugu bizi eta hori praktikan jartzea ezinbestekoa da».

Guy Saldubehere eta Pantxoa Juanikotena Bankako Menditarrak Bigarren Kafean izan dira

Jaurlaritza Logoa