En directo
Aizkora eta musika uztartuta, txapeldun berri baten bila
Igandean jokatuko da Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiko final handia, bai emakumezkoetan, baita gizonezkoetan ere. Kirol ekitaldi bat baino gehiago izango da, Zetak, Zea Mays eta Süne-ren musika emanaldiak ere hartuko baititu Bilbao Arenak.
Mikel Larrañaga: «Nire asmoa txapelaren bila joatea da, beste urtetan bezala»
«Lanak ondo» egitearekin tematuta dago Mikel Larrañaga, Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa nagusiko finala jokatu bezperetan. «Txapelaren bila» joango da, aurreko urteetan egin legez eta ez du uste «aurten erraz edukiko duenik». Iker Vicente, egungo txapelduna, ez da izango Bilbao Arenako finalean (igandean, hilak 13, 12.00etan), baina azpeitiarrak argi dauka beste aurkari indartsu batzuk ere badaudela.
Larrañagarekin batera, Eneko Otaño, Ugaitz Mugarza, Julen Alberdi, Ibai Soroa eta Txomin Arzaloa lehiatuko dira. Azpeitian jokaturiko finalerdian lortu zituzten finalerako txartelak eta orduan azpeitiarra bera izan zen lanak betetzen azkarrena, 18 minutu eta 46 segundoan. Etxeko publikoa hauspo zuela, azpeitiarrak NAIZ Irratian onartu du «lagungarri» izan zitzaiola. Julen Alberdi izan zen gertuen izan zuena eta, Larrañagaren iritziz, finalean ere bera izan daiteke «aurkari gogorrena».
«Julen Alberdi ‘Txikia IV.a’ eta Otaño ikusten ditut aurkari gogorrenak. Egin duten azken urteari erreparatuta, horiei aurre egiteko lana txukun egin beharko dut», esan du Larrañagak, iazko txapelketa nagusian bigarren izan zenak, alegia. «Ez zait iruditzen aurten erraz edukiko dudanik. Txikia IV.ak aurten Urrezko Kopa atera zuen, eta orduan Vicente lehiatu zen; pentsatzen dut hari irabazteko lanak oso ondo egin beharko ditudala», hausnartu du.
Nerbioek ere lasai uztea espero du, fisikoki ondo ikusten baita: «Azken aste hauetan entrenamendu politak egin ditudala iruditzen zait».
Launa kana-erdiko, 60 ontzako eta 72 ontzako moztu beharko dituzte aizkolariek.
Nerea Arruti, faborito
Gizonezkoetan faborito Larrañaga den bezala, emakumezkoetan Nerea Arruti izango da. Urnietarraren estreinakoa izango da txapelketa honetan, baina azken urtean erakutsi du eremu honetan onenetakoa dela. Urrutira joan gabe, joan den asteburuan Euskal Herriko aizkolari txapelketa irabazi zuen Mungian. Minutu eta erdi baino gehiagoko aldearekin nagusitu zitzaion Nerea Sorondori eta Irati Astondoak osatu zuen podiuma.
Astondoa eta Uxue Ansorregi lehiatuko dira Arrutirekin. Mendaroarrak iaz bigarren egin zuen; Zelai III.ak baino minutu bat pasatxo gehiago behar izan zuen. Maika Aristegi izan zen hirugarrena.
Emakumezkoen kasuan, bina 36 ontzako eta 45 ontzako dira betebeharreko lanak.
«Superbowl estilora»
Kirol aldetik ikuskizuna ez ezik, ekitaldi betea antolatu dutelakoan dira antolatzaileak –Euskal Herriko Aizkolaritza Elkartea da antolatzailea, Sherpa.ai adimen artifizialeko enpresaren laguntzarekin–. «Ameriketako Estatu Batuetan antolatzen duten Superbowl ezagunaren ildotik, hura den moduko kirol eta kultur erreferente izan nahi genuke», azaldu zuten aurtengo txapelketaren aurkezpenean.
Hala, kirolarien lana zuzeneko musikak girotuko du, eta ez edonolako musikak, Zetak, Zea Mays eta Süne baitira musika emanaldia eskainiko duten artistak. «Asmoa da gazte jendea bultzatzea herri kirolak ikustera, eta horrelako ekitaldiekin ea jende gehiago animatzen den eta ea herri kirolari indar handiagoa ematen diogun», esan du Larrañagak.