En directo
Hollywood Star-System mixtapea atera du 2022ko ekainean Euskoprincess-en izenean Minet Peña hernaniarrak. ‘Ziku’ deitzen den abestiak intro moduan irekitzen du lana, baina «hasieran introa zena egun kantua da, asko erre dutelako». Zikuñaga auzoan sortu zen, askok bertako industriagunearekin edota sagardotegiekin lotuko duten auzoan, baina berarentzat beste zerbait da: «Hezi naizen tokia da, txikitatik eta nerabezaroraino bertan bizi izan nintzen. Bertatik Hollywooderako bidaia fantasiatsua irudikatu nahi izan dut mixtape honetan». Emakume transexuala da Euskoprincess eta bizitzan izan dituen gorabeherak ere plazaratu ditu bere kantuetan: Egun Madrilen bizi naizen arren, denek besarkatu zuten ‘Ziku’ abestia. Zikuñagako festetan jotzeko ere esan zidaten baina ezin izan nuen. Lehendakari kantuarekin ere jolasean aritu nintzen, nire ni berria sortzen ari nintzela, lehendabiziko emakume Lehendakaria bihurtzen nintzela esan nuen. Musikak trantsizioan lagundu dit, pasatako tristurak eta beste hainbat gauza jolasean eta alaiki landu nahi izan ditut, nire egoera beretsuan daudenentzat lagungarri izan daitekeelakoan».
Reggaetoira bideratu dute proiektu musikala eta La Joyeriakoekin aritu da lanean. «Nik argi neukan zer nahi nuen, auzoko musikarekin bat egitea, zerbait ‘txabakanoa’ egitea izan zen helburua. Beste hiru kantuak Bartzelonan egin nituen, beste soinu finago baten bila», kontatu digu hernaniarrak.
‘D1ck P1ck’ kantua etorri zen beranduago, Ben Yart nafarrarekin batera egindako kantu probokotzailea. Zakil argazki gogaikarriak abiapuntu hartu zituzten, baina beste modu batera landu kontua: «Ben Yart eta biok fototula terminoa erabili dugu gero gure artean, sekula ez dugu aipatu zakila. Nire dualitatearekin jolasean aritzea ere izan da eta, gainera, ez dakigu nork nori bidaltzen dion argazki hori. Halako zerbait kontsentsuatuta dagoenean, onarpena badu, ez da ezer bortitza». Sexualitatea modu esplizituan bizi duten artistak dira biak hala biak. «Kantua, sorreran, lasaia eta erromantikoa zen. Gauza da, Ben Yart eta biok Iruñetik Bilbora gindoazela dena aldatzeko ideia izan genuela. La Joyeriako Asier harrituta zegoen gure erabakiarekin, gu autotxokeetako soinuak sampleatuz eta horrela hasi ginelako estudiora iritsi orduko. Bi ordutan egina zegoen abestia», dio Euskoprincessek.
Trapa kantuen hitzetan
‘Money Queue’ kantuan diru kontuez ari zaigu Euskoprincess; hala, ea musikan dirua egitearren edo ez galdetu diogu: «Dirua dirua da eta gogoko ez duela esaten duenak gezurra dio. «Me quiero forrar» hortik dator, baina musikaz gozatzen dudala esan beharra dago. Lotsagabea naiz kantuen hitzetan, trantsizio momentuan nintzelako, eta nitaz hitz egiten hasi nahi zuenari, material gehiago eman nahi nion, nire gorputzaz harago hitz egin zezan».
‘Chondi’ kantua da mixtapeko hirugarrena. Katxea igo, diskotekak bete... arrakastaren zera horrekin dabil jolasean. «‘Chondi’ bero egotea da, baina ez sexualki. Norbait goxo dagoenean edota momentu gorenean, hori ere bada ‘chondi’». Kantu honek 2000etako reggaetoi soinua du, Daddy Yankee, Don Omar, Wisin & Yandel… eta Euskoprincessek esan digunez, «n ahi gabe etorri zen soinu hori. Batzuetan melodia batetik edo esaldi batetik hasten da kantua. Nik hemen argi neukan abestiak beroa izan behar zuela, nire anaiak nirekin barre egiteko erabiltzen zuen hitza zen, txikitako lagunek ere erabiltzen zuten… Nire belaunaldiarentzat arraroa da akaso, baina helduagoek, 2000etako parranderoak zirenek, erabiltzen dute eta haiengana zuzendu nahi izan nuen abestia».
Fantasiatik errealitatera
Las Vegasko hote ezagunenetako baten inguruan dabil hizketan ‘Bellagio Luvin’ kantua. Hotel mota horrek eta hango kasinoek jendea liluratzeko iruditeria sortzen du, baina, haietan gertatzen den bezala, ez da urre kolorekoa izaten dena. «‘D1ck P1ck’ egin nuenean auzoko maitasuna nahi nuen irudikatu eta abesti honetan, berriz, Hollywooderako bidean ematen den maitasunaren falta ageri da. Hau da, goia jo dudala Bellagion egonda, baina auzoko maitasun hori faltan botatzen dudala, bakarrik nagoela funtsean», nabarmendu du hernaniarrak. Musika aldetik reggaetoia eta hardstylea nahastu ditu, Euskal Herriko hainbat diskotekatan nahastu izan diren estiloak: «Nik Euskal Herriko diskoteka askorik ez dut zapaldu, Zul eta Dcibelia soilik, baina Madrilen Fabrik ezagutu nuen eta makina musika hori ezagutu. Etapa hori ere irudikatu nahi izan dut diskoan, kasinoak oso eroak baitira eta eromen horretara eramaten gaitu musikalki kantuak».
‘Hollywood’ kantuak ixten du lehen mixtapea eta badu Bad Gyalen kutsua, hartara, ulertzen da Bartzelonan sortu izana. «Introa Ben Yartek egiten du eta hor irudikatu nahi dudana da berriz ere auzora itzuli nahi dudala, diruak ez duela ezertarako balio. Pertsonaiak pertsonaiari irabazten diola eta horren aurreko porrota da bertan erakutsi nahi izan dudana», azpimarratu du Euskoprincessek.
Bideoklip berria kalean
Atlantikaldian, DabaDaban edota Eslava aretoan aritu da 2022an Euskoprincess. «Ez nuen espero boom hau eta oraindik bideoklip potenterik ez dugu atera, baina neska ilehori txikitxo batekin kolaborazioan sekulako bideoklipa aterako dugu bizpahiru aste barru», esan zigun BIME kongresuan. «Dembow batean sortu dugu, oso esperimental, eta kolonbiarrek galdetu zidaten ea zergatik aukeratu genuen erritmo hori. Bada, kantua euskal mitologiaren inguruan dagoelako eta nahasketa interesgarria sortzen zuelako», esan zigun Euskoprincessek. Gaur iritsi da bideoklipa kalean dagoen eguna, Arriguri etxeak egindako bideoklipean Irene, Chill Mafiako abeslaria, eta biak agertzen dira. Kantu probokatzailea, zeresana emango duena, eta Sorotan Bele taldearen klasiko bati aipamena eginaz. Ez du inor epel utziko Euskoprincessek.