En directo
Bideojokoen munduko ekitaldirik garrantzitsuenetakoan bilakatzera iritsi da Steamekoek antolatzen duten ‘Next Fest’ jaialdia. Garatzaile txikien zein handien hurrengo bideojokoen demoak eta probak biltzea eta eskaintzea da honen helburua: udazkeneko edizioan ehundaka titulu aurkeztu dituzte. Hauetako hainbat probatzeko aukera izan dugu; gure saioan interesgarrienak iruditu zaizkigunak errepasatzeari ekin diogu.
Gunbrella, Dredge, Friends vs Friends eta Cassette Beasts dira, besteak beste, aipatu ditugun bideojokoak. Hori horrela, aniztasuna izan da nagusi: jatorri zein genero desberdinetako lanak izanik, denetarik ikusteko aukera eduki dugu.
Industriako garatzaile esanguratsuenetakoaren etorkizunari begirada bat eman diogu, gainera. Behin baino gehiagotan hitz egin dugu CD Projekt Red-eko poloniarrei buruz; ez da harritzekoa, The Witcher edo Cyberpunk 2077 bezalako frankizia arrakastatsuen eta ezagunen arduradunak baitira.
Bi saga hauetako tituluen jarraipenak iragarri dituzte: Erribiako Geralten munduko abenturak eta Night City beldurgarriko nahiz xarmagarriko istorioekin jarraitu ahalko dugu laster. Are gehiago, IP erabat berri batean lan egiten hasi direla baieztatu dute CD Projektekoek.
Albiste txarrak ere jaso ditugu. Disco Elysium indie RPG abentura izan da, inolako zalantzarik gabe, azken urteetan bideojokoen egoera astindu duen obra berezi horietako bat. Hala ere, beren garatzaileek arazoak izan dituzte jarraipenarekin: ZA/UM estudio ingelesetik kanporatu egin dituzte jatorrizko tituluaren arduradun nagusiak.
Bukatzeko, beste medio batera igarotzeko aukera izan dugu azken saioan. Alde batetik, Super Mario iturgin ospetsuaren filme berriari buruz aritu gara: Nintendo-koek lehen bideoa aurkeztekotan izan direnez, prestatzen dabiltzanari buruz mintzatzeko aprobetxatu dugu.
Bestetik, hainbat urtez Marioren aurkari zuzena izan denaren telesail berriari buruz aritu gara. Sonic triku urdinari buruz gabiltza: Netflix etxeak Sonic Prime deitutako telesaila ekoiztuko du. Animaziozko obra hau, gainera, euskarazko bikoizketarekin iritsiko da streaming plataformara.