En directo

Iker Gurrutxaga
Donostia
Entrevista
Alaitz Eskudero eta Garazi Otaegi
Neomak taldeko musikariak

«Aurrekoengandik jaso ditugun istorioak plazaratzeko lehendabiziko araua da errespetua»

Tradizioa eta abangoardia uztartzen dabiltza Neomakekoak aspalditik. Aspalditik diogu, ez direlako berriak musikaren munduan. Sorginak izaten jarraitzen dute, baina beste publiko bat harrapatu nahi dute lehendabiziko disko homonimoarekin. Eta, momentuz, lortzen ari dira eskaini dituzten saioetan.

Audio_placeholder

«Aurrekoengandik jaso ditugun istorioak plazaratzeko lehendabiziko araua da errespetua»

Loading player...
Zazpi emakume gaztek osatzen dute Neomak taldea.
Zazpi emakume gaztek osatzen dute Neomak taldea. (Iurgi INDA, Miguel Ángel PUENTE, Agustin ARREGUI eta Antonio MURILLO)

Ez dakit disko kontzeptual bezala hartu daitekeen, baina gai orokor moduan emakumeak eta tradizioen berritzea izan dituzuela ardatz esango nuke.

Alaitz Eskudero: Bai, hori da, oso ondo laburbilduta. Aurkeztu gaituzun moduan zazpi gara eta saiatu gara trikitixa eta pandero tradizioa mantentzen, baina pixka bat gure gustuetara egokitu dugu.

Urte askoan elkarrekin ibiliak, aurretik Kepa Junkeraren ‘sorginak’ izan zinetelako. Dokumentalean hartu duzue parte?

Garazi Otaegi: Bai, agertzen gara eta parte hartu genuen. Guretzako ohore bat izan zen hori egin ahal izatea eta sorgin bezala parte hatzea.

Esan dezakegu hortik sortzen dela hau guztia. Kepa Junkerak eritasuna pairatu eta zein unetan erabakitzen duzue aurrera egitea?

G.O.: Harremana mantendu genuen urte luzez, lagunak garelako azkenean. Halako batean proposamen bat iritsi zitzaigun Nafarroako Tritikixa Jaialdiaren izenean, hiru kantu prestatu eta aspaldiko partez oholtzan berriz ere agertzeko aukera izateko. Hiru kantuak mimoz eta arreta bereziz landu genituen eta entseatzerakoan asebeteta ikusten genuen gure burua. Bada hor elkar animatu eta proiektu bati forma ematea pentsatu genuen.

Zuek ziurrenik trikitixa txapelkeketan ezagutuko zineten, denak ere haietan ibiliak zaretelako. Nolakoak ziren garai haiek? Harreman ona zenuten edo lehiak kalterik egiten zuen?

A.E.: Batzuk elkarrekin gehiagotan elkartzen ginen beste batzuekin baino, baina ez dut lehiarik gogoratzen. Txapelketak badu kontestu hori, baina oholtza gainean ahalik eta ondoen egitera zoazelako. Oholtza azpian, berriz, trikiti munduko lagun taldeak sortzen ziren, elkarrekin afaldu, triki-poteoak antolatu…

G.O.: Oso garai polita bezala dut gogoan nik. Egia da txapelketatik ezagutzen ginela, baina gu zazpion arteko harremana sortzeko balio izan zuen eta baita trikiti munduko jende gehiagorekin harremantzeko ere.

Zuei trikiti mundura garai bateko trikitilariek edota berriagoek erakarri zaituztete?

A.E.: Niri etxetik iritsi zitzaizkidanak zaharrak batez ere. Lehenengo kilima horiek sentitzen eta musika horrek zerbait sentiarazten dizula jabetzen zaren unea, niri doinu zaharrekin gertatu zitzaidan.

G.O.: Nik gogoratzen dut nola gurasoen autoan baziren kasete zahar batzuk ez daki nik nongo ez dakit zer grabazio eta halakoak. Etxetik halakoak jaso ditugu, baina gero gu ere jabetzen gara zer gustatzen zaigun eta eboluzionatu dugu.

Diskoa irekitzen duen ‘Kontu zaharrak’ kantuan, sustrai zaharrak aipatzen dituzue eta doinu berrietara bideratu nahi dituzuela esan. Erritmoz, reggaeton bat dela esan dezakegu. Hala ere, errespetua da azpimarratu dudan hitza.

G.O.: Nik uste dut argi izan dugula nondik gatozen eta aurreko belaunaldietatik zer jaso dugun. Haiengandik jaso ditugun istorioak plazaratzeko lehendabiziko araua da errespetua izatea, gero zuk zer egin nahi duzun bestelako kontu bat da. Horrez gainera, jaso dugun horri eskertza ere aitortu nahi izan dugu, haiek ez bazuten une hartan zerbait kontatu, egin edota kantatuko, guk ez genukeelako gauza bera jasoko.

A.E.: Nik uste hiru hitzetan oso ondo azaldu duela Garazik. Lehenik eta behin miresmena, miretsi izan dugulako haien musika eta horregatik gaudelako hemen. Errespetua, guztia, bai tradizioak eman digun musikari eta baita transmititu diguten guztiari. Eta, bukatzeko, eskertza; eta horregatik ireki behar genuen diskoa kantu honekin, eskerrak emanaz jaso dugun guztiagatik. Zazpi emakume gazte gara, musika desberdinetatik edaten dugu eta esperimentatzea maite dugu, baina errespetu handiz landuko dugu jaso dugun hori eraldatzeko bidean, kantu desberdinak horrela sortuz.

Soinuak eta panderoak bai, baina esango dugu zuena performance bat dela, ez dela kontzertu bat bere horretan.

G.O.: Nik uste dut zuzenekoari forma ematen hasi ginenean denok bide beretik gindoazela, ez genuela nahi entzuteko soilik zen zerbait eskaini. Mugimendua egotea nahi genuen, koreografia txikitxo batzuk eginda, gure artean zerbait sortuz eta zerbait ikusgarria eskainiz. Horregatik, askotan esaten dugu estetikak edota gure arteko mugimenduek garrantzia dutela. Propio egindako zerbait da, horretarako pentsatua, nahiz eta oholtzan halako festa bat ikusi daitekeen tarteka, dena landua eta neurtua da.

Oholtzatik behera ere bada garrantzitsua denok dena jotzen jakitea, sortzeko prozesua erraztu baitezake. Adostasunera errez iristekoak zarete kantuak egiterakoan?

G.O.: Zazpi gara eta hor aniztasuna nahi adina topa daiteke. Baina badaukagu zerbait oso garrantzitsua eta, hori, besteari unean pentsatzen duguna lasai esaten diogula da.

A.E.: Urte asko goaz elkarrekin eta konfiantza sano bat dago gure artean. Grabatzerakoan edota gurekin lanean jardun duen jendeak beti esaten digu zein errez iristen garen adostasunetara, jakinda zazpi pertsona oso desberdin garela. Bakoiti izateak ere akaso lagunduko du beti zirt edo zart egin behar delako, kar-kar.

‘Hamen’ kantuaren mezua oso indartsua da. Norbera maitatzearen eta ahalduntzearen fase desberdinez ari zarete? Ilargiaren faseak ikusi ditugu disko fisikoan, antzerako zerbait kontatzen da abesti honetan ere?

G.O.: Nik uste dut kantu honetan hitzek badutela benetako mezu bat eta benetako garrantzia bat, eta botatzen diren perlatxo horietan momenturen batean jabetzen zarela badela zerbait potoloa.

‘Biluzik’ abestian ere elektronikak badu protagonismoa. Haritz Harreguyren estudioan izanda, hark lagundu dizue, zuek landu… Norena da sorkuntza hori?

A.E.: Oinarri horiek guztiak sortzen lagundu digun artista Jimbo Páez da.

G.O.: Madrildarra da bera eta estudioan egon ginen denboran bere ere gurekin izan zen eta buruan geneukan hori momentu bakoitzean nondik eraman jakin du. Oso eskertuta gaude egin duen lan guztiagatik.

A.E.: Oso mutil gaztea da baina ibilbide profesional luzea du ekoizle moduan, Tremenda Jauriako kide ere bada.

Estetikoki dena asko zaindu duzuela esan dezakegu.

G.O.: Diskoan ere soinu aldetik zaharra eta berria, tradizioa eta abangoardia, lotzen saiatu garen bezala, estetikoki ere mantendu nahi izan dugu. Maoizko galtzak janzten ditugu, gainetik alkondara zuri bat eta hortik aurrera urre kolorez lepo jartzen gara. Orrazkerak ere arraroak edo bereziak izatea bilatzen dugu… Tradizioaren eta abangoardiaren arteko oreka bilatzen saiatu gara. Horrekin jolastea gustatzen zaigu eta zerbait bilatua ere izan da.

Zein da diskoa eskuratzeko zein da modua?

G.O.: Momentuz, diskoa nahi duenak gure kontzertuetara etorri beharko du eta bertan izango du erosteko aukera.

A.E.: Ari gara kanpora zabaltzeko nahian ere, baina oraintxe jaso dugu guk ere eta lanean gabiltza hori posible izan dadin.

Jaurlaritza Logoa