En directo

Bigarren Kafea

«Erabaki txikiekin klima aldaketaren aurrean gure ekarpentxoa egin dezakegu»

Klima eta Energiaren astea da Asteklima. Iragan ostiralean, irailaren 23an abiatu zen eta urriaren 2ra bitartean berrehundik gora ekintza eta ekitaldi eskainiko dira gaiaren inguruan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Audio_placeholder

«Erabaki txikiekin klima aldaketaren aurrean gure ekarpentxoa egin dezakegu»

Loading player...

Asteklima Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak, Energiaren Euskal Erakundearen eta IHOBE erakunde publikoen bidez antolaturiko ekimena da eta aurtengoa hirugarren edizioa du. 

Helburu nagusi modura herritarrak kontzientziatzea eta mobilizatzea da ezinbestekoa den energia eta klima trantsizioaren aurrean. Maria Jauregi Lasak, IHOBEko Ekintza Klimatiko arloko teknikariak, «inkestek, euskal gizarteak klima aldaketaren eragina zein den badakiela erakusten dutela» esan digu. Egunerokotasunean norbanakook egin ditzakegun keinu txikienek ere garrantzia dutela azpimarratu du. «Egunero hartu behar ditugu erabakiak; nola joaten gara lanera? bertako produktuak kontsumitzen ditugu? Eragina dute».

Berrehun ekitalditik gora eskainiko ditu Asteklimak. Mota ezberdineko ekitaldiak izango dira, adin ezberdineko hartzaileei zuzenduak. Udalek ekintzak garatzeko duten prestutasuna aipatu du Jauregik. Udal horietako asko txikiak direla eta klima aldaketaren aurka egiteko ekimenak gauzatzen urteak daramatzatela gaineratu du.

Egun hauetako ekintzez aparte, egitasmoak baditu beste hainbat adar ere. Horien artean Klimametraje lehiaketa aipatu daiteke. Klima aldaketari buruzko gazteentzeko film laburren lehiaketaren lehen edizioa da eta lanak aurkezteko epea zabalik da azaroaren 18ra arte. 18 eta 30 urte bitarteko gazteek hartu dezakete parte eta bi kategoria daude: klima aldaketak Euskadin dituen inpaktuak eta lima-ekintza Euskadin bultzatzen duten irtenbideak, ekimenak edo tresnak. «Ez dakigu zenbateko parte hartzea izango duen baina gazteek beraiek eskatutako zerbait da» Jauregiren hitzetan.

Maria Jauregi Lasak kontatu dizkigu Asteklimaren ingurukoak Bigarren Kafean.

Jaurlaritza Logoa