En directo

Ion T. Barrena
Entrevista
Eider Garde
Nafarroako 0-3 plataforma

«0-3 zikloan grebak mahai gainean jarraitzen du Gobernuak erantzun zintzo bat eman arte»

Nafarroako haur eskoletako langileek grebarako aukera mahai gainean mantenduko dute oraingoz. Gobernuaren azken proposamena gutxiespen berri bat dela uste dute eta hitz emandakoa betetzeko eskatu diote

Audio_placeholder

«0-3 zikloan grebak mahai gainean jarraitzen du Gobernuak erantzun zintzo bat eman arte»

Loading player...
Eider Garde, Nafarroako 0-3 plataformako bozeramailea.
Eider Garde, Nafarroako 0-3 plataformako bozeramailea. (Iñigo URIZ | FOKU)

Nafarroako Gobernuak 0-3 zikloan langileek grebari eustea herritarrek ez luketela ulertuko esan du aste honetan. Hainbat soldata igoera eta ratio jaitsiera iragarri ditu argudio gisa. Asteburuan aztertu dituzte hitzok pasa den ikasturtean greba mugagabea sustatu duten 0-3 plataformako kideek. NAIZ Irratian izan da Eider Garde bozeramailea.

Zer iruditu zaizkizue Gimeno kontseilariaren hitzak?

Beste gutxiespen bat dira. Garaian gobernuak egin zigun eskaintza da aurkeztu dutena, plataformak dagoeneko uko egin ziona. Argi dago konseilariaren hitzetan ez dagoela zintzotasunik. Ez dira esaten ari beraiek badutela sinatuta gobernu akordio bat soldata igoera askoz handiagoa izan beharko lukeena eta betetzen ari ez direna. Bestalde, ratioen jeitsiera ez da beraiek esaten dutena. Nafarroan 103 haurreskola gara eta 55 kontratazio berri egongo dira, baina esaten ari ez direna da kontratazio horiek 4 ordukoak izango direla eta ez direla iritsiko haurreskola guztietara. Argi dugu mobilizazioek indarrean jarraitzen dutela eta greba mahai gainean dagoela beraiek erantzun zintzo eta konpromiso irmo bat eman arte. Oso adi egongo gara ea zer planteatzen duten aurrekontuekin.

Beraz, ikasturte berria grebarekin abiatuko duzue?

Hasieran itxaron egingo dugu aurrekontuetako proiektu hori ezagutu arte. Publikoki adierazi dute intentzio hori baina guk ez dugu informaziorik jaso. Gu gauzatu den ebazpen horren neurriekin gelditu ginen eta, nahiz eta, aurrekontuei begira eskatu genien zein zen gobernuaren proiektua eta ez genuen erantzunik jaso. Orain publikoki esan dute euren intentzioa baina badakigu gobernu honen intentzioak zer diren. Mesfidati gaude, itxarongo dugu zer aurkezten diguten irailaren 7ko Organuaren bileran eta saiatuko gara eragiten aurrekontuetan. Garbi dugu hauteskundeei begirako estrategia bat dela, ez dugu euren hitzetan sinesten.

Aurretik zuekin hitz egin ostean, badakite onartzen ez dituzuen neurriak direla.

Hori da. Bileran adierazi zitzaigun Nafarroako gobernuak eskaintza hori egiten zigula eta guk adierazi genuen ez zela nahikoa, akordioan jasoa zutelako nafar gobernuaren haurreskolen lan baldintzetara parekatu behar garela eta iragarri duten soldata igoera honek ez du betetzen beraien konpromiso politiko hori. Bere garaian adierazi genuen ez gaudela ados. Ratioen aferarekin ez dute inolako borondaterik.

Guk garbi utzi diegu zein den bidea. Prentsaurrekoan esan zuten gure proposamenarekin plazak gutxituko zirela, itxaron zerrenda handituko zela... eta hori ez da egia. Guk planteatzen duguna da plaza kopuru berdina mantentzea, edo handitzea, lehenik eta langile bikoizketa bat baldin badago. Hau da, langile gehiago haurrei duintasun minimo batekin arreta eman ahal izateko. Beraiek egindako proposamena ez da nahikoa.

Zuen itxaropena da aurrekontuetan jasotzea proiektu egokia?

Gu Parlamentuan alderdi politiko guztiekin hitz egin genuen eta adierazi genien zein zen gure ustetan haurreskolen arazo hau konponduko lukeen aurrekontua. Orain ikusi beharko da zer nolako borondatea duten hori gauzatzeko euren proiektuaren baitan.

Zer ratio dituzue gaur egun?

0-1 tartean hezitzaile batentzat 8 haur ditugu, 1-2 tartean 12 eta 2-3 tartean 16. Europako irizpidea horren erdia da; 4, 6 eta 8. Beraz, bikoizten ari gara. Urte luzez saiatu gara egoera hau aldatzen baina greba antolatu arte ez gaituzte serio hartu, orain badirudi jendarteak ulertzen gaituela ikusi dutela, edo nolabaiteko babesa eta elkartasuna jasotzen ari garela eta horrek behartu ditu pausoak ematera, baina argi dago ez dela nahikoa.

Beraien esku dago egoera honi irtenbidea ematea. Argi dugu greba mugagabea dela eragin dien gauza bakarra, guretzako oso gogorra izan zen arren tresna eraginkor bakarra izan da, horregatik asteburu honetan erabaki dugu grebaren aukera mahai gainean mantentzea.

Ingurune hurbilean egoera antzerakoa da?

EAEko egoera da Nafarroan begira gauden ispilua. Ratio askoz hobeak dituzte, soldata eta lan baldintzak ere bai. Erkidego batetik bestera dauden desberdintasuna ikaragarriak dira. Gure soldata erdia da, eta ratioa bikoitza. EAEn hobekuntzak egon daitezken arren, Nafarroan egoera hori lortzeaz urrun gaude, Kontseilariak Nafarroako ratioak Estatuko onenak direla dioen arren. Badaki gezurretan ari dela.

Jaurlaritza Logoa