En directo
«Guk sentitzen duguna da hemen azpiko botere batzuek kontrako lana egiten dutela»
Irailaren 22an ezagutuko da 32 urte preso daramatzaten Jakes Esnal eta Ion Paroten baldintzapeko askatasunaren inguruko ebazpena. Fiskalaren, kontrako jarrerarekin «sorpresarik» ez du hartu Anaiz Funosas Bake Bidea elkarteko bozeramaileak eta larunbat honetarako blokeora deitu du.
«Guk sentitzen duguna da hemen azpiko botere batzuek kontrako lana egiten dutela»
Parisko Dei Auzitegiak irailaren 22an jakinaraziko du onartzen ote dituen Jakes Esnal eta Ion Kepa Parot lapurtarrek, baldintzapeko askatasuna lortzeko egin duten eskaerak. Biek 71 urte dituzte eta 32 urte daramatzate preso. Eta ohi bezala, oztopoak jarri ditu Fiskaltza Antiterrorista eskaera horien aurka agertu baita. Argi dute presoen eskubideen aldeko eragileek, jarrera oztopatzaile horren atzean, oinarri juridikoak baino, politikoak daudela. «Guk sentitzen duguna da hemen azpiko botere batzuk kontrako lana egiten dutela», dio Anaiz Funosas Bake Bideak elkarteko bozeramaileak. «Agerikoa da» Funosasen arabera, fiskaltzak jarrera hori hartzen badu «gaur egun antiterrorismo polo horretan polizia batzuk egiten dituzte txosten eta gogoetengatik dela».
Oso kritiko dira, fiskaltzak orain argudiatutakoarekin. Besteak beste, «beldurrak eta paranoiak» egotzi dizkie Funosasek, izan ere, ETAk armen erdia ez zituela entregatu eta ondorioz, berriz ere jarduera armatura itzultzeko aukera ikusten dutela ebatzi dute. «Harrigarria da. Nork jartzen du kolokan gaur egun armagabetzea? galdetu du elkarteko bozeramaileak.
Oihartzuna lortzeko blokeoa
Parot eta Esnalek bizi duten giza eskubideen urraketa onartezina dela iritzita, eta praktikan, «bizi arteko zigorra» ezarri nahi dietela salatzeko, Bake Bideak eta Eta Bakegileek, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa blokeatzera deitu dute larunbat honetan (hilak 23) . Eta badirudi, erantzun zabala izango duela deiak herritarren aldetik. «Zintzoki esateko ez nuen espero hedapen hain zabala izango zuenik», azaldu du Funosasek. Herritarren aldetik bezala, eragile instituzional eta sozialen aldetik jasotako babesa «harrigarria» ari dela nabarmendu nahi izan du, «azken hiru asteetan, hunkitu dugu inoiz hunkitu ez dugun jende kopurua».
Ekintza ikusgarri honen atzean, Ipar Euskal Herria osoarentzat mugarri izan daitekeen afera dago Funosasen arabera, eta herritarrek hori ulertu dutela uste du, «jendeak ulertu du egiten den ekimena bake prozesuaren aldekoa dela». Eta nabarmendu du helburua ez dela izango «inor izorratzea», baizik eta «momentu estrategiko bat erabiltzea, oihartzuna lortzeko».
Datorrenaren aurrean, prest
Eric Spitz prefetak esan du badituela nahikoa baliabide eta eskumen blokeoari aurre egiteko, mehatxua ere egin du esanez blokeoaren ekintzak zigorra ere ekar dezakeela berarekin. Zentzu horretan Spitzen ohartarazpena, Frantziar Estatuko ordezkarien jarrera islatzen duela dio Bake Bideako bozeramaileak; lehenik «isil eta mutu» arazoaren aurrean eta jarraian, «errepresioa».
Jakitun dira larunbateko blokeoak ekar diezaieken ondorioez, eta etor daitekeenaren aurrean tinko mantenduko direla ziurtatu du Funosasek, «larriagoa izango litzateke Ipar Euskal Herriarentzat Ion eta Jakesen aterabidea muturrekoa izatea. Nahiago dugu arrisku hori hartu; asumitzen dugu».