En directo
Gasteizeko Mercedesen dagoen lan gatazkaren baitan, ELA, LAB eta ESK sindikatuek soldatak KPIaren arabera gaurkotzea dute helburu nagusi. «Eros ahalmena ez dugu galdu nahi. Igoera KPIaren araberakoa izan behar da», zehaztu du ELA sindikatuko ordezkari Fernando Urbizuk.
Ildo beretik, mugikortasuna hitzarmenean adostua ez egotea, V izeneko txanda berrian diskriminaziorik ez egotea, errelebo kontratua hobetzea eta asteburu zein jai egunetako langileen baldintzak finkatzeko eskatu dute.
Mercedeseko langileen zita garrantzitsua astelehenean iritsiko da. Erreferendum bidez, CCOO, UGT, ekintza eta PIM sindikatuek zuzendaritzarekin lorturiko aurreakordioa berresten duten edo ez erabaki beharko baitute. Urbizuk aurreakordioaren aurkako botoa aurreikusi du, «ez baitu plantillak eskaturikoa betetzen».
Galdeketa horren emaitza dena dela, ELAko ordezkariak nabarmendu du «gure bidea plantillaren ondoan egotea dela, orain arte egin izan dugun bezala».
Lantegiko zuzendaritzak eginiko mehatxuak eta beharginen gainean jarritako presio handiaren inguruan galdetuta, adierazi du ez dela ezer berririk eta aurretik izandako beste negoziazio batzuetan ere hala gertatu dela. Nolanahi ere, azaldu du langileak mahai gainean eskaera horiek jarri baldin badituzte zerbaitengatik izango dela eta eutsi egingo diotela.