En directo

Ainara Rodríguez
Entrevista
Garikoitz Goikoetxea
UEMAko teknikaria

«Transmisioa ez da soilik familiako eremu itxi batean lantzen»

EHUko uda ikastaroen barnean, ‘Euskararen familia bidezko transmisioa udalerri euskaldunetan’ hitzaldia eskaini du Garikoitz Goikoetxea UEMAko teknikariak. Bertan azaldu du seme-alabenganako euskararen helarazpena zer baldintzetan burutzen den eta inguruak duen eragina.

Audio_placeholder

«Transmisioa ez da soilik familiako eremu itxi batean lantzen»

Loading player...
Garikoitz Goikoetxea, UEMAko teknikaria
Garikoitz Goikoetxea, UEMAko teknikaria

Kakotx artean, erraza da euskara bidezko transmisioa udalerri euskaldunetan?
Errazagoa bai, gainerako inguruetan baino abantaila gehiago ditugu noski, inguru euskalduna daukagulako. Kalean, lagun artean, euskara ohikoa da hizkuntz ohituretan, baina azken urte hauetan aldaketa handiak gertatzen ari dira udalerri hauetan. Jende berria iristen ari da. Beste profil bateko euskaldunak dauzkagu udalerri euskaldunetan, eta horrek zuzen-zuzenean eragin dio euskararen transmisioari.

Transmisioan giltzarri nagusi dira gurasoak. Zer garrantzia du gurasoen hizkuntza hautuak euskararen transmisioari dagokionez?
Gurasoen hizkuntza hautuak garrantzia handia du umea jaiotzen den momentutik, baina transmisioa ez genuke horrekin bakarrik lotu beharko. Besteak beste, gurasoen arteko hizkuntz ohiturak nolakoak diren zuzeneko eragina dauka umeen artean, eta gure artean denok ezagutzen dugu joera zabaldua dagoela bikote askotan: umeari euskaraz egin, baina bikoteak erdaraz egin. Udalerri euskaldunetan ere gertatzen dira horrelakoak.

Horrekin batera, uste dut, fokua pixka bat zabaldu beharko genukeela. Kontuan izan transmisioa ez dela goitik beherako noranzkoa duena bakarrik. Alegia, aita edo amarengandik seme-alabetara doana. Baizik eta, familiako gainerako aktoreek badute zer ikusi zuzena; esate baterako, uste dut, kontuan hartzekoa dela gaur egun aiton-amonek umeen zaintzan duten pisua ikusita, haien transmisioa ere. Horrekin batera, inguru osoarena: lagunen artekoa, ikaskideen artekoa, kuadrilletakoa. Hizkuntza baten transmisioa ez da, gaur egun, soil-soilik familiako eremu itxi batean lantzen den zerbait.

Gurasoetara etorrita, tipologiaren arabera badago ezberdintasunik? Alegia, berdina da transmisioa biak euskaldunak edo bietako batek bakarrik jakiten badu euskara?

Ez, erabat ezberdina da. Batetik, hiztunari begiratzen badiogu, pertsona jakinei begiratzen badiegu, ikusten da bi aldagai oso inportante daudela. Batetik, euskaraz badakiten ala ez. Euskaraz ez dakienak, euskara zuzenean transmititzeko modurik ez du. Baina bi kideko bikoteen kasuan, desberdina da noski, bat euskalduna izan eta bestea ez izan. Horrekin batera ikusi da oso aldagai garrantzitsua dela, horien lehen hizkuntza. Eurek umetan ze hizkuntza jaso zuten. Hori lotuta egoten da hizkuntza horretan jarduteko erraztasuna eta ohiturarekin. Kasu askotan eta etxeko ohituretan eragina duenez, transmisioan zuzeneko eragina dauka.

Guraso tipologiarekin batera, oso nabarmentzekoa da inguruaren eragina. Atzo bertan Jaurlaritzak aurkeztu zigun ikerketa berri bat, Siadeko etxearen bidez egin duten ikerketa bat. Azterketa horretan oso argi ikusi da tipologia berbereko gurasoek ez dutela berdin transmititzen udalerri euskaldunetan eta eremu erdaldunagoetan. Beraz, esan eta esan ari gara, eragin sozial bat badagoela. Eta ikusten dugu eragin sozial hori etxeko sukalderaino sartzen dela. Familia transmisio bertan ere, inguruak sekulako eragina dauka. Inguru euskaldunetan, inguruak berak bultzatzen du euskararen transmisioa egitea, tipologia horietakoen artean. Aldiz, nahiz eta bi guraso euskaldunak izan, lehen hizkuntza euskara izan, inguru erdaldunagoetan bizitzea oztopo da transmisiorako ere.

Beraz, erraza zaie herri euskaldunetan euskararen alde egitea. Alegia, herri euskalduna izate hutsak badu indargarri bat?
Hori da. Indargarria da, bai guraso biak euskaldunak izan eta lehen hizkuntza euskara dutenen kasuan, baina indargarriagoa ere, bikote mistoetan, lehen hizkuntza euskara ez duten bikoteetan. Azkenean, ikusten dute, haien herrietan euskara jakitea oso inportantea dela, normala dela euskara jakitea eta erabiltzea. Beraz, beraien seme alabei euskara transmititzea egin beharreko hautu bat da. Aldiz, eremu erdaldunagoetan. Ez dago hautu hori elikatzen duen indargarririk.

Euskaraz jakitea ez da ezinbesteko baldintza transmisiorako, guraso bat euskaraduna ez bada, jarrera positiboa transmititzeak ondorengoei, eragina izango du?
Hori oso inportantea da. Guraso erdaldunekin landu beharreko gaietako bat da. Ikusi dugu azken hamarkada hauetan zenbat gurasok egin duten hautua, nahiz eta eurek gaitasunik ez izan seme alabekin euskaraz aritzeko. Zenbatek egin dute hautua euskarazko irakaskuntzara umeak bidaliz, euskarari etxean sarbidea emanez. Horregatik aipatzen nuen transmisioa ez dela norabide jakin batekoa, ez dela beti gurasoengandik seme-alabetara. Baizik eta, zenbat etxeetara sartu da euskara haurren bidez. Horrek ekarri du gurasoak pixkanaka euskarara. Ez noski erabateko jariotasunarekin hitz egiteko moduan. Baina bai euskararekin gutxieneko pauso batzuk ematea. Norabide batekoa baina gehiagoko fenomenoa denez, ekarri du horrek berak guraso erdaldunak dituzten etxeetara euskara sartzea. Baina bai, uste dut hor indar handia egin behar dugula oraindik. Euskaraz ez dakiten gurasoek zer egin dezaketen, beren seme alabek euskara ohiko hizkuntza izan dezaten. Hor, milaka proposamen eginak daude. Ikus-entzunezkoetatik hasita, gaur egun inportantzia dute ikus-entzunezkoek ze hizkuntzatan ikusten dituzte gure seme alabek. Zein helburutara bideratzen ditugun. Eskolaz kanpoko jardueretan ze hizkuntzetan ematen dugu izena. Badugu abaniko zabal bat euskaraz ez dakiten gurasoek ere egin dezaketena, hizkuntza transmisioaren ikuspegitik.

Beste elementu bat da zein punturaino eragiten duen herri txikien despopulazioak. Horrek herri horien euskaldun tasetan eragina izango du, ezta?
Bai, despopulazioa herri batzuetan ematen ari da eta beste herri batzuetan, despopulazioarekin batera, biztanleriaren aldaketak dauzkagu. Orain hamarkada batzuk, herri txiki horietako biztanleria herri handiagoetara joan zen.

Azken urteetan ikusten ari garen joera da, herri handiagoetatik udalerri euskaldun txiki horietara joateko joera dagoela. UEMAk egindako azterketek erakutsi dute herri horien erdalduntze bat ekarri duela, iritsi diren biztanle berri horietako asko erdaldunak direlako. Baina beste joera bat ere gertatu da. Iritsi diren euskaldun horien ezaugarriak bestelakoak dira. Iristen diren euskaldunen perfila ez da euskaraz hobeto moldatzen dena. Nahiz eta euskaraz jakin, behar bada gaztelaniaz gaitasun hobea dauka, ohitura handiagoa dauka eta horrek berak, aldaketa handiak ekarri ditu udalerrietara eta transmisioan bertan nabari da.

Jaurlaritzak aurkeztutako ikerketa horretan, azterketa egin dute hiztun tipologiaren arabera eta eremu linguistikoaren arabera, nolakoa den transmisioa. Udalerri euskaldunetara etorrita, ikusten da bi gurasoak euskaldunak direnean eta lehen hizkuntza euskara dutenean, euskara transmisioa erabat bermatua dagoela. Hor ez dago etenik. Euskaraz dakiten gurasoek, euskara lehen hizkuntza dutenek, gaitasun egokia dutenek, kasu guztietan euskara transmititzen dute. Aldiz, datuetan ikusten ari gara, etxean euskara transmititu zaienak geroz eta gutxiago direla. Beraz, zer gertatzen ari zaigu? Esaten ari bagara transmisioa bermatua dagoela guraso tipologia horretan eta aldi berean lehen hizkuntza euskara duenak, gero eta gutxiago baldin badira. Horrek agerian jartzen du gurasoen tipologia ari zaigula aldatzen. Ez da euskara transmititzeari utzi diotela. Gurasoen tipologia aldatu egin da eta horrek berak ekartzen du euskara lehen hizkuntza dutenak geroz eta gutxiago izatea udalerri euskaldunetan.

Atzerritik datozen migranteek herri euskaldunetan ze eragin dute?
Esan beharko genuke, udalerri euskaldunen ikuspegitik bi migrazio mota izaten ari garela. Batetik, arestian aipatu duguna. Euskal Herritik bertatik beste udalerri handiagoetatik, udalerri euskaldun txikiagoetara doan migrazio hori. Bestetik, beste herrialde batzuetatik iristen ari diren herritarrak.

Aldaketa handia izan da urte hauetan. 2019an, Hego Euskal Herriko udalerri euskaldun guztiak hartuko bagenitu (346 herri dira), jaio ziren umeen %22k ama beste nazionalitate batekoa zuen. Beraz, bost umetik bat baino gehiagok zuten ama beste herrialde batetik iritsi eta udalerri euskaldun batean bizi dena. Hizkuntzaren ikuspegitik, kasu gehienetan guraso horiek ez dakite euskaraz. Kasu askotan falta zaie guk kontatzea zertan ari garen, zergatik ari garen. Hemen badagoela hizkuntza gutxitu bat, hamarkadetan zapaldua izan dena, eta zergatik egin nahi dugun hizkuntzaren normalizazioa. Uste dut, momentua iritsi zaigula. Ikusita ze egoerara goazen, horri ekiteko benetan. Alegia, lan egin behar dugu, guraso horiekin, guraso erdaldunek zer egin dezaketen seme alabei euskara transmititzeko. Uste dut hor egokitzapen bat ere egin behar dugula.

Tokiko administrazioak berak zer ikusia izan dezake horretan, ez? Nolabaiteko protokoloak ezartzen? Eta nola ez, hezkuntzak komunitateak ere bai?
Bai, herri batzuetan hasi dira. Mugimendu batzuk sumatzen ari gara. Duela aste gutxi, Zaldibian hasi dugu prozesu bat, gai hauen bueltan. Zaldibia da udalerri euskaldunen artean migratzaile tasarik handienetakoa duen udalerrietako bat. Bertako ikastetxean, bertako hezkuntza komunitatean, hasi dira horri buruzko kezka sortzen, batez ere bi alde uztartu nahi dituztelako. Batetik, nahi da Zaldibiara iristen ari diren herritar horiek hezkuntza komunitatean inplikatzea, herriko ekintzetan parte hartzea, bizikidetza normal bat izatea. Kontuan izanda herri hori arnasgune bat dela eta euskararentzat oso inportantea den udalerri bat dela.

Hor, sortzen dira talka batzuk. Alegia, hezkuntza komunitateak ze hizkuntzatan funtzionatu behar duen adibidez. Guraso bilerak ze hizkuntzatan egin behar dira. Hor badauzkagu askatu beharreko korapilo oso konplikatu batzuk. Uste dut, heldu beharreko gaietako gai bat dela. Ez daukagu formula magikorik, beraz egin beharko dugu prozesu bat. Denok bidean zerbait galdu beharko dugu, denok irabazi ahal izateko. Galderari erantzunez, Zaldibiakoa adibide bat da. Beste udalerri askotan antzeko egoera daukagu. Hor erronka handi bat daukagu, eragiten diena, bai hezkuntza komunitateari, herriko eragileei oro har, udalari eta, noski, udalak atzean dituen erakundeei.

Hainbat erpin kontuan hartu behar ditugu. Zaldibiako hau adibide bat da migratzaileak direnak euskalduntze prozesura bideratzeko. Ikusten duzue indartu beharreko beste elementurik?
Bi eremu aipatuko nituzke. Batetik, haurrak eta gazteak. Ez aurreiritzi okerretan oinarrituta, ez beti erabat kulpa haien gainean uzteko, esanez haurrek eta gazteek ez dutela euskaraz egiten. Uste dut errealitate hori aztertu behar dugula eta ikusi benetan zer gertatzen den eta zergatik. Honekin lotuta, UEMAn bertan, ikerketa zabal bat martxan jarria daukagu. Azken ikasturte honetan, gure 30 udalerrietako ikastetxeetan erabileraren neurketak egin ditugu.  Aztertu dugu udalerri euskaldunetako ikastetxeetan, patioan edo jolastokian daudenean, umeek zenbat egiten duten euskaraz. Ikusi dugu zer nolako gorabeherak dauden, bai adinaren arabera, sexuaren arabera, zentroaren arabera, etab. Hor badaukagu diagnostiko bat eta eskoletatik kezka hori ere helarazten ari zaizkigu. Euskaratik gaztelaniarako aldaketa hori geroz eta goizago egiten dute umeek. Bigarren partea da, azterketa kualitatibo baten bidez, zergatik gertatzen den aldaketa hori. Ikusi dugu zer gertatzen ari den, non bereziki eta zer faktorek eragiten duten. Orain ikusi behar dugu zergatik gertatzen den hori eta nola egingo dugun aldaketa horri aurre egiteko

Uste dut ere indar egin beharko genukeela herri arteko eragileetan, udaleko ardura postuak dituztenengan, egoera zein den ikusaraziz. Hizkuntza transmisioari dagokionez, aipatu dugu guraso tipologia aldatzen ari dela, gure herritara bestelako tipologietako gurasoak eta herritarrak iristen ari zaizkigula. Horregatik erronka batzuk jartzen ditugu mahai gainean, eta eskatzen du aldaketa batzuk egitea urteetan jorratu ditugun ildoetan. Udalerri euskaldunen kasuan, askotan, arriskua izan dezakegu pentsatzeko gainerakoak baino hobetoago gaudenez, oso ondo gaudela, ez dagoela ezer egin beharrik eta egoera errazagoa irudikatzeko arriskua badaukagu. Beraz, uste dut, indarra egin beharra daukagula. Herrietan zer esana daukaten elkarte, eragile, udal eta abarrak honetan inplikatzen eta ikusarazten, nahiz eta besteak baino egoera hobeagoan gauden, ikusten zein den bilakaera eta bilakaera horri aurre egiteko lehenbizikoa egoeraz ohartaraztea, problematizatzea, hutsuneak dauzkagun kasuetan, eta horri aurre egiteko bidea prestatzea.

Jaurlaritza Logoa