En directo
«Mendiak ez dira mugak, alderantziz, herrien arteko komunikaziorako tokiak dira»
Uztailaren 2an Pirinioetako 300 gailur baino gehiago argiztatuko dira Euskal Herritik Kataluniara erabakitzeko eskubidearen alde. Mendira lotuta eman dute bizitza Oihana Azkorbebeitiak eta Felipe Uriartek. Biek argi dute gailurrera heltzea garrantzitsua dela, baina are gehiago «bidea egitea».
«Mendiak ez dira mugak, alderantziz, herrien arteko komunikaziorako tokiak dira»
Uztailaren 2an Gure Eskuk eta Kataluniako hainbat eragilek elkarlanean argiztatuko dituzte Pirinioak. 300dik gora gailurretan argia egingo dute iluntzean, Atlantikotik Mediterraneora, Hondarribiko Higer lurmuturretik Gironako Creus lurmuturreraino. 430 kilometro baino gehiago erabakitze eskubidearen eta subiranotasunaren alde. Lan mardula izango du 1980an Everest igo zuen lehen euskal espedizioan parte hartu zuen Felipe Uriartek, Punta Gabarro igotzea egokituko baitzaio; 3.000 metrotik gorako mendi puska. «Pica d'Estats katalanentzat izango litzateke euskaldunontzat Hiru Erregeen Mahaia bezalakoa, oso maitatua. Horren inguruan beste 3.000ko altxatzen dira eta tartean Punta Gabarro», azaldu du Uriartek.
Katalunian bertan izango duen lehiaketa tarteko ezingo du ekimenean parte hartu Oihana Azkorbebeitia mendi korrikalariak. Baina argi du aukera balu, etxetik gertu duen edozein mendira igoko litzatekeela burujabetzaren alde. «Erronka politena da hainbeste kilometro argiztatzea, urrunetik ikusiko den gauza bat eta denak elkarrekin egitea», aipatu du.
Uriarterentzat ere «erronka indartsu bat da». Erabakitzeko eskubidearen aldeko ekimena eta mendizaletasunaren arteko antzekotasunak topatu ditu honek: «Mendian beti esaten dugu gailurra garrantzitsua dela, baina garrantzitsuagoa dela bidea, igotzekoa eta jaistekoa. Hor egiten da pertsona mendizale. Honelako ekimen batek ekartzen digu gogora herriak ere eguneroko bizitzan egiten direla».
Ekimen honen helburua gaia berriro mahai gainean jartzea dela uste du mendizale historikoak. «Beti dago borroka bat; komunitate txikiak, euren kultura txiki eta hizkuntzarekin, beti zapalduta gaude, Estatu handien azpian. Erabakitzeko eskubidea niretzako oinarrizkoa da baina uste dut horretatik oso urrun gaudela, ez hemen bakarrik, Tibeten zein Europan. Erabakitzeko eskubideak elkarbizitza beste eredu bat eskatzen du, non nahiz eta txikia izan eskubide guztiak ditugun gure kultura, hizkuntza, ekonomia eta izaera indartzeko».
Uriarte Everesteko espedizioan izan zenean pauso handi bat ematen zuela sentitu zuen, baina tontorrean jarri zuten ikurrina herri oso batek jarri izan balu bezala izan zen. Haiek ikurrina eta euskalzaletasuna motxilan eramaten zituzten euren espedizioetan, orain mendiko korrikalariek bezalaxe. Izan ere, Azkorbebeitiak kontatu du txapelketetara joaten direnean, nahiz eta Espainiako taldean joan, euskalduntzat identifikatzen direla beti. «Ikurrinagatik galdetzen digute, ez dutelako ezagutzen, eta azaldu egiten diegu nongoak garen. Aldarrikatu behar dugu beti zer garen, existitzen garela», azaldu du.
Korrikalaria Euskal Selekzioan egon zen 2019ra arte, eta orain Merrell taldean sartu da. Bere ustez «Euskal Selekzio oso bat lortzeko» pauso asko eman behar dira oraindik. Izan ere, Euskal Selekzioa Euskal Mendi Federazioaren menpe dago, eta honek Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba hartzen ditu. Nafarrak hiru herrialde horietako batean federatuz gero taldean sartu badaitezke ere, Ipar Euskal Herriko inork ezin du parte hartu. «Horiek gabe selekzioa herren gelditzen da», iritzi du Azkorbebeitiak.
Jendea lotzeko geografia
Bestalde, Uriartek salatu nahi izan du mendiak Estatu handien arteko muga bezala ikusten direla (Pirinioek Estatu frantsesa eta espainola banatzen ditzute, Himalaiak Txina (Tibet) eta Nepal), baina berez lehen mugak baino, «alde bateko eta besteko herrien pasabideak eta komunikatzeko lekuak» zirela. Hala, azaldu du Alpeetan komunikazio gehiago egin dela mendilerro baten aldeetan zeuden herrietan artean, magalean zeuden komunitateen artean baino. «Mendiak ez dira mugak, baizik eta jendea lotzeko geografia bat», aldarrikatu du.
Zentzu horretan, uste du Kataluniarekin batera honelako ekimen batean parte hartzea Euskal Herriarentzat oso aukera ona dela. «Katalanek oso urrats handiak eman dituzte euren independentzia lortzeko, eta beraiekin eskutik helduta joatea aukera polita da. Ekimenaren berri izan nuenean pentsatu nuen tontor katalan bat lagun katalan batekin igotzea», azaldu du.