En directo

Bigarren Kafea

Marrazki bizidunak, beldurrezko filmak eta amodio istorioak

Audio_placeholder

Marrazki bizidunak, beldurrezko filmak eta amodio istorioak

Loading player...
'The Summer I Turned Pretty'
'The Summer I Turned Pretty' (Prime Video)

Azken egunetako giro eguzkitsuaren ostean, euria iritsi da Euskal Herriko txoko askotara. Horregatik, Idoia Dávila Uzkudunek etxean goxo egoteko ikus-entzunezkoen proposamenak egin dizkigu. 

The Summer I Turned Pretty - Ekainak 17

Telesaila Jenny Han idazlearen trilogia arrakastatsuaren lehen atalean dago oinarritutako telesaila da. Protagonista Isabel Conklin (Lola Tung) da, nerabezarora iritsi berri den 15 urteko gaztea. Urtero amaren unibertsitatako lagun onenaren etxean igarotzen du uda, eta azken honen semeekin maitasun-triangelua sortzen da.

Udako erromantze guztien klixeak ditu; gaueko bainuak hondartzan, drive-in pelikulak, teilaturik gabeko autoak, ile luzeko mutil guapoak… Guztiz gomendagarria 'The Last Song' eta Jenny Hanen beraren 'To All the Boys I’ve Loved Before' gustuko badituzu.

Tuca & Bertie - Ekainak 24 

Lisa Hanawaltek sortutako telesailaren bigarren denboraldia ostiralean estreinatuko dute. Animaziozko telesail honetan pertsonaia guztiak txoriak dira, eta protagonistak 30 urteko Tuca eta Bertie pisukideak dira, tukan bat eta birigarro bat.

2019an kaleratu zuen Netflixek lehen denboraldia eta berehala kantzelatu zuen, kritiko zein ikusleen artean arrakasta handia izan zuen arren. Bigarren denboraldi honetan bueltan dira Tiffany Haddish eta Ali Wong. Biak harreman berrien bila ariko dira; Tuca harreman sentimentalen bila eta Bertie, aldiz, terapeuta batekin.

Cha Cha Real Smooth - Ekainak 17

-Cooper Raiff zuzendariaren bigarren lana da 'Cha Cha Real Smooth'. Sundance jaialdian aurkeztu zuen eta publikoaren saria eskuratu zuen. 

Zuzendaria bera da filmeko protagonista. Andrewk 22 urte ditu eta unibertsitatea amaitzean gurasoen etxera bueltatzen da, bere bizitzarekin zer egin ez dakiela. Lan berri bat lortzen du eta Domino ezagutzen du, Dakota Johnsonen pertsonaia. Domino autismoa duen Lola izeneko nerabaren ama da. Pixkanaka harreman platoniko bat garatzen dute, Dominok senargaia baitu. 

Gidoi argi bati eta zuzendaritza trebeari esker, interpretazio natural eta erakargarriak lortu ditu Raiffek. 

Kaze no denwa - Ekainak 17

Nobuhiro Suwa japoniarrak zuzendutako filma, 2020ean estreinatutakoa. Road movie honen bitartez Tohokuko maremotoak utzitako arrastoaren inguruan hausnartzen du.

Pertsonaia nagusia Haru (Serena Motola) da, tragedia hartan bere familia osoa galdu zuen nerabea. Hiroshiman bizi da bere izebarekin, eta hura gaixotzen denean bere jaioterrirako bidaiari hasiera ematen dio, erantzun bila.

Dolu kolektiboari buruzko film katartikoa osatu du Suwak, Hiroshimako bonbardaketarekin paralelismoak dituena. 

Black Phone - Ekainak 24

Scott Derricksonek zuzendu du beldurrezko thriller hau, Joe Hillen kontakizun batean oinarrituta. Generoan esperientzia du, 'The Exorcism of Emily Rose' eta 'Sinister' esaterako, berak zuzendu baititu.

'Sinister' filmean egin zuen lan lehen aldiz lan zuzendariak Ethan Hawkekin. Oraingo honetan, ordea, bilaua da Hawke. 30 urteko ibilbidean lehen aldia da aktoreak gaiztoaren papera egiten duela, eta, gainera, zoragarri egiten du. The Grabber da bere pertsonaia, mutil nerabeak bahitzen dituen serieko hiltzailea.

Finney da haur protagonista, eta hiltzailearen sotoan ematen duen denbora da filmaren ardatza; bertan bizi duen esperientzia eta bertatik alde egiteko egiten dituen saiakerak. Sotoan telefono bat dago, eta hiltzeaileak ez dabilela esaten dion arren, telefonoa erantzuten duen bakoitzean aurreko biktimen ahotsak entzuten ditu. Alde egiteko aholkuak ematen dizkiote. 

 

 

Jaurlaritza Logoa