En directo

NAIZ Irratia

«Hemen planifikazio falta baten ondorioak pairatzen ari gara»

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak aurreko astean esandakoei tiraka, egoera politikoaren analisia ekarri du Naiz Irratira Nerea Kortajarena EH Bilduko legebiltzar taldeko koordinatzaileak. Neurriak berehala hartzera deitu du «aldaketa» asko ekarriko dituen etorkizunerako «prestatzeko».

Audio_placeholder

«Hemen planifikazio falta baten ondorioak pairatzen ari gara»

Loading player...
Donostiako Naiz Gunean egin gaurkotasun politikoaren errepasoa Kortajarenak.
Donostiako Naiz Gunean egin gaurkotasun politikoaren errepasoa Kortajarenak. (NAIZ Irratia)

Soka luzea ekarri dute Gotzone Sagardui EAEko Osasun sailburuak pasa den astean osasun publikoko lehen arretaz esandakoek eta horien atzean, zerbitzu publikoen «ahultze» sistematikoa dagoela nabarmendu du Nerea Kortajarena, EH Bilduk Gasteizko Parlamentuan duen talde politikoko koordinatzaileak, «hemen planifikazio falta baten ondorioak pairatzen ari gara».

Mugikortasun handiagoa eta osasun zentroen behin-behineko itxierak aipatu zituen saiburuak. Adierazpen hauek sortutako polemika ikusirik, azkar saiatu zen sailburua hitzok moldatzen, ziurtatuz kultura eredu aldaketa bati lotutako epe luzeko iragarpena zela eta ez dela murrizketarik egingo lehen arretan, kontrakoa baizik, indartuko dutela. Azalpen hauek baina, ez dituzte sinesten EH Bildun. «Uste dut sailburua aldaketa kulturalaren eufemismo horrekin oso era argian eraispen prozesu batez hitz egin zuela, murrizketez, pribatizaziorako bideak irekitzeaz. Hitz egin zuen finean, osasun gutxiago izateaz eta gure bizi baldintzak okertzeaz. Hori oso argi gelditu zen» nabarmendu du Kortajarenak.

Kritiko beraz Kortajarena Sagarduirekiko, baina bat egiten du berarekin esatean «ez dela berria» iragarritakoa, uste baitu EH Bilduko parlamentariak «murrizketen eta zerbitzu publikoen ahultzearen kultura hau» luzetik datorrela, egiturazkoa bihurtzen ari dela alegia. «Uste dut sailburuari eta duina den gobernu bati dagokiola kalitatezko osasuna bermatzea eta ez herritarrei eskatzea erresignatu daitezela eta tira, dirua badute seguru pribatu bat kontratatu dezatela», esan du Kortajarenak.

Etorkizunerako prestatzen hasi

Koalizio abertzalearen iritzia argudiatzeko, Etengabeko Arreta Gune batzuen itxiera, «ordezkatzen ez diren bajak eta erretiroak» edota sendagileen gero eta lan karga handiagoa aipatu ditu Kortajarenak. Zentzu horretan dio parlamentariak «aldaketa» askoko etorkizun bati begira «prestatzeko» aukerak galdu direla; «bagenekin mediku falta izango zela eta ez da neurri bat bera ere hartu hori zuzentzeko. Kontrara, lehen arretako baldintzak prekarizatu egin dira». Gogora ekarri du Kortajarenak, EH Bilduk osasun sistema indartzeko proposamen bat eraman zuela 2021ean Eusko Legebiltzarrera eta Lakuako Gobernua osatzen duten EAJk eta PSEk baztertu zutela.

Hala ere, eta «formula magikorik» ez dagoela gogora ekarriz, eztabaida antzuak alde batera utzi eta etorkizuneko erronkei elkarlanaren bitartez erantzutera deitu du Kortajarenak, osasun arloan bezala, baita bizikidetza edota demografia arloetan ere. Iruditzen zaio elkarlan horretarako oinarri sendo bat, EAEko hezkuntza lege berriarena izan daitekeela, legebiltzarreko alderdi nagusiek babestu dutena.

Jaurlaritza Logoa