En directo

Sara Iriarte
Entrevista
Hondarribiako saregileak

«Hau ez da lan bat aurrera ateratzeko, hau laguntza bat da etxean»

Itsasoari begira jartzeko aukera izan dugu NAIZ Irratian, izan ere, itsaso oso bat josten duten Hondarribiako zazpi emakume saregileekin hitz egiteko aukera izan dugu. 

Audio_placeholder

«Hau ez da lan bat aurrera ateratzeko, hau laguntza bat da etxean»

Loading player...
Emakume saregileak, euren ohiko lanetan
Emakume saregileak, euren ohiko lanetan

Arrantzarekiko izan dezakegun ezjakintasunetik begiratuta, zaila da sareek hainbeste metro izan ditzaketela imajinatzea. Zaila da ere hainbeste sare eta sareen korapiloetan murgilduta, nondik hasi asmatzea. Erraza da saregileen lana zein den azaltzea; zaila berriz, egitea. «Itsasontziak itsasotik hautsitako sarearekin etorriz gero, hemen sarea atera eta guk konpondu egiten dugu, beraiek berriz ere itsasora atera ahal izateko. Aberia batzuk egun batean konpondu daitezke, baina beste batzuk konpontzeko baliteke lau edo bost egun behar izatea. Horretarako, Hondarribiko saregileok bi nagusi ditugu, eta aberiak dauden kasuetan, egin beharreko lana zein den begiratzen dute lehenbizi. Ondoren, esan egiten digute zer den egin behar dena sareekin, eta gu bata bestearen atzetik jartzen gara lan hori egiten».

Hala kontatu digute mahaiaren bueltan elkartu ditugun Hondarribiako Done Pedro Kofradiako emakume saregileek. Momentu horietan, saregileek tentsio uneak bizi ohi dituzte, izan ere, «lana atera behar duzu lehenbailehen. Ahal dena egiten dugu, sarea konponduta edukitzeko arrantzaleak itsasora atera behar duen ordurako». 

«Orain bakoitza bere munduan aritzen da, aurikularrak jarrita. Guk inoiz ez dugu abestu»

Saregileengatik esan ohi da, kantari eta umoretsu aritzen direla lanean. Baina Hondarribiako saregileek ez diote gauza bera. «Ez da lehen bezala. Lehen barrez aritzen ginen, txisteak kontatzen, kontu-kontari. Aldatu da umorea, baina ez da lanagatik; guregatik da. Orain lanera etortzen gara, esertzen gara bakoitza bere lekuan, aurikularrak jarri eta bakoitza bere munduan aritzen da lanean».

Kantatzeari dagokionez, Hondarribiako saregileek ez dute inoiz abestu lanean ari diren bitartean. «Horiek dira kontu zaharrak. Guk inoiz ez dugu abestu, ez lehen eta ez orain».

Umorea aldatu den gisan, lana ere aldatu da noski. «Lehen lurrean aritzen ginen lanean, ilaran, aulki txiki batzuekin. Orain aulki hobeagoak ditugu. Lehen, sarea bustia etortzen bazen, lurrean aritzen ginen lanean eta blai eginda amaitzen genuen jarduna. Gainera, ezin da alderatu lehen erabiltzen genituen arropak eta orain ditugunak». Eta bai lana eta bai pertsonak mekanizatzen ari diren honetan, sarearen munduan ezinezkoa dirudi ideia honek. «Hemen makina bat ezin duzu sartu. Saiatu ziren baina ez zuten lortu. Hau esku lana da». 

Aipatu bezala, Hondarribian sarez eta emakumez inguratu gara, eta esan digutenez, itsasoan emakume gutxi dago. «Pasaian badago neska bat txalupa txiki bat duena, eta bi emakume joaten dira txaluparekin itsasora arrantza egitera. Baina, Euskal Herriko itsasontzi handietan ez dago emakumerik». 

Lehen, ofizio honen zailtasuna aipatu dugula, aipatuko dugu ere lan honek duen beste alde ilun bat; izan ere, «saregile gisa irabazitakoarekin bankura joaten bazara prestamo bat eskatzera, ez dizute emango. Hau ez da lan bat aurrera ateratzeko, hau da laguntza bat etxean». Horrela kontatu digute, eta horrela ezagutu dugu lan honen alderik gordinena. «Ez duzu kobratzen hilabetero berdina, ez dago soldata finkorik. Autonomoak gara, beraz, lan egiten duzunaren arabera irabazten duzu. Eta egon gaitezke hiruzpalau hilabete lanik egin gabe». Ondorioz, gazteek ez dute lan honetan hasi nahi, «lan honetan ez duzulako soldata finko bat. Lana duzu deitzen dizutenean, bestela ez duzu lanik. Alokairua edota hipoteka bat ordaindu behar baduzu, lan honekin bakarrik ezin duzu». 

«Hilabete bat burua altxatu gabe egon izan gara, ez genuen jai egunik izaten»

Gogorra beraz ofizio hau, dudarik gabe. Saregileetako batek azaldu digu bost urte daramatzala honetan, eta lanarekin izandako bere lehenengo kontaktua kontatu digu. «Duela bost urte sartu nintzen lan honetan, eta lehen urtean, ez ziren aberia asko suertatu. Baina, handik bi urte eta erdira, izugarrizko aberiak izan ziren eta lan honetan ez nuela jasango pentsatu nuen. Sentitzen nuen nire gorputzak ezin zuela hura jasan, astakeria baitzen egiten genuena».

«Guk batzuetan egiten dugu lan goizeko zortziretatik arratsaldeko zazpirak arte. Egon izan gara hilabete oso bat burua altxatu gabe.  Gainera, lehen, asteburuetan ere lan egiten genuen. Ez genuen jai egunik izaten; itsasontziak atera behar bazuen lanera etorri behar genuen». Hala ere, «oraingo sareak handiagoak dira, kalitate hobeagoko materialez eginak daude eta beraz, ez dira hain azkar hausten. Ondorioz, orain lan gutxiago dugu».

Emakume hauen gorputzek lan gogor hau jasateko duten ahalmena ez da makala. Baina, hala ere, gorputz gogorrek ere ezin dituzte ezabatu lan honek sortzen dituen sekuelak. «Denak gaude, hernia diskalarekin, artrosisarekin, artritisarekin… denok badugu zerbait. Masajistarengana joan behar dugu, gutxienez, hilabetean behin». Hau guztia gutxi balitz, saregileek jasaten dituzten gaixotasun hauek ez dituzte gaixotasun profesional gisa kontsideratzen. «Mutuara joaten bagara, bertako medikuak esaten digu hori ez dela gaixotasun profesionala, gaixotasun arrunta baizik, eta ez duela zerikusirik gure lanarekin. Baina, ni nire etxean egongo banintz, ez nituzke gaixotasun hauek izango». 

Erretiroari begira hobekuntzak

Bestalde, berri pozgarri bat jaso dute saregileek duela gutxi; izan ere, arrantza sektorean ari diren emakumeek, tartean emakumezko sare konpontzaileak, jubilazio adin ofiziala baino lau urte lehenago hartu ahal izango dute erretiroa, Madrilen onartu berri den arrantza jasangarriari buruzko lege dela eta. 

Hala ere, esan beharra dago saregileek berri honi gehitutakoa. «Diskriminazioa jasan dugu, gizonezkoei baino gutxiago eman baitigute». Gainera, «arrantzaleek lau urte itsasoan eginez gero, bost urte egingo balituzkete bezala kontatzen zaie. Guk, hamar urte lanean eginez gero, urte eta erdi  lanean arituko bagina bezala kontatzen zaigu. Ez da normala». Hori gutxi balitz, gehitu dute, «saregile lanetan aritzen diren gizonezkoek, arrantzaleen baldintza berak» dituztela kasu honetan. Aitzitik, arrantzaleek hiru hilabeteko langabezia kobratzen dute. Saregileek berriz, ez dute langabeziarik kobratzen. «Gu autonomoak garenez, ez dugu langabezia kobratzeko eskubiderik». 

Aipatu dugu emakume saregile hauen lana oso gogorra dela, baldintzak ere eskasak direla, eta honek eragiten dituen ondorio fisikoak ez direla makalak. Baina hala ere, gutxi baloratzen den ofizioa da saregileena. Dena dela, orain titulu bat atera behar da sare konpontzaile gisa jarduteko. Tituluaren kontua, Prestige kasuarekin batera etorri zen. Izan ere, gertaera honen ondorioz, portu guztiak elkartu ziren eta saregileen elkartea sortu zuten ikusgarritasuna lortzeko helburuarekin. 

Aipatutako guztiaren ondorioz, saregileen ofizioa hiltzen ari da pixkanaka, eta ez dator belaunaldi berririk. «Hondarribian, sare konpontzaileen ofizioak gehienez hamar urteko bizitza du. Patroiak erretiratzen ari dira, ez dago gazterik prest itsasontziekin itsasora ateratzeko. Hemen ez bada zerbait egiten, hau hil egingo da». Gainera, «lehen ez bezala, orain ez dago laguntzarik itsasontzi bat erosteko. Beraz, gaur egungo gazte batek ezin dio diru hori bankuari eskatu». Baina, belaunaldi berriak ezin dira ofizio honetan hastera animatu soldata finkorik ez badago. 

Hala ere, aipatutako guztiaren gainetik oso ofizio polita dela nabarmentzen dute saregileek. 

Jaurlaritza Logoa