En directo
Uztailaren 21ean jakinaraziko du Parisko Dei Auzitegiak hiru hamarkada baino gehiago espetxean daramatzan preso lapurtarrak bigarrenez aurkeztu duen baldintzapeko askatasun eskaera onartzen duen. Lehen kasuan aldeko ebazpena eman zuten epaileek baina fiskalaren helegitea tarteko erabakia ez zen gauzatu. «Jarrera politiko argi bat» ikusten du Anaiz Funosasek guztiaren atzean, «Estatu mailako delibero sakon bat». Preso euskaldun zein kortsikarrei «presondegia azken eguneraino» ezarri nahi zaiela ohartarazi du eta auzitegiek ez dutela Euskal Herriko egoeraren azterketarik egin eta barneratu nahi.
Esnalek bezala, hiru hamarkada baino gehiago daramatza preso Ion Kepa Parotek ere. Datorren asterako espero da aurkeztu duen baldintzapeko askatasun eskaeraren inguruko erabakia. Fiskaltza Parot preso mantentzearen alde agertu zen, esan zuen «goizegi dela» 32 urte preso daramatzan laguna aske uzteko. Hitz horiek baieztatzen dute Funosasen esanetan euskal presoen espetxeratzea azken egunera arte luzatzeko borondatea dagoela. Esnal eta Paroti bizi osoko espetxe zigorra ezarri zietenez, galdera egin du: «Heriotzeraino egongo dira preso? Hori da mezua?». Jarrera honen atzean apustu politiko argi bat ikusten du Bake Bideako ordezkariak, «Fiskaltzak ez dio utzi nahi herri honi bide egiten».
Esnal eta Parot aske uzten ez badituzte Ipar Euskal Herria blokeatzeko deia egina dute gatazkaren ondorioen konponbidearen alde lan egiten dutenek. Hala egingo dutela berretsi du Funosasek, «uda honetan ez da posible izango deliberatuko dugun egunean bizi normala egitea». Paroten inguruko erabakiaren zain daudela azaldu du, baina argi utziz presoak espetxean mantentzen badituzte ez direla eskuak gurutzaturik geldituko: «Hemen lehentasunezko gaia da». Bide horretan, larunbat honetan Baionan egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin du. «Denbora badoa! Orain presoak! Ion, Jakes eta Unai gurekin» lelopean martxa arratsaldeko 17.00etan abiatuko da Lauga kiroldegitik.