En directo

NAIZ Irratia

«Helduleku bat eskaini nahi du Hazi Hezik, informazio kontrastatua heziketari buruz»

10 urte bete ditu Hik Hasiren Hazi Hezi aldizkariak guraso eta hezitzaileei «landutako informazioa» eskainiz. Aldizkariaren zergatia azalduz, guraso askoren «beharrak» ere azaldu ditu Naiz Irratian Ainara Gorostizu aldizkariko kideak. Igande honetan jai irekia ospatuko dute Adunan.

Audio_placeholder

«Helduleku bat eskaini nahi du Hazi Hezik, informazio kontrastatua heziketari buruz»

Loading player...
Ainara Gorostizu Hazi Hezi aldizkariko ordezkaria Naiz Gunean.
Ainara Gorostizu Hazi Hezi aldizkariko ordezkaria Naiz Gunean. (NAIZ Irratia)

Guraso zein hezitzaileen zalantzak eta beharrei erantzuteko hedabide baten beharra sumatu zuen Hik Hasi heziketa egitasmoak duela hamarkada pasatxo. Hausnarketa horretatik jaio zen Hazi Hezi aldizkaria, zeinak 10 urte bete dituen aurten. Garaiotan ez da batere erraza hedabide bat sortzea, are gutxiago bizirik mantentzea.

Baina lehen hamarkada beteta, osasuntsu da Hazi Hezi eta uste dute bertako profesionalek hasierako helburuak betetzen ari direla. «Helduleku bat eskaini nahi du Hazi Hezik, informazio kontrastatua heziketari eta garapenari buruz», adierazi du Ainara Gorostizu Hazi Heziko kideak. Izan ere, gurasotasuna gizartearen oinarritako bat bezala hartzen den arren, ez dira hainbeste guraso eta hezitzaileentzako informazio euskarriak. Eta gabezia horri profesionaltasunez erantzutea dute helburu Gorostizuk dionez, «landutako informazioa dibulgatu nahi dugu Hazi Hezin». Azken hamarkadan zaintza eta heziketa ereduan «aldaketa» esanguratsuak izan direla azaldu du aldizkariko kideak, batik bat ikuspegi feministari esker. Baina era berean, pandemiak gurasoak asko «bakartu» dituela uste du eta horrek iraganeko gabeziak loratu dituela ere.

Haur baten jaiotzak, «lurrikara» bat suposatzen duela dio Hazi Heziko kazetariak, baita galderez eta zalantzez betetako «beharrak» azaleratzen diren unea ere. «Badirudi esparru zabal horiek ezezagun bihurtzen zaizkigula ia-ia» dio Gorostizuk. Haztearena eta heztearena dira berak aipatutako bi esparru horiek. Hazierak «haurrak behar duen zaintza horri egiten dio erreferentzia» Gorostizoren arabera, «izan elikadura, izan babesa...» aldiz, heziketak «kultura bati, egiteko molde, jakintza, horri guiari lotua da». Bi oinarri horiek, Hazi Hezirenak ere badira.

Saretzearen beharra

Esan bezala, haur baten jaiotza zalantza askorekin batera dator. Hauei erantzuteko Hazi Hezik «profesionalen sare zabal bat» du atzean Gorostizuren esanetan, eta horrek noski berme behar luke izan guraso zein hezitzaileentzat. Hala ere, arreta berezia jarri diote hasieratik, «adituez gain arituei ere» alegia, familiei eta hezitzaileei. Hortaz teoriak zein errealitateak bat egiten dute aldizkari honetan. 

Sarea, taldea, herria; zaintza eta heziketa eredu kolektiboagoen alde egiten dute Gorostizuk azaldutakoaren arabera, eredu nagusia «familia nuklearretara» mugatzen ari den honetan, zaintza tribuaren ardura dela defendatzen dute Hazi Hezin. «Zaintza gurasoen ardura soil bihurtzen ari da eta ikasgelan irakasleena. Baina zaintza zerbait baldin bada, zerbait partekatuagoa da» ondorioztatu du Gorostizuk.

Ibilbide bat ospatzeko

Urratsez urrats, 10 urteko ibilbidea egin du jada Hazi Hezi aldizkariak eta urteurrenak festa handi bat merezi du; «ospatzeko gaude» dio aldizkariko kideak. Egun osoko festa antolatu dute igande honetarako (hilaren 29) Adunan. Egindako lana goraipatzeko eta ospatzeko eguna Gorostizuren esanetan, «familiekin, umeekin eta irakurleekin». Alaia Martin bertsolari oiartzuarrarekin hasiko dute eguna eta Hazi Heziko kolaboratzaile diren Alaitz Ugartek eta Nerea Mendizabalek ere hartuko dute parte. Arratsaldean Porrotx eta Marimotots pailazoek girotuko dute festa.

Balantzea egiteko unea ere izango da eta atzera begirako horretan izen bat gogoratu behar ezinbestean; Joxe Mari Auzmendirena Hik Hasiren sortzailearena. «Herrigintza hezkuntzatik egin nahi zuen eta hezkuntza herrigintzatik» nabarmendu du Ainara Gorostizuk.

 

Jaurlaritza Logoa