En directo

NAIZ Irratia

«Turismoak kolpatutako hirietan etxebizitzaren arazoa larrialdi bihurtzen da»

Donostian etxebizitzaren arazoa eta «turistifikazioa» estuki lotuta daudela adierazi dute Markel Ormazabal EH Bilduko zinegotziak eta Maria Irigoien koalizioaren Donostiako koordinatzaileak. Hilton kateak irekiko duen luxuzko hotelaz euren iritzia eskaini dute herritarrek.

Audio_placeholder

«Turismoak kolpatutako hirietan etxebizitzaren arazoa larrialdi bihurtzen da»

Loading player...
Bellas Artes eraikinaren artxibo irudia. Hilton kateak luxuzko hotel bat irekiko du bertan.
Bellas Artes eraikinaren artxibo irudia. Hilton kateak luxuzko hotel bat irekiko du bertan. (Jon URBE | FOKU)

Herritar eta eragile askorentzat agerikoa da turismoak gora egin ahala, horrekin batera gora egiten duela etxebizitzaren prezioa, izan alokairuan ala salmentan. Iritzi berekoa da Donostiako EH Bildu. «Turismoak kolpatutako hirietan etxebizitzaren arazoa larrialdi bihurtzen da» adierazi du Maria Irigoien Donostiako EH Bilduren koordinatzaileak.

Euskal Herrian oro har erraza ez den arren, Donostia, etxebizitza bat prezio duin bat lortzearen ezintasunaren paradigman bihurtu da azken urteetan. Turismoak bertakoen erosteko ala alokatzeko ahalmenari modu negatiboan eragiten diola ukaezina da Donostiako Udalean EH Bilduren zinegotzia den Markel Ormazabalek dionez, «gero eta azterketa gehiago daude frogatzen dutenak etxebizitza turistikoek eta hotelek prezioen igoerarekin duten lotura». Eta bere argudioa sendotu asmoz, datu bat eskaini du zinegotziak; «2016tik 2021era alokairuzko prezioaren batez bestekoa %3,1 igo da. Hain justu etxebizitza turistikoen ordenantza erabat malgutu den garai berean».

Luxuzko ereduaz

Turismoarena soilik ez, etxebizitzaren prezioen gorakada hirian bultzatzen ari den turismo ereduaren ondorio da, «hiriak etengabe proiektatzen duen irudia» delako Ormazabalen arabera, etxebizitzarekin «negozioa egin» daitekeen hiri batena. Arte Ederrak eraikina horren eredu da. Hamarkadak eman ditu hutsik Espainiar Estatuko lehen zinematografoa zenak eta luzaz espazio kulturala izatea eskatu den arren, Hilton kateari saldu diote, luxuzko hotel bat ireki dezan bertan. Naiz Irratiak herritarrei hotel honen inguruan galdetu diola probestuz, Ormazabalek nabarmendu, «herritarrek erabili ohi zuten» espazio hori, «luxuzko turistek erabiliko duten espazioa» izango dela orain.

Luxuak distira egiten duen arren, argi dute EH Bildun epe luzean ondorio negatiboak dituela bertako herritarrengan. «Gogoratu behar da luxua dagoen tokian kontrakoa ere badagoela. Gero eta luxu gehiago, gero eta pobrezia gehiago» ondorioztatu du Ormazabalek.

Bost neurri

Erpin askoko afera den arren, dio Irigoienek «arazoari heltzen hasteko» moduko bost neurri proposatzen dituela koalizio abertzaleak: gehiegizko prezioa mugatzea, funts putreen operazioak debekatzea, etxebizitza turistiko eta hotelen lizentziak izoztea, etxe-kaleratze oro gelditzea eta etxebizitza soziala sustatzea. Berandu baino lehen neurriak hartzera deitu du Irigoienek, Donostian ez ezik, etxebizitza larrialdiarena «Zarautzetik Miarritzera» hedatzen den fenomenoa delako dagoeneko.