En directo
«Iruñeko kartzelak zentzu itxienean interpretatzen du legea eta kezkagarria da»
Espainiako Auzitegi Nazionala ari da izaten presoen gradu progresiorako oztopo nagusia, baina Iruñeko espetxearen kasuan tratamendu batzordea bera da lehen instantzian atzera begira jarraitzen duena, «heldu leku logikorik gabe» eta «karga ideologiko handiarekin», Foro Sozialaren esanetan.
«Iruñeko kartzelak zentzu itxienean interpretatzen du legea eta kezkagarria da»
Azken urteetan Espainiako hainbat espetxetako tratamendu batzordeek presoen gradu progresioak eta kalera irteteko bideak desblokeatu dituzte, maiz Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltza eta Espetxe Zaintzarako Auzitegi Zentrala izan dira bide hori oztopatu dutenak. Iruñeko espetxearen kasuan, ordea, lehen kolpean, kartzelan bertan hartu dituzten erabakiak izan dira blokeo arrazoi. Hala uste du Foro Sozialak eta hala salatu du espetxe politikaren jarraipenerako entitate honek sortu duen behatokiak. Teresa Toda ari da jarraipen lan horretan eta Etxerako Kundan izan da.
Zer ari da gertatzen Iruñeko espetxean?
Orokorrean antzeman dugun arazo larri bat areagotu egiten da Iruñean. Behatokian konturatu gara euskal presoek oztopo serioak dituztela birgizarteratzeko ibilbidean urratsak emateko.
«Iruñeko espetxe zuzendaritza eta batzordearen jarrera oso itxia da, kartzela gogor batetik etorri direnak are egoera gogorragoa topatzen dute Iruñean»
Oztopoak oro hiru instantziatik datoz: Fiskaltzatik, Zaintza Epaitegi Zentraletik eta Lehenengo aretotik. Orokorrean, gertatzen dena da baimenak ez direla onartzen nahiz eta espetxetako tratamendu batzordeek onarpena eman. Hirugarren graduarekin berdin gertatzen da, gradu progresioan oztopo handiak daude. Iruñean, areagotu egiten da egoera hau. Iruñeko espetxe zuzendaritza eta batzordearen jarrera oso itxia da, kartzela gogor batetik etorri direnak are egoera gogorragoa topatzen dute Iruñean.
Aurrez-aurreko baimenak adibidez; Iruñean ez dituzte onartzen aurretik emandako baimenak eta prozesu osoa hasieratik abiatu behar da. Baimenak eskatzen badira, batzordetik ez dute inoiz aldeko jarrera erakusten, eta baimen horren ibilbidea Iruñean bertan mozten da. Orokortzen ari den jarrera bat da, baina Iruñeko espetxean bereziki gogorra da.
Behatokiak antolatutako mahai inguruan Juanje Soria abokatuak nabarmendu zuen Nafarroako kartzelako zuzendaritzak alde batera uzten dituela datu objektiboak, eta garrantzia gehiegi ematen diela iritzi subjektiboei. Hori hala da?
Bai. Hori oso ohikoa izaten ari da. Ez da kontuan hartzen presoaren egoera, egiten ari den ibilbidea, aurretik onartu zaizkion onurak... Hori guztia ez da kontutan hartzen. Are gehiago, egiten diren minaren onarpenaren idatziak ez dira kontuan hartzen eta argudiatzen da idatzi horiek ez direla zintzoak, atzera botatzen dituzte. Aurreiritziz betetako jarrerak dira, iraganean gotortutakoak.
Egoera betikotzeko nahia dago, beraz?
Espero dezagun ezetz. Halako egoera zehatzak azaleratzean eta gure txostenak lantzean beti baduzu esperantza zerbait aldatuko dela. Adibidez, Kordobako espetxeari buruzko txostena egin genuen bere garaian, isolamenduari buruzkoa, eta bere eragina izan zuen.
Egia da hor badaudela faktore batzuk kontrola ezinak direnak; Auzitegi Nazionaleko epaileen jarrera, adibidez. Epaile horiek aldatu arte zaila da aldaketa bat. Baina esperantza beti izan behar da eta badira adibide batzuk. Tinko jarraitzen badugu eta hasitako bideetan urratsak eman, gauzak lortuko ditugu.
Deigarria da, orain artean, kartzela guztietan jarrera berbera zen. Baina orain EAEn ikusi da espetxetan tratamendu batzordeetan jarrera irekiagoa dagoela. Baina Iruñean ez dago eskuduntzarik eta oztopoak kartzelan bertan hasten dira...
Bai, horregatik Foru Sozialaren Behatokitik antolatu genuen mahai inguru horretan, Libertad Frances eta Amaia Izko abokatuek aipatu zuten garrantzitsua dela Nafarroak espetxe eskumena izatea, konpententzia izanda beste irizpide batzuk jarraitu ahal direlako.
«Legea bete behar da bai, baina espetxe bakoitzak arauen inguruko interpretazioa egin dezake. Iruñeko espetxeak, zentzu itxienean interpretatzen du legea»
EAEn gauza batzuk aldatzen ari dira eta egoera hobea da. Kontuan hartu behar da, eta mahai inguruan ere aipatu zen, espetxeak ez daudela behartuak Espainiako Espetxeetako Idazkaritza Nagusia jarraitzera. Esan nahi dut lerro nagusi batzuk badaudela, baina ez dago zuzendaritza zorrotz bat. Beste era batera esanda, legea bete behar da bai, baina espetxe bakoitzak arauen inguruko interpretazioa egin dezake. Iruñeko espetxeak, zentzu itxienean interpretatzen du legea. Beste espetxeetan ez da hori gertatzen, jarrera irekiagoa da. Periferiako espetxe batzuetan beste jarrera bat dago. Iruñean, elkartzen dira jarrera pertsonalak gehi legediak ematen dien aukera jendea estutu ahal izateko.
Aspaldiko garaiak datoz gogora...
Egia da inoiz ez dela izan oso aurrerakoia Iruñeko zuzendaritza, baina jarrera okertu egin da makro espetxea ireki zenetik, 2012tik. Makro espetxe horiek segurtasun handikoak dira, eta horrela aplikatzen ditu legeak hango zuzendaritzak. Horren aurrean zer egin? Ba suposatzen dut barruan daudenei pazientzia eskatu behar zaiela eta tinko jarraitzeko esan. Hori da modu bakarra, egunez egun, agerian uzteko zeinen jarrera itxia duen Iruñeko Zuzendaritzak.
Transferentziak aipatu dituzu. Nafarroak espetxe eskumena lortu bitartean, alde handia egongo da EAEko eta Nafarroako kartzelen artean?
Bai. Datu objektibo bat da hori. Beste espetxe batzuetan, adibidez, Zueran, horrelako arazoak ematen dira, baina egoerak ez dira hain gogorrak. Han esaten dute presoak ‘behin-behinean’ daudela eta orduan ez zaie aukerarik ematen lanak edo ikastaroak egiteko. Hango juntak erabakitzen baitu presoa ‘behin behinean’ dagoela hor, laster mugituko dela beste presondegi batera, eta hori ez da oso lagungarria. Alegia, nola trasladoaren zain dauden, espetxeak baimenak moztu egiten ditu.
Nola ulertu daiteke orduan kartzela batean baimen bat lortuta gero Iruñera iritsi eta baimen hori ukatzea?
Ba helduleku ideologikoa du horrek. Zure baimenak dituzu eta beste espetxe batera iritsi eta esaten dizute egin duzun bide osoa hutsetik hasi behar duzula berriz. Ez da kontuan hartzen pertsona bakoitzaren egoera eta zirkustantzia zehatzak. Lehen aipatu dudan bezala, aurrez-aurrekoak baimenduak bazenituen, zergatik hasi orain zerotik baimen hori kudeatzen? Adibidez, esan ahal dizute egin duzun idatzia ez dagoela idatzita beraiek nahi bezala... horrelako gauzak irakurri ditugu Espainiako Auzitegiko auto batzuetan...
«Badakite Auzitegi Nazionalaren jarrera euren erabakien aldekoa izango dela. Ez du heldu leku logikorik, karga ideologiko handia baizik. Madrilen dagoen lobbyaren presioa eta mendeku gosea nabariak dira»
Barkatu insistentzia. Tratamendu batzorde batek horrelako erabaki bat hartzen badu...zalantzan jartzen du aurreko batzorde baten erabakia?
Bai, egia da, inkongruentea da. Baina badaude irizpide orokor batzuk eta araudi batzuk orokorrak direnak eta legeak markatzen dituenak, baina gero interpretazio libre bat daukatenak. Gainera, Iruñeko zuzendaritzaren kasuan, beraiek badakite Espainiako Auzitegi Nazionalaren jarrera aldekoa izango dela, eta badakite babes bat badutela. Zuk esan bezala, logika galtzen da askotan.
Zergatik jartzen zaizkizu orain beste baldintza batzuk? Ba hori gertatzen da Iruñean. Baimen arruntetarako, hirugarren gradurako eskatzen diren baldintzak eskatzen dira, eta horrek ez luke horrela izan behar. Hirugarren gradua hirugarren gradua da, eta baimenak izateko baldintzak oso ongi daude arautuak. Beraz, momentu honetan egoera kezkagarria da Iruñean. Ez du heldu leku logikorik, karga ideologiko handia baizik. Madrilen dagoen lobbyaren presioa eta mendeku gosea nabariak dira.
Horren aurrean zer?
Horren aurrean pazientzia. Ikusten dugu momentu honetan hori dela bidea. Horrela iritsi da Atristainen sententzia. Insistentzia, pertseberantzia...eta azkenean zerbait lortzen da. Behatokiaren asmo inportante bat hori da, iritzi publikoan eragitea, iritzi juridikoetan taldeak osatzea eta beste jarrera bat sortzea nolabait instantzia politikoetara iristeko. Transmititu behar da konponbide bat dagoela, eta konponbidea araututa dagoela espetxe legedi arruntean, eta hori aplikatu behar dela inolako kontra presiorik gabe, den bezala.