En directo

Ainara Rodriguez-Amaia Zurutuza

LGTBI kolektiboa kezkatuta, eraso fisikoak areagotzen ari direlako

LGTBIfobiaren aurkako egunean, Ikusgune Behatokiko koordinatzaile Amets Martinez de Hereditak positiboki baloratu du kolektibo honek «ahalduntze prozesuan» aurrera jarraitzea baina kezka agertu du gorroto diskurtsoetatik haratago, eraso fisikoak ugaritzen ari direlako.

Audio_placeholder

LGTBI kolektiboa kezkatuta, eraso fisikoak areagotzen ari direlako

Loading player...
Transfobiaren aurkako aldarria, Gasteizen, LGTBI Harrotasunaren egunean .
Transfobiaren aurkako aldarria, Gasteizen, LGTBI Harrotasunaren egunean . (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Ikusgune LGTBIfobiaren aurkako Gasteizko Behatokiak kolektibo honen aurkako 27 eraso erregistratu zituen iaz Araban. Hamar eraso fisikoak izan ziren, gorroto-diskurtsoarekin lotutakoak hamaika eta beste sei diskriminazio egoerekin lotutakoak. Iaz erregistraturiko eraso kopurua 2020ekoa baino % 68 altuagoa izan zen, eta 2017an baino % 170 altuagoa.

LGTBI kolektiboa «handia eta zabala» dela gogoratu du Ikusguneko koordinatzaile Amets Martinez de Hereditak Naiz Irratian eta transexualak, eta hauen baitan, emakumeak direla «zaurgarrienak». Araban iaz erregistraturiko 27 erasoen artean, 13 trans kolektiboaren aurkakoak izan ziren.

Martinez de Hereditak aitortu du datuak ez direla «onak» baina positiboki baloratu du datuak izate hutsa, «garrantzitsua da, orain arte ez genuen daturik eta azken urteetan Gasteizen egiten ari garen lanari esker gure herrialdean dagoen fobiaren zertzelada batzuk ditugu». Horrekin batera, beste elementu baikor bat kolektiboaren ahalduntzea da. «LGTBI kolektiboak ahalduntze prozesuan segitzen du, erasoei aurre egiten die, erasoak salatzen ditu, batzuetan komisaldegian eta bestetan elkarte batengana joz».

Iaz erregistraturiko erasoak 2020ean baino %68 gehiago izateak ez du erakusten Martinez de Hereditaren esanetan erasoak ugaritu egin direnik, baizik eta kolektibo honen ahalduntzeak «datu gehiago jasotzea» ahabidetzen duela. Zentzu honetan, ohartarazi du datorren urteko datua ziurrik altuagoa izango dela baina «ez du zertan berri txar bat izan behar, gertatzen ari denaren inguruan zerbait dakigu eta hori berri ona da».

Edonola, kolektiboa gero eta ikusgarriagoa izateak erasoak areagotu ditzakeela ere uste du, «erasotzaileentzat errazagoa da norbait erasotzea». Gorroto diskurtsoak ere gakoa dira erasoen ugaritzean eta egon badaudela dio Ikusguneko kideak, lekua dutela gainera kalean eta hainbat hedabide nahiz instituzioetan. Zentzu honetan, kezkatuta mintzatu da orain arte gorroto diskurtsoak izan direlako eraso ohikoenak baina pauso bat haratago, «eraso fisikoak» areagotzen ari direlako.

«Borroka zabaldu egin da»

Egoeraren inguruko irakurketan beste elementu positibo bat nabarmendu du Ikusguneko koordinatzaileak. Gogoratu du iaz Gasteizko ikastola batean duela hainbat hilabete LGTBI kolektiboaren aurkako margoketak egin zituztenean hiriburuko «hezkuntza komunitate guztiak» erantzun ziola erasoari. «Elkarretaratzeak egin zituzten eskoletako ateetan, nik uste dut honek erakusten duela LGTBIfobiaren aurkako borroka zabaldu egin dela herritarren artean», dio, gaineratuz kolektibo honek «errealitate gordina» bizi duen arren erantzuten duten herritarrak «asko» direla eta horrek pertsona hauen errealitatea «seguroagoa» bihurtzen duela.

Kritika hedabideei

Hainbat hedabideren jarrera ere kritikatu du, kolektibo honen aurkako indarkeria «espektakulu» bihurtu nahi izatea egotziz. «Bat-batean LGTBIfobiak lekua du orain arte izan ez duen komunikabide batzutan baina espektakulu bihurtzen dute, biktimen etxeetara joanez nahiz gure bizitzak eta harremantzeko moduak ezbaian jarriz, batzutan baita estigmatizatuz ere».

Arduraz jokatzeko eskatu die hedabideei, kolektibo honen aurkako indarkeria «giza eskubideen ikuspegitik tratatzea, egiturazkoa dela ahaztu gabe» eta kasuak ez indibidualizatzea, «irakurketa kolektiboa» egitea baizik.

Jaurlaritza Logoa