En directo

Lander Unzueta

‘One Last Breath’ bideojoko nafarrean lurra eta natura salbatzeari ekin beharko diogu

Eneko Zubiaurre Moonatic Studios-eko garatzaileak aurten estreinatuko duten lehen tituluari buruzko xehetasun guztiak eskaini dizkigu.

Audio_placeholder

‘One Last Breath’ bideojoko nafarrean lurra eta natura salbatzeari ekin beharko diogu

Loading player...
One Last Breath bideo-joko nafarraren irudia
One Last Breath bideo-joko nafarraren irudia (One Last Breath)

Kontsoletan zein PC-an argitaratuko den lehen bideojoko nafarra estreinatuko da 2022an: One Last Breath. Natura zaintzea eta babestea aldarrikatuko duen obra honetan Gaia izakiaren kontrola hartuko dugu. Bere helburua: hiltzeko dagoen munduan zehar bizitza zabaltzea.

Moonatic Studios ari da titulua garatzen, eta azken saioan bertako kide den Eneko Zubiaurre sortzailea izan dugu. Gurekin batera esatari lanetan ibiltzeaz gain, prestatzen ari diren jokoari buruz hitz egin dugu berarekin. Umetatik bideojokozalea izanik, bere ametsetako bat betetzea lortu du garatzaile gazteak: Limbo eta Inside oinarritzat hartuta proiektu propioa burutzea. Talde hasiberri batek egindako lan independente txikia izan arren, sekulako itxura dauka ´One Last Breath´-ek.

Moonaticekoen lanaz gain, euskal garatzaileei buruzko berri gehiago izan ditugu; izan ere, estudio berri baten sorkuntza ikusi dugu. Basajaun Games Bilbon sortutako bideojokogile taldea da: hainbat proiektu dituzte esku artean, eta lehenengoari buruz mintzatu gara gure saioan: euskaratze lana izango da.

Ez da, ordea, saioan aipatu dugun itzulpen bakarra. Game Erauntsiatik euskaratutako bideojoko guztiak biltzen saiatzen gara; hala eta guzti ere, baten batek ihes egin izan digu sarea arakatzerakoan. Hori izan da, hain zuzen ere, ´Mario Kart Wii´ arrakastatsuaren lokalizazioaren kasua: zale talde bat arduratu da 37 milioi baino gehiago saldu dituen obra hau euskaratzeaz.

Aste santuko oporretatik itzulita, lantzeko albiste mordoa izan dugu, nola ez. Hainbat izan dira argitaratze data ofiziala jaso duten jokoak, esate baterako; are garrantzitsuagoa da, baina, Xbox-ek egindako iragarpena: Bethesda-rekin batera ekainean aurkezpen handia egingo dutela baieztatu dute. ´Starfield´, ´Avowed´, ´Redfall´ eta gehiago ikustea espero dugu E3 azokako zuzenekoa ordezkatzera datorren ekimen honetan.

Nintendozaleak izanik, enpresa japoniarraren zurrumurruei eta urteurrenei buruz ere aritu gara. Alde batetik, Switch kontsola hibridoak Game Boy eta Game Boy Advance eramangarri ezagunetako bideojokoak jasoko dituela filtratu da sarean. Bestetik, Kirby bola arrosa maiteak 30. urteurrena ospatu du; Fox McCloud-en Star Fox 64-ko taldeak, 25 urte bete dituzte.


Jaurlaritza Logoa