En directo

Naiz Irratia

«Gazteok badugu zer eginik euskararen politizazioan»

Gazte Euskaltzaleon Sareak «borrokara» batu nahi du belaunaldi oso bat. Urte eta erdiko prozesu eratzaile baten ondoren aurkeztu berri duten sareko Jabi Arriaga, Oier Errementeria eta Malen Frantsesenak azaldu dizkigute egitasmo honen ingurukoak.

Audio_placeholder

«Gazteok badugu zer eginik euskararen politizazioan»

Loading player...
Gazte Euskaltzaleon Sarearen aurkezpena, Tolosan.
Gazte Euskaltzaleon Sarearen aurkezpena, Tolosan. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Ez dute amets makala Gazte Euskaltzaleon Sarean bildu diren lagunek. Euskal Herri euskalduna dute amets eta hori lortzeko mahukak bildu eta lanari ekin diote. Unibertsitateetako euskararen aldeko borroketan eta gazte mugimenduetan ibiltzen diren euskaltzaleak batu dira pasa den apirilaren 9an aurkeztu zen ekimenean. Bertako hiru kide,  Jabi Arriaga, Oier Errementeria eta Malen Frantsesena Naiz Irratian izan dira egoeraren inguruan egiten duten irakurketa eta aurrera bagira dituzten erronkak plazaratzeko.

Badakite erronka itzela dela baina Euskal Herri euskalduna lortzea dute helburu, «hori da gure saiakera, espero dugu lortzea». Gaur gaurkoz ez da errealitate bat, euren herrietan, Bilbo, Sopela nahiz Oiartzunen bizi duten egoerak erakusten duen moduan. «Bilbok jende askok ez daki euskara edo ez du gustuko eta oso zaila da euskaraz bizitzea», dio Arriagak. Erreneteria Sopelakoa da eta baieztatu du Uribe Kostan ez bazara «oso burugogorra» oso zaila dela euskaraz bizitzea. Oiartzun herri euskalduntzat kontsideratu daiteke baina Frantsesenak ohartarazi du erabilerari dagokionean «beherakada handia» egon dela, «batez ere gaztetxoenen artean».

Azken urteetan euskalgintza «desaktibatu» egin dela uste dute eta euskararen aurkako erasoen aurrean «erantzunak artikulatzeko zailtasun nabarmenak» daudela. Erasoei lotuta, azken aldian euskararen aurka izan diren erabaki judizial nahiz politikoak «euskarafobiak» eragin dituela uste dute.

Gazteak herri honen etorkizuna direla kontuan hartuz, euskararen normalizazioan ekarpen garrantzitsua egin dezaketela uste dute hiru lagunek. Borrokara batu nahi dituzte hain justu Euskal Herri osoko gazteak eta bide gorretan mobilizazioa deitu dute maiatzaren 21ean Donostian. Bertaratzeko deia egin dute, «euskaraz imaginatzen baduzu zure etorkizuna, etorri».

Jaurlaritza Logoa